Ez zait jendea gustatzen

Ez zait jendea gustatzen –

Aritz Galarragak Argia aldizkarian.

Ez zait jendea gustatzen

Horrela, oro har. Kolektibo gisa. Salbuespenekin, noski. Badira jasangarri diren gizabanakoak, are maite ditudan gutxi batzuk ere. Izango da agian nahasmenduren bat. Kontua da nahiago izaten dudala etxean geratu, adibidez sofan, kanpoalde gordinera atera baino. Batzuetan, baiki, ateratzen naiz, atera behar izaten dut, besterik ez bada mortu kolorea ken dakidan. Eta horrelakoetan banku batera joan ohi naiz, liburutegi publiko eta aldi berean pribatu ere baden banku bat.

Ondo. Nire bizitza zergatik kontatzen dizuedan: bada, banku horretara joan nintzen azken aldian oso fuerte flipatu nuelako. Nahi gabe, akaso liburuak ez ninduelako katigatu, engantxatu egin nintzen jendearen solasaldietara. Adibidez, bizikletaz pasa zen bikote bati zera harrapatu nion: “Zakil batek zakil usaina du, alu batek alu usaina duen bezala” –tautologia zer den azaltzeko balio lezake?-. Beste bikote bat, zoritxarrez, luzeago geratu zitzaidan ondoan. Azkenaldiko gorabehera mediku guztiak errepasatu zituen batek. Diagnosia bakarrik aipatuko dizuet, xehetasunak aurrezteko: uzki urraketa. Geroxeago, tipo batek ez dakit noren semeari infartu bat eman ziola jakinarazi zigun -bai, ordurako niri ere bai-. Eta semeari eman ziola izan zen hor kezkagarriena, halako gauzak gurasoari ematea dagokiolako, lege naturalak hala aginduta. Zorionez hizketakideak argitu zuen ez zela infartu bat izan. Lasaitu nintzen.

Hala ere, eguneko solas guztietan durduzagarriena: aurrez aurre bi gizon, egunonak eman eta batek galdetzen dio besteari: “Ez duzu beldurrik?”. Horrela, boteprontoan, batere baselinarik gabe. Bestearen aurpegia ez nuen ikusi nahi izan, baina irudikatu nuen, galderari zer erantzun zion entzunda: “Zeri?”. Nik ere beldur ezezagun bat sentitu nuen, handia, inoiz ez bezalakoa. Eta ez, ez zait jendea gustatzen. Horrela, oro har. Domaia da, ze zutabe onak idatziko nituzkeen bestela.

Ez zait jendea gustatzen

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude