Ez ordenadore, ez ordeñadora

Ez ordenadore, ez ordeñadora –

“Badira ardiak ekarri eta pabiloi batean sartzen dituztenak… Ardiek kanpoan behar dute!”

Joxe Migel Odriozola (Aia, 1962) eta bere anaia Joxe Luisek lehen postua eskuratu zuten iaz ospatu zen Ordiziako gazta txapelketan. Arotza zen orduan Joxe Migel, baina ardiak inoiz ez zaizkio arrotzak izan Agerreburu baserriko semeari. Iaztik hona zurgintza albo batera utzi du gaztagintza beso bete hartzeko: “biak erdipurdi egin baino, hobe bat ondo egitea!”. Bere amaierako erantzunak, nahitaez, Anjel Mari Peñagarikanoren bertso batzuk dakartza gogora.


Ez ordenadore, ez ordeñadora
Joxe Luis eta Joxe Migel (Arg: Karkara.eus)

Agerre Burun beti izan zarete gaztagileak?

Ez, duela 35 urte inguru hasiko ginen. Gure ama bai, txikitan jardun zen gaztak egiten, eta gainera bagenituen ardi gutxi batzuk. Izan zen urte bat esnea jetzi eta gure amak esan zuela: “ni gazta egindakoa naiz ba. Esnea lapikora sartu eta ekonomika gainean jarri”. Froga egin, eta horrela hasi ginen.

Bageneukan osaba bat Aralar inguruan ibiltzen zena artzain, eta haren gaztak guk saltzen genituen hemen inguruan. Aiako jende asko etortzen zen gure baserrira gazta bila. Oroitzen naiz osaba hil zenean jende piloa pasa zela berak egindako gaztak erosteko. Ordutik aurrera amak dedikazio handiagoa jarri zion gaztak egiteari.

Ordizian lehen postua lortu izanak bizitza aldatu al dizue?

Ez pentsa. Burrunbada premioa irabazi eta hurrengo bizpahiru hilabetetan izaten da. Geneuzkan gazta zaharren bila asko etorri ziren, baina berriak egiten hasi ginenean betiko bezeroak geratu dira, gehienbat. Gainera, Aia inguruan konpetentzia handia dago, jende asko jarduten da gaztak egiten.

Niri pertsonalki ere aldatu dit bizitza zer edo zer, lehen arotza izateaz gain ardiekin ere banenbilelako bueltaka, eta orain jada, iazko abendutik hona, ez dut arotz bezala lan egiten. Orain belaunak hobeto dauzkat! Joxe Luis gehiago ibiltzen da gaztak egiten, eta ni ardiekin.

Nola aukeratzen duzue txapelketetara ze gazta eraman?

Anai eta biok elkartzen gara, gaztak probatu eta onena zein izan daitekeen gure artean diskutitzeko. Guk sariketa baino bi aste lehenago jarri genituen gaztak keatzen. Ordiziara joan baino bizpahiru egun lehenago juntatu eta erabaki bat hartu genuen. Normalena keatutakoa eramatea da, baina beti gerta daiteke gazta ezberdinak probatu, konbentzitu ez, eta azkenean txuri bat eramatea. Eta probatzerakoan ura eta ez, nik nahiago dut ardoa! Gazta ardoarekin!

Aurten estatu espainiar mailako “Gourmet Quesos” txapelketa ere irabazi duzue.

Bai, Madrilera joan, premioa jaso, estatuko gazta onena 101 gazta artean hautatu… Baina Ordizikoarekin konparatuta horrek ez dauka beste munduko oihartzunik. Egia da hemen inguruan jende dezente ibiltzen dela nekazal turismoetan, eta kartela ikusten dutenean begira geratzen direla. Kanpoko jendearentzat bai, badu pisua, baina hemengoentzat batere ez. Ordizia beste gauza bat da.

Nola ikusten duzue sektorearen egoera?

Jendea zahartzen ari da. Sartzen diren gazte batzuk sekulako sasoiarekin hasten dira, eta gero, lehenago edo beranduago, badirudi indarra amaitzen zaiela. Badira ardiak ekarri eta pabiloi batean sartzen dituztenak: pentsua eman eta begiratu, pentsua eman eta begiratu… Ardiek kanpoan behar dute! Guk beti ateratzen ditugu larrera. Gureak iaz lau egun egon ziren barruan, elurra zegoelako. Gainontzean, kalera! Horrela, nahiz eta posible den esne gutxiago ematea, kalitate hobea izango du.

Baina beno, ikusten da badela jende gaztea gogotsu, eta badut itxaropena eutsiko diotela.

Zure emaila emango didazu, badaezpada?

Hemen ez dago ez ordenadorerik, ez ordeñadorerik! Mobil gorri bat, berde bat, eta arre caballo!!!


Artzain bati baino gehiago entzun diot “ordenadore-ordeñadora” hitz-jokua, Anjel Mari Peñagarikanok aspaldi botatakoa Lizartza bertso saio batean, 1991n; asko gustatzen zaizkidan bertsoak dira. Honakoa izan zen Xabino San Sebastianek Peñari botatako gaia: “ordenagailu honi Ñ hizkia kendu diote” 

Doinua: Lehio ertzetik entzun dezaket

Eztabaidatzen behar izan dute
ez dakit zenbat denbora,
Ñ hizkia kendu delako
idazle asko aztora,
N gaineko txotxa kentzeko
zeinek hartu du aizkora?
Bagoaz ez dakit nora,
behar bada ez inora, (BIS)
Begoña izena duten neskatxek
Ñ nola ez añora?
Ordeñadora nintzan ni lehen
ta orain ordenadora. (BIS)

 

Ñ kentzeak sortu dezake
hemen egundoko drama,
lehen amonak moño batekin,
orain danak mono bana,
lehen Muruak buru bikana,
ta orain berriz bi-kana,
bertsolaria da Pena,
ta baita ere Egana. (BIS)
Guardazibilak ta poliziak
sarritan “viva Espana”;
“zer kristo”, eta “zer cono” ere
ez dago gaizki esana! (BIS)

Audioa

Ez ordenadore, ez ordeñadora
Ez ordenadore, ez ordeñadora  Ez ordenadore, ez ordeñadora

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “Ez ordenadore, ez ordeñadora”-ri buruz

  • Ardiak kalera? Kalekumeen oihartzuna dut antzematen, Beñat. Bordatik larrera, kanpora…ez dakit ba.
    Benetan, gogorra eta arrotza egin zait