Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin: EH-Palestina eguna Zestoan

Herenegun Martxoaren 30ean Palestinaren aldeko ‘Lurraren eguna’ ospatu eta aldarrikatu genuen munduko herritar solidario askok. Egun hori BDS mugimenduak aldarrikatzen du nazioarteko boikot egun bezala eta horren harira Euskal Herrian EH Palestina sareak bultzatuta ‘ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin’ kanpainari ekin genion.

Izan ere, zenbait jostailu dendetan ‘made in israel’ jostailuak badaude eta oso hedatuta daude euskal etxe, haur-eskola edota gizarte-etxeetan. Haurrak oso gai sensiblea dira edozein gizartetan eta euskal haurren eta gurasoen balore solidarioetan eragin behar dugulakoan gaude. Jostailu bat ez dadila herri baten zapalkuntzaren tresna izan.

Egunotan hainbat herritan jostailu denda horietara jo dugu (Imaginarium, Toys ‘R’ Us eta Afede) eta gutun bat helarazi diegu bertako langileei (azpian irakurgai duzue) argazki guztiak jaso ez baditugu ere hona Gasteiz, Donostia, Irun eta Eibarkoak. Donostia eta Gasteizko Imaginairumeko langileek azaldu dute joastailuak Madrildik erosten direla eta gutuna helaraziko dietela). Askapenatik maiz aldarrikatu bezala elkartasunaren txanponaren alde batean era honetako ekintzak badaude ere, beste aldean palestinarrekin harremanak eta elkartasun zubiak eraikitzea dago, horregatik lerro hauetatik gonbitea luzatzen dizuegu ere bihar denok Zestoara joan gaitezen!

argazkiak etab. iksuteko: www.askapena.org

 

Gutuna hemen:

Agian, ez dituzue ezagutuko, azken 60 urteetan, Israelek palestinar herriaren aurka egindako Nazioarteko Zuzenbidearen zein giza eskubideen urraketa larriak. Kasua hori izan daitekeelakoan, urraketa horiek modu laburrean azalduko ditugu.

Estatu juduak etengabe urratzen du Nazioarteko Zuzenbidea: ez ditu betetzen NBEren 50 ebazpen baino gehiago, ezta Genevako Laugarren Hitzarmena ere. Giza eskubide asko urratzen ditu; besteak beste, etxebizitzak eraisten ditu, kulturgune palestinarrak ixten ditu, 18 urtetik beherakoak espetxeratzen ditu, hilketa selektiboak egiten ditu, kolonia juduak eraikitzen ditu lurralde okupatuetan, etab.

Lurraldearen arabera, apartheid sistema israeldarrak formatu ezberdina hartzen du:Israelen bizi diren 1,2 milioi palestinarrei molde guztietako neurri baztertzaileak aplikatzen dizkiete: sozialak, hezkuntza arlokoak, osasun arlokoak, administratiboak, legalak, laboralak, etab.

Jerusalemen bizi diren 200.000 pasa palestinarrei mota guztietako politika baztertzaileak aplikatzen dizkiete euren lurretatik botatzeko helburuarekin, non bertako iraunkor gisa bakarrik aitortzen baitituzte.

Zisjordanian bizi diren 2,6 milioi palestinarrak leku batzuetan 9 metroko garaierara iristen den harresi batean giltzaperatzen ari dira. Ondorioz, palestinarren lurraldea zatitzen ari dira, eta ghettoetan sartzen dituzte, mugitzeko aukerarik gabe.Israelek blokeo ilegal bat aplikatzen die Gazako Zerrendan bizi diren 1,5 milioi palestinarrei, mugako igarobide oro itxiz eta oinarrizko baliabideak sartzea oztopatuz (irina, esnea, arkatzak, etab.). Hori dela eta, miseria eta itxialdi baldintza ankerretan bizitzera behartuta daude palestinarrak.

Nazioarteko diasporan errefuxiatu gisa bizi diren ia 6 milioi palestinarrei jatorrizko euren lurretara (gaur egun Israelenak dira) itzultzea eragozten diete, NBEren 194. ebazpenak itzultzeko eskubidea aitortzen badie ere.

 

Jostailuak funtsezkoak dira haurren hezkuntzarako. Harremanetarako eta jolaserako tresna nagusietako bat dira. Jostailuak aukeratzeko orduan, garapen kognitibo eta emozionalarekin loturiko irizpideak hartzen dira kontuan, baita balioekin lotutakoak ere; beraz, inkongruentea da gerra krimenak egiten dituen estatu baten lantegietan eraikitako jostailuak saltzea —Goldstone txostenaren arabera (NBE, 2010), Israelek gerra krimenak egiten ditu—.

Israelek lurralde palestinarretan egindako ekintzek ikaragarri zaila egiten dute haurren bizitza. Haur horien jostailuak suntsitzeaz gain, horien gaineko bahitura ezartzen du Gazako Zerrenda osoan. Itxuraz hain kaltegabeko diren produktuen bidez dituen harreman komertzialak bere erregimena legitimatzeko eta Nazioarteko Zuzenbidearen zein giza eskubideen aurka etengabe egiten dituen urraketak estaltzeko erabiltzen ditu Israelek. Arrazoi horiek guztiak direla eta, jendarte zibil palestinarrak Israelen aurkako BDS (Boycott, Divestment and Sanctions; Boikota, Desinbertsioak eta Zigorrak) nazioarteko kanpaina jarri zuen martxan 2005ean, Hegoafrikako apartheid erregimenaren aurka egindako boikot eta zigor kanpaina arrakastatsua eredutzat harturik. Mundu osoko geroz eta pertsona eta erakunde gehiagoren babesarekin —tartean, Desmond Tutu eta Jewish voice for Peace —, BDS kanpainak Israel presionatzea du helburu Nazioarteko Zuzenbidea bete eta giza eskubideak errespeta ditzan. Boikota, zigorrak eta desinbertsioak presioa egiteko modu eraginkor eta ez-bortxazkoa dira, Palestinan Nazioarteko Zuzenbidearen aurka aplikatzen diren politikak aldarazteko benetako aukera sor dezaketenak, Hego Afrikako kasuak erakutsi zuen bezala. Gutun honetan azaldutako guztiagatik, bilera batetara gonbidatzen zaituztegu gai hau jorratzeko.

 

Adeitasunez, EH-Palestina Sarea

Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin: EH-Palestina eguna Zestoan

elkartasuna, internazionalismoa, Palestina

13 pentsamendu “Ez jolastu palestinarren zapalkuntzarekin: EH-Palestina eguna Zestoan”-ri buruz

  • Mapatik ezabatu nahi izan zituztenean, judutarrek basamortuan  estatu berri bat sortu, hilda zegoen  hizkuntza berpiztu eta, nahiz eta itsasora bota nahi dituzten etsaiek inguratuta egon, bizirik iraun dute.

    Eta guk, euskaldun oilobusti solidario  txepelok, eredutzat zein hartu …  eta palestinarrak. Deus eraikitzen jakin ez duten horiek, beti negar batean  eta beste herrien gupida eskatzen dabiltzan berberak. Eredu horiek hartuta gure etorkizuna argi dago! 

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-04-02 22:00

    Aaron, Israelen zure irakurketaz ez dut ezer esango, oso ondo ezagutzen baitut errealitatearen irakurketa mota hori eta ez du erantzuterik merezi. Gauzatxo bat bakarrik: elkartasuna adierazteak zer ikusteko du eredu hartzearekin? hein?

  • Aitor, zure galderari erantzunez: elkartasuna adierazteak ez du zerikusirik eredu hartzearekin. Primeran iruditzen zait Gazan egoera latz hau bizitzen ari direnei elkartasuna erakustea. (Bide batez esango dizut ez ez zaidala batere bidezkoa iruditzen Isralego Estatuaren jarrera). Horretan seguro bat gatozela.
    Nire iruzkina ez zihoan bide horretatik, hemen hain zabaldua den Hamas-filiaz ari nintzen: palestinarren sektore batek jarrera suizida bat hartu du (eta ez naiz bakarrik atentatuaz hitz egiten ari), integrismo erlijiosoa askapen nazional gisa mozorratuz, eta horrek Euskal Herrian kristoren lilura sortzen du sektore batean. Hori zure kasua ez dela ez dut zalantzarik, Aitor.

  • Amonamantangorri 2011-04-03 14:52

    Egia esan, hemen ere bolada sionista bat bizi izan genuen. Liluratuta geunden nola lortu zuten k.a. I. mendetik hilda zegoen hizkuntza bat berpiztea, bidenabar, milioika hiztun zituen yiddisha betiko hondoratzen utziz.

    Nik ez dut soilik “Israelgo estatuaren jarrera” arbuiatzen. Israel bera arbuiatzen dut, estatu gisa, proiektu nazional gisa. Lege arrazistarik gabe, Israel ez litzake Palestina izeneko herrialde bat baizik izanen.

  • Aaronentzat: Pozgarria da (zure iruzkinean agertutako hainbat iritzirekin bat egin ez arren) Euskal Herrian ia diskursto monolitiko bihurtu dena zalantzan jartzea.
    Nire ustez ez da koherentea diskurtso abertzalea defendatu, eta nazioa hebreoari (ez komunitate erlijiosoa, faborez) “Palestina historikoan” urtu dadin exijitzea. Bestelako kontua da zein mugetan, eta zein preziotan (toki aldaketak, eta beste). Gai honetan zeinahi iritzitan daude kontraesanak (lurralde partekatua, atzerritik “itzulitako” diaspora, gaur egungo palestinarretako askoren jatorria herri hebreoa izatea, Ben Gurion berak esan zuenez, eta abar), baina kontraesanetako bat, Euskal Herrian oso zabaldua dagoena: Nazio bat, estatu bat (hebreoentzat ezik).
    Ezkertiar izanda geoetrategiak txundituta dagoen asko dagoelakoan nago, alegia, Israel=inperialismoaren zubiburu ekuaziopean, palestinarren aldeko jarrera.
    Zinez pobrea, hauen azterketa.
    Eta txarrena, ez dagoela eztabaidarako tarterik. Bi konsigna eta kitto (ulergarria hein batetan Gazako sarraskia ezagutzen duen batek jarrera itxia izatea, baina Israelgo estatuaren aldeko jarrera izateak EZ DAKARRELA DERRIGOR SARRASKI EDOTA KOLONIZAZIOAREN ALDEKO JARRERA ulertzea komeniko litzateke. Sintesi egokia lortuko badugu.
    Tira, bagara hiru: Jakes Lafitte, Aaron (ezberdintasunak ezberdintasun) eta hirurok (gehi Salvador Allende, Felix Likiniano, eta azken boladan baita Fidel Castro bera ere. Baina badakizu, Kuban ez dagoela ekoizpenik esatea sakrilegioa da turista-internazionalistentzat, Raul Castrok onartzen duen arte…..en fin).

  • Juderentzat: ez dakit zehazki zein iritzerekin ez zatozen bat, baina ez nau asko kezkatzen zeren eta biok ia diskurtso ofizial bihurtu diren dogmatismo eta manikeismotik nahiko urrun , eta beraz bata bestearengatik oso hurbil, gaudela iruditzen baitzait. Agur bero bat

  • Aupa Aaron, Zerekin ez nagoen ados:

    “Deus eraikitzen jakin ez duten horiek, beti negar batean eta beste herrien gupida eskatzen dabiltzan berberak”.

    Esaldi hori xenofoboa iruditu zait, gutxienez baztertzailea eta mespetxuzkoa.

    Arabeez ari bazara, konkistatutako lurretan topatutako altxor asko baliatu zuten, eta bere forma eman zieten, erromatarrek bezala.
    Alhambra beraiek eraiki zuten, eta beste asko.

    Azken 60 urteotako “palestinar”/arabeez ari bazara, testuingurua ez dute lagun izan (jazarriak, bere “anaiek” traizionatuak, eta abar).

    Nik judutar NAZIOAREKIKO (hebreoak, hobe) dudan gertutasunaren arrazoietako bat kultur ororen defentsa eta errespetua da, hortaz, nekez defendatu nezake bere bizirauteko eskubidea, beste inorena mespretxatuta.

    Espero dut zure partetik (Palestinarren aldekoek botatzen dituzten hainbat astakerirekin bezalaxe) “hankasartze” hori gatazka dialektikoetan eman ohi diren gehiegikerien ondorio izatea.
    Ondo segi.

  • Kaixo Jude:

    “Deus eraikitzen jakin ez duten horiek, beti negar batean eta beste herrien gupida eskatzen dabiltzan berberak”

    Esaldi honek ez du inolako kutsu xenofoborik zeren gauza bera leporatzen baitiot gure herri maiteari. Eta horregatik sutan jartzen nau horrelako erreferente erratuak bilatzeak, berdin da etnia, erlijio edo kontinentea. Palestinarren egoera, neurri handi batean, beraiek behin eta berriro hartutako erabaki okerren ondorioa da.
    Herri bat eraikitzen jakin dutenengandik ikasten ez badugu gureak egin du.

  • Gabon Aaron:

    Mespretxuzko kutsua, nahiago baduzu.

    Eztabaidaren oinarrian ados garenez, ez du korapilatzea merezi; bi iruzkin, besterik ez:

    1-. Nire ustez ez da nahikoa “efizientziari” erreparatzea; hartutako bideak okerrak/inmoralak eta abar baldin badira, ez ditut nire herriarentzako nahi. Horregatik Israelengandik badago zer ikasi eta mirestua, eta baita zer deitoratua ere (zuk ere egina duzu, Gazako sarraskia kasu).

    2-. Gure herriari dagokionez, hezkuntza sare nazionala sortu du ilunpean, bertako eta kanpo jatorrikoak modu zuhurrean uztartzen asmatu du (espainol eta frantsesen tranpan erori gabe), eta hiltzear zen kultura biziberritzen asmatu du. Gure ereduari jarraiki. Ez dut uste, hartara, palestinar/arabiarrak defendatzen dituzten horiek, elkartasunetik haratago (beraiekin bat ez natorren arren), inongo eredurik kopiatzeko asmotan dabiltzanik. Eta ez pentsa, palestinar/arabeengandik ere badugu zer ikasia, batez ere, lurralde okupatuetan kolonoen hondeamakinek eraitsi nahi duten etxeari duin atxikitzen zaizkion horiengandik. Hor ere bada duintasuna.

    Bukatzeko: Israelgo estatuaren zilegitasun eta premia defendatzeak ez du zertan Israelek egiten duen ororen defentsa izan, ez eta Israelen zenbait areriorekiko mespretxuzko jarrera ere.

    Noizko, Euskal Herrian, gai honen inguruko eztabaida?

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-04-03 20:24

    Aaron, ez omen zaizu bidezkoa iruditzen Isralego Estatuaren jarrera, baina era berean idazten duzu “Mapatik ezabatu nahi izan zituztenean, judutarrek basamortuan estatu berri bat sortu, hilda zegoen hizkuntza berpiztu eta, nahiz eta itsasora bota nahi dituzten etsaiek inguratuta egon, bizirik iraun dute”. Israel eredu hartzen ari zara. Ez dakit hori den zure intentzioa, baina garbi-garbi egin duzu.

    Ongi esan duzu, Hamasek nigan ez du kristoren lilura sortzen, baina kontuz, atsegin ez ditudan gauzak ikusten dizkiot, baina baita atsegin ditudanak ere, eta argi dudana da, estrategian asmatu dezaketela ala ez, baina Israelen genozidioak eragindako Palestinarren defentsa mugimenduaren zati bat dela.

    Bestalde, zure iruzkinetako diskurtsoa manikeoa ez bada, manikeismoa zer den ez dakit, eta diskurtsoetatik ofizialenarekin (Israeldarrena) nahiko bat zatoz zure irakurketan, beraz manikeoa bai eta ofizialista ere bai, nere ikuspegitik.

  • Gauza batean arrazoi daukazu, Aitor:
    manikeismoa zer den ez dakizu.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-04-03 21:47

    Ba badaezpada ere begiratu dut “manikeismo” hitzaren esanahia zein den, eta ez nengoen oker. Baditu bi zentzu, hoietako bat “ongi hutsaren eta gaizki hutsaren artean banatutako mundu-ikuskera”. Zentzu honetan, nire ikuspegitik manikeista da idatzi duzuna. Ofizialista ere badela idatzi badut ere, egia esan hori ez dut hain garbi.

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-04-03 21:54

    Halere, Aaron, eta hau lehen ere idaztekotan egon naiz, badut sentipen bat esaten didana zure idatzietatik jasotzen/ulertzen ari naizena eta zure benetako pentsamendua ez direla berberak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude