Ez, jauna? Bai, andrea! (Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasuneko buruari erantzuna)

Ez, jauna? Bai, andrea! (Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasuneko buruari erantzuna) –

Urtarrilaren 19an Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasuneko buruak gauza antologikoak esan zituen zergen inguruan Berrian egin zioten elkarrizketan. Erantzuna behar zuen elkarrizketa hark, eta Aiala Elorrietak (@aialuski) primeran egin du. Hemen duzue Aialaren erantzuna:

Ez, jauna? Bai, andrea! (Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasuneko buruari erantzuna)«“Langileengan erortzen da zama”, esaten dute. Ez, jauna: gezurra da». Esaldi honekin abiatzen da Gipuzkoako Ogasun buruari Sozietateen gaineko zergaren jaitsieraren harira, Berria egunkarian egindako elkarrizketa. Maskulinoan “ez, jauna” dioen Larrañagari “Bai, andrea!” erantzun beharrean nago, zergen zama langileek jasaten dutelako. 2016 urteko datuei erreparatzen badiogu, emaitza eskandaluzkoa: zuzeneko zergen bitartez langile klaseak %35,5aren ekarpena egiten du, kapital errentek bilketa guztiaren %11 besterik ez. Zuzeneko zergei erreparatzen badiegu, lan errentek diru bilketan egiten duten ekarpena kapital errentek egiten duenaren hirukoitza da.

Elkarrizketa irakurri ahala, deseroso bezain dibertitua sentitu naiz. «Hemen ez daude Google eta horrelakoak; izenez eta aurpegiz ezagutzen ditugu enpresak eta enpresariak: herrikoak dira». Hemengoak badira, motibo gehiago bertako jende horren iruzur fiskala gertutik jarraitzeko. Ignacio Zubiri EHUko katedradunak EAEko iruzur fiskala urtean 3725 milioi eurotik gorakoa dela ebatzi du “Ekonomia ezkutua eta iruzur fiskala EAEn” izeneko txostenean. Diru bilketari dagokionean ardura diguna ez da enpresariak hemengoak diren ala ez. Axola diguna da ia enpresa horiek aberastasunaren zein zati partekatzen duten gizartearekin. Honetan ere, emaitza eskandaluzkoa da: errealitateak erakusten diguna da enpresen ia %80ak ez dutela zergarik ordaintzen: 2013ko datuen arabera, aitorpenen %55,2 negatiboak zirelako (hau da, galerak deklaratzen zituzten) eta sozietateen %23ak 6000 euro baino mozkin txikiagoak aitortzean, ez ziren zergak ordaintzeko gutxienekora iristen.

Larrañagak Europako Batasunari ere erreferentzia egiten dio eta bere hitzetan, «Europako batezbestekoan gaude pisuari dagokionez. Bilketa osoaren %6 da sozietate zerga». Europako Batasunarekin konparatzea ariketa egokia izan daiteke, baina honi testuingurua falta zaio. Alderatze horretan, ezinbestekoa da herrialde bakoitzaren tamaina kontuan hartzea. Hau da, sozietate zergaren pisuak alderatu behar ditugu baina herrialdeen BPG aintzat hartuz. Horrek, bestelako datuak jaurtitzen ditu: Europan Sozietate Zergaren pisua BPGaren %2,5 baldin bada (Eurostat), EAEn %1,5 da , askoz gutxiago beraz.

Funtsean, Larrañagaren hitzek ezkutatu nahi dute EAEn Europako Batasunean baino presio fiskal nabarmen baxuagoa dagoela. Presio fiskalaren kontzeptuak harremanetan jartzen du lurralde batean sortzen den aberastasun maila lurralde horretako diru-bilketarekin. 2015 urtean EAEko presio fiskala BPGaren %31,4 zela estimatzen da, maila europarra baino 7,3 puntu beherago. Azken batean EB-28rekiko distantzia horrek bistaratu egiten du, EAEn gure aberastasun mailari dagokiona baino gutxiago biltzen dugula zerga bidez, urtero 5.000 milioi euro gutxiago alegia.

5000 milioi euro urteko EBko batezbestekotik eta ongizate mailatik urruntzen gaituztenak. Eta ongizate mailaz ari garela, ederto dago Larrañagak Gini indizea aipatzea elkarrizketan. Bere aipamenak bidea irekitzen baitu gogorarazteko Gini indizeak herrialde baten barruko errenta desberdintasunak neurtzen dituela. Iruditzen zait, sozietateen zergaren murrizketa baten testuinguruan Gini indizea ahora ekartzea zinikoa dela. Izan ere, errenta desberdintasunak murriztu ahal izateko gastu soziala indartu beharra dago, hezkuntza, osasuna eta DSBE bezalako prestazioak direlako errenta desberdintasunean eragin nabarmena duten politikak. Esan diezagutela, sozietateen zergaren murrizketarekin eta EAEko aurrekontuetarako onartutako gastu-arauarekin, zein aukera geratzen den desberdintasunak murrizteko. Horretarako tarterik ez da gertatzen murrizketak aurrekontuetan eta zerga-bilketan aplikatzen direnean. Ez jauna.

Ez, jauna? Bai, andrea! (Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasuneko buruari erantzuna)
andrea! (Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ogasuneko buruari erantzuna), ez, fiskalitatea, Gipuzkoa, jabier larrañaga, jauna? Bai, ogasuna, zergak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude