Ez Gara Inoiz Arerioek Espero Bezain Fanatikoak Izanen

Jauregiko gauzak motel joaten dira –erdaraz hobeki gelditzen den esamoldea da, errima eta guzi, baina Gotzon Garateren atsotitzen bildumak dio erranera horrek ez duela euskal baliokiderik; antzeko batzuek, berriz, bai: mantso-mantso, armiarmak amarauna; Erroma ez zen egun batez egin–, eta nire etxekoak are motelago. Jauregi batean bizitzearen desabantailak, erranen luke baten batek, baina erresumak jauregia behar du nahitaez. Kontua da etxea berritzen ari garela, emeki-emeki, eta, bertzeak bertze, oihal ziratu berria behar dugula egongelako mahairako. Hain zuzen ere, horretaz ari ziren ama-semeak duela egun batzuk –ni ordenagailuan ari nintzen bitartean–, noizbait erosiko dugun oihal horren kolorea erabaki nahian hain zuzen ere; istant batez, haurrak gorria eta horia konbinatzeko aukera baloratu zuen, eta gogoeta honekin lagundu zuen bere proposamena: “Aitak Espainia gorroto badu ere, nik uste dut kolore politak direla”. Ez dakit zer iduritu zitzaidan kezkagarriagoa, ohartu gabe nonbait pasatzen ari naizen mezu politikoa, edo mezu estetikoa –erruduna naiz, aitortu behar dut, ni ere kolore deigarrien zalea bainaiz; halere, gorria eta horia mahai gaineko oihal ziratuan? Ez dakit, bada–.

Harritua nengoen semeak nitaz nolako irudia duen ikusita, baina ez da lehendabiziko aldia izan. Bertze behin, liburu bat enkargatua nuen harendako Abebooksen, espainolez (Alfred Hitchcocken Los tres investigadoresHiru ikertzaileak– bilduma zaharreko ale bat), eta noizbehinka, zirikatzeko asmoz, liburua niretako izanen zela erraten nion. Halako batean, irribarre maltzurra aurpegian, zera erantzun zidan: “Baina erdaraz dago”. Alegia, niri ez zitzaidala gustatuko. Fite, pentsatu nuen nire artean, ez dit aita deituko, taliban jauna baizik.

Ez Gara Inoiz Arerioek Espero Bezain Fanatikoak IzanenPolitikarien antzera, nire irudia goxatzeko propaganda kanpaina bat martxan paratu beharko dut, bertzenaz, batek daki noraino ailegatuko garen. Nolanahi ere, Twitterri esker, lasaiago nago dagoeneko, zenbaitek zer dioten irakurrita konturatu bainaiz fanatikoetan fanatikoena izanen banintz ere, ez nintzatekeela inoiz arerioek –edo, kasu batzuetan, etsaiek– eskatzen didaten garbitasun eta koherentzia ideologikora ailegatuko. Ezta gogor saiatuta ere.

Nafarroan aldaketa politikoa gertatu denetik, trolak –trol navarristak erran nahi baita– ugaritu egin dira 140 karaktereen sare sozialean. Lehenagotik baziren batzuk, baina, onddoek klima jakin bat behar duten bezala, muturreko zentroko trol kosmopolita horiek ere giro politiko berezia behar dute, hazi eta ugalduko badira. Halere, kopuruan goiti egin duten arren, kalitatean, nola erran, ez hainbertze. Ez dute, oro har, grazia handirik, eta, batez ere, ironiarekin dute problema handia, ez baitakite erabiltzen: jauregian luzeegi bizi izanaren bertze desabantaila bat, haizea alde duenak ez baitu ironiaren behar handirik izaten normalean.

Trol horietarik batek, Carlos Jordanek –adituendako galdera: Twitterren egiazko izenarekin dabilena, trola izan daiteke?– hau idatzi zuen joan den egunean, “Farmacia / Farmazia” jartzen zuen kartel baten harira: “#EuskaraBerria Hau da hau barregarri gelditzeko gogoa”. Nonbait, bi hitzek antz handiegia dute; egiazko euskara izateko –ezen ez “euskara berria”– euskarazkoak arrunt diferentea izan beharko luke. Euskaraz ez dakitenak dira garbizaleetan garbizaleenak, eta gu ere garbizale nahiko gintuzkete, antza. Ez da horrelako iruzkin ustez ironikoak egiten dituen bakarra, eta beharbada espezialista baten laguntza eskatu beharko lukete, ez nahitaez hizkuntzalari batena. Nik, alegia tontoa naizen honek, ulertzen badut, ez da euskara; hori bada jarrera, akaso psikologo bat beharko lukete trol horiek.

Alberto Moyano ez da trola, kazetari fin eta zorrotza baizik, eta nik gustuko izaten dut haren txioen ehuneko handi bat. Horregatik are gehiago harritu ninduen Loreak filma Oskar sarietarako hautatua izan ondotik egin zuen komentario honek: “Loreak filma Oskar bat erdiesteko lehian sartzen saiatuko da, Donostia Europako kultura hiriburua bihurtu zen bezalaxe: Espainiaren izenean” –itzulpena da, baina bertsio honek 139 karaktere ditu; beraz, kabituko litzateke txio batean–.

Espainiaren izenean: adi daitezen ortotsak eta oinazturak, has gaitezen espantuka, erauzi dezagun ilea, urra dezagun arropa. Espainiaren izenean, Jainko maitea! Bide batez: badute bertze biderik Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak? Bada zirrituren bat hor nonbait, Loreak sari horietara Euskal Herriaren izenean joan dadin? Moyanok zer erran duen ederki ulertzen da –bai baitaki argi idazten–, baina ez dakit zehazki zer ari den iradokitzen edo esondatzen –sujeritzen idaztekotan egon naiz, baina Carlos Jordan gogoan gibelat egin dut–. Espainiaren izenean bada, zuzendariek uko egin beharko lioketela AEBra joateari; edo, bertzenaz, uko egin ezean, ez direla koherente jokatzen ari? Politikoki Euskal Herrian sinesten ez dutenek eskatuta, Euskal Herriaren izenean Goenagak eta Garañok aukera ederra zakarrontzira bota beharko luketela? Espainolak izan behar dugu nahitaez –hori jartzen baitu gure nortasun agirian; nortasun agiri nazionalean, jatorrizko bertsioan–; independentzia lortzekotan, espainol guziek baimena eman beharko ligukete –hala jartzen baitu konstituzio ezin urratuzkoan–; baina uzten zaigun bide bakarra noizbait onartzen badugu –gogoz edo gogoz kontra, ez baitakit zein den bi zuzendarien jarrera, eta inporta ere ez zait sobera inporta–, orduan fariseu hutsak gara?

Ez dut Espainia gorroto, baina, momentuz, ez dut Espainiako banderarik nahi gure jauregiko egongelan –gure etxea da gure jauregia, bertzelako jauregiak alegiazkoak baitira oraingoz–. Zorioneko oihal ziratua Donibane Lohizunen erosiko dugu segur aski, baina ez, ez da lauburuz beteriko oihal horietarik izanen –apika Donibane Lohizune Frantzia dela uste duten zenbaitek nahiko luketen edota eskatuko lidaketen bezala–. Halere, semeari azaldu beharko diot gorria eta horia ez dela sobera konbinazio ona: biok kolore biziak maite ditugu, aise jarriko gara ados. Eta talibana naizela pentsatuko balu ere, trankil –barka biezadate trol garbizaleek– nago: eginahal guziak eginda ere, ez naiz sekulan arerioek markaturiko mailara ailegatuko.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Ez Gara Inoiz Arerioek Espero Bezain Fanatikoak Izanen

Espainia, euskara, nafarroa
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

2 pentsamendu “Ez Gara Inoiz Arerioek Espero Bezain Fanatikoak Izanen”-ri buruz

  • Oportunitate bat da Euskal Herria ta Euskara esistitzen direla munduan zehar zabaltzeko, gehio oraindik.
    Espainia errepresentatuko degula? Edo bagarela beste zerbait azalerazteko, ikustezinak nahi gaituzte, ta destakatzerakoan, Espainia markarekin izatera behartzen gaituzte, hori ez du erran nahi hori gertatu behar danik. “Ahalmena” irabaztea ona da ondo erbiltzen bada.
    Ta ez dut erran nahi , egileak ezer berezirik egin behar dutenik, filma ta beraiek joatearekin nahiko litzateke.
    Ta Espainia bai gorrotatzen gaituela, Estadua erran nahi dut.

  • Zuberoako eta Nafarroako ikurrak ere gorri-horiak dira, Aragoi eta Katalan herrietakoak bezala. Nabarmentzekoa da beti bi kolore horiek elkarrekin ikusterakoan burura datorkigun lehen gauza Espainia izatea. Dena dela, kolore konbinazio bezala begiak lehertzen dizkit.
    Loreak Oskarretara Espainiaren izenean doala azpimarratzeak eman dakiguken amorruari buelta eman eta euskal zinemagintzaren espazioari buruz eztabaidatu beharko genuke.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude