Ez galdetu niri nor den Ty Segall

Ty Segall – Juan G. Andres

Soinu probak ere ikusi genituen atzoko Gazteszenako ikusle zortedunok, ohiko kontzertuaren zati ikustezin hori. Berandu hasi baitzen Ty Segall-en emanaldia, Mushroom Caffeine hondarribitarren ostean. Lagun batek gomendatuta heldu nion amuari, itsu-itsuan, abesti bat bera ere entzun gabe. Gutxitan izaten dira halakoak.

Ez galdetu niri nor den Ty Segall, ez baitakit. Are gehiago, ez nuke kaletik ezagutuko bere besoko tatuaiagatik ez balitz. Eszenatokian ikusten zen aurpegi bakarra bateria jolearena zen, gainontzean ile xerloak ziren guztiak, aurpegiak estaltzen. Gora eta behera dantzan, doinu orain melodia errazdun, orain psikodelikoekin. Izerditsua.

Ty Segall bere taldearekin – Juan G. Andres

Zelako energia botatzen zuten, gitarreo intentzioz narratsekin, delaydun ahots leun eta hautsiak nahasiz. Erritmoak lepoa mugitzen zigun ikusleoi nahi gabe ere, eta abesti bukaeran kolpetik balazta. Sikuan, susto aurpegiak utziz eta azken buru kolpea inertziaz eman araziz musikarik gabe.  Gaur goizean, entzundako mila eta bat kitarra akopleekin esnatu naiz. Ikusleekin jolasten daki Segallek, eszenatokiaren hegal batean kokatuta, ia une oro perfilez. Bateria jolearen irriparreak salatutako inprobisatutako bertsioak joaz. ZZtop taldeari keinu bat eginaz edo Led Zeppelinen Stairway To Heaven bere eginaz, zaleturen bat sumintzeraino. Baina mutila irriparretsu zen. Umorez amaitu zuen funtzioa: “barren-barrenean daramagun abesti honekin bagoaz” (edo antzeko zerbait) esan, hiru akorde kolpe jo eta adio!

Esandako dena are harrigarriago egingo zaizue kontzertua berandu hastearen arrazoia, Segallen aita egun bertan hil izana dela esaten badizuet. Hala izan zen. Ez galdetu niri nor den Ty Segall, ez baitakit. Baina, atzoko gauaren ostean jakiteko sekulako irrikaz nago.

hil, kontzertua, musika
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.