Ez egin beste planik biharko

Herri Urrats

Barkatu hain gordin esatea gauzak. Ez da gure ohitura eta ez bedi bihur halako. Baina gertaera batzuk argi daude zeharo.

Egia da Seaskak akordioa lortu duela Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin, baina, benetan, hau irakurtzen ari bazara, badakigu euskalduna zarela eta ardura dizula zure hizkuntzak. Zertarako ibili horniduratan edo alferrikako hitzetan, egoera zeharo garratza baldin bada? Zezenari, adarretatik. Ala ez?

jaurlaritzaren txostenetik
jaurlaritzaren txostenetik

Euskarak atzerabide ikaragarria bizi du Iparraldean. Galbidean jarrita dago eta biziraupena bera ere ez da segurra. Halaxe adierazten dute azken azterketek.

Jaurlaritzaren azken txostenetik
Jaurlaritzaren azken txostenetik

Seguru asko, gauzak egin daitezke hobeto edo beste modu batean, aitzaki edo estakuruak badira nonahi, baina ez dago astirik. Tiki, taka, tiki, taka… dagi erlojuak etengabe, takateko bakoitzean galtzen delarik euskal hiztun bat. Edo bi. Zure beharretan da Iparraldeko euskara. Zeuk laguntzen ez badiozu, nork du hori egingo? Sarkozyk eta Frantziak ez, behintzat.

Endemas, bihar domeka da, eguraldiak eutsiko dio. Senperera bazatoz, gainera, lagunak aurkituko dituzu, Jose Bovérekin edo beste norbaitekin egingo duzu topo ibilibidean,  eta geuk Ricard bat edo nahi duzun txirrisklas, lejia edo kalimotxoa jarriko dizugu freska zaitezen. Zer besterik behar duzu?

Badakizu zertaz ari garen. Badakizu zer eta zertarakoa den Herri Urrats.

Baina zer gabiltza geu zeure planak lotsagabeki antolatzen?

Zaude lasai, aske behar duzu eta ez zaitugu guk preso hartuko. Beti utziko dizugu  etzanda lotan segitzeko aukera, izan ere, Laboak zioen bezala: kateak itsusiak baitira…

(Amaitu kantua zuk zeuk, aixkiria, geure partez).

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.