Ez duzu EH Bildu telebistan topatuko

Captura de pantalla 2015-01-04 a las 17.24.40

Oier Aranzabalek Zuzeun bertan adierazi zuen bezala, zeresan handia eman du azken euskobarometroak, Podemos EH Bilduren aurretik kokatu baitu. Aurreikuspen elektoralak puri purian daude, eta eszeptizismoa nagusi bada ere, bat baino gehiago hasi da urduritzen Pablo Iglesias buru duen alderdiaren balizko agerraldia dela-eta.

Bien bitartean, Espainia hegoaldean akats telebisibo batek ehunka familia tradizio zaleren urte berria zapuztu zuen, mahatsei dagozkien kanpaikaden unean, iragarki bat jarrita. Telebistak duen garrantziaren erakusle, Canal Surreko emisio arduradunak dimisioa eman du, non eta kargua uztea beti azken aukera den herrialdean.

La Sexta Nocheko “akatsa”

Ez da ordea telebistan ikusi dugun azken akatsa izan. Espainiar politikaren ‘hemiciclo’ berri bilakatu den La Sexta Noche saioan, Euskobarometroaren datuak eman zituzten pasa den larunbatean, baina aldaketa txiki batekin. EH Bildu ez zen agertu ere egiten, eta PSOEri eman zioten koalizio abertzaleari dagokion aurreikuspena.

Saioan bertan barkamena eskatu zuten beranduago, akatsaz ohartuta, baina sare sozialak sutuak ziren ordurako.

Telebista da bide bakarra

Hegemoniaren kontzeptua ahoz aho dabilen honetan, Podemosek argi erakutsi du telebistako tertulia eta saioetan presentzia izateak berebiziko garrantzia duela zure diskurtsoa zabaldu eta herritarrek/ikusleek alternatiba erreal gisa ikusteko.

Estrategia horri jarraiki, hamaika saiotatik igaro dira Iglesias, Monedero eta abarrak, eta bide berari ekin diote beste alderdietako ordezkari batzuek ere: Pedro Sánchez (PSOE), Tania Sánchez (IU), Borja Semper (PP)…

Baina telebistaren pisua ez da soilik agerpenetan islatzen, baita zentsuratu edo mugatzen den horretan ere. Espainian asko hitz egin da Podemosek TVEn izan duen toki eskasaz, baina gauza bera gertatzen da ERC eta bereziki EH Bildurekin, eta baita, neurri batean, EAJ eta CiUrekin ere.

Halaber, alderdi hauek ez dute apenas bozeramailerik Espainiako kate pribatuetako eztabaidetan. Beste behin, EH Bildu da kaltetuena Mediaset eta A3Mediak kudeatutako saioetan.

EITBn zer?

Gauzak horrela, badirudi EH Bildurentzat egun baleko izan daitekeen leiho bakarra EiTB dela. Bertan ere ordea, besteak beste @Probatxoa-k maiz salatu duen moduan, nabarmena da desoreka, eta eztabaidagai gehienetan ezker abertzalearen posizioaren aldekoak diren azpiordezkatuta daude. Itxuraz, hori orekatzeko modu bakarra Eusko Jaurlaritzako hauteskundeak irabaztea izango da, baina Euskobarometroari erreparatuta, eta zer esanik ez La Sextakoa aintzat hartuz gero, ez dirudi erraza izango denik.