Ez dugu ezer ikasiko

Ez dugu ezer ikasiko

Egunotan bolo-boloka dabil baimenik barik argitara agertu den bideo sexual baten afera, emakume baten eta bi gizonezkoren arteko jarduna agertzen duena, tartean Eibar futbol taldeko bi jokalari ezagutzen direlako. Bolo-boloka dabil bideoaren afera… eta bideoa bera.
.
Gaiaren harira, Asier Sarasuak “Kontua da ez dugula ezer ikasiko” izeneko artikulua idatzi du, Eibartik blogean.
.

Kontua da ez dugula ezer ikasiko

Kontua da, matxoteek ez dutela uste ezer larririk egin dutenik; arazoa “filtrazioa” izan dela.

Kontua da, borreroek “kluba, herria, zaletuak eta euren buruak” jarri dituztela kaltetuen lehenengo multzoan; eta bigarren maila batean benetako biktima izan dena.

Kontua da, sare sozialetan irakurtzen diren txaloek lotsa eta beldurra sortarazten dutela.

Ez dugu ezer ikasikoKontua da, klubarentzat garrantzizko bakarra, klubari eragindako kaltea dela. “Klubari eragindako kaltea” (sic). Klubari? Benetan?

Kontua da, Ipuruako hurrengo partiduan, jokalari horiek ez dutela txisturik jasoko. Zaletuek “babestu” egingo dituztela, “gureak” direlako, “gure koloreak” defendatzen dituztelako. Eta hori da futbola, beste guztiaren gainetik. Gogoratzen Betiseko Castrorena?

Kontua da, Eibarko gaztetxo guztiek ikusi dutela dagoeneko bideoa, eta inori ez diodala entzun hor ezer kezkagarririk egon daitekeenik.

Kontua da, gure seme-alabek futbolari horien argazkiak dituztela sakelakoan; euren follower direla sare-sozialetan; kalean ikusi eta gelditu egiten dituztela autografoak eskatzeko. Eta hemendik aurrera ere berdin jarraituko duela horrek. Gure seme-alabek ez dutela arrazoirik ikusten futbolari horienganako miresmena lausotzeko.

Kontua da, aukera ederra izan zitekeela gai honen inguruko hausnarketa egiteko Eibarko ikastetxeetan. Matxismoaz, intimitateaz, pribatutasunaz, besteen borondatea errespetatzeaz, egungo gizarteko ereduez, sare sozialen erabileraz… Etikaz. Baina, kontua da, ez dela aukera hori aprobetxatuko. Nahi bai oker banengo!

Kontua da, eskandalosoa iruditzen zaigula guztia, baina gure artean ere barreiatu ditugula irudiak, neskaren izena eta morboa.

Kontua da, aukera ederra daukagula eibartarrok (hiri guztiz eredugarri den Eibarko hiritarrok) eredu izateko. Kontua da, beldur naiz, kasu honetan ez garela eredugarri izango.

Kontua da, oraingoan ere, ez dugula ezer ikasiko.

Ez dugu ezer ikasiko Ez dugu ezer ikasiko

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ez dugu ezer ikasiko”-ri buruz

  • Eibar taldeko bi futbolarien jarrera maltzurra eta gizatxarkeri hutsezkoa izan da.
    Hori gutxi ez, eta egindako barkamen eskaera OSO OKER zuzendutakoa.
    Intimitatearen bortxakeriarengatik batere damurik ez.
    Argi geratzen da beraien kezka bakarra: diru iturria.
    Biktimari ez diote barkamenik eskatu. Hutsaren hurrengoa da beraientzat.
    Ez dute ezta aipatu ere egiten. Mespretxu, harrokeria, besterik ez.
    Publikoki jende aurrean azaltze bakarrak IRENTSI EZINEZKO ofentsa bat da.