Ez dira 25 urte alferrik pasa

Ez dira 25 urte alferrik pasa –

Mikel Iturriak Harrikadak blogean.

Miguel Ángel Blancoren hilketa gogoratzen ari gara egun hauetan.

Katixa Agirrek atzo idatzi bezala, adin hori daukagun gehienok ondo baino hobeto gogoratzen dugu non geunden Miguel Ángel Blanco hil zutenean.

Hilaren 10ean bahitu zuten. Egun horretan zer egin nuen ez dakit, baina bai gogoratzen dudala zer egin nuen uztailaren 11n eta 12an.

Gaur duela 25 urte ezkondu ziren Ricardo eta Silvia. Ostiral gau hartako gai nagusia, baina ez bakarra, Blancoren bahiketa izan zen.

Larunbatean, Irungo etxeko nire gauzak hartu eta Donostiara etorri ginen S eta biok. Beraz, bihar 25 urte beteko ditut ofizialki Donostian bizitzen.

Erdi lo geunden arratsaldean telebistaren aurrean, sofan etzanda. Ermuko zinegotzia izan zitekeen pertsona bat larriki zauriturik agertu zela Lasarten zabaldu zuten komunikabideek.

Ondoren zehaztu zuten bera zela, eta igande goizeko ordu txikitan baieztatu zuten medikuek gaztearen heriotza.

Gipuzkoa plazara hurbildu nintzen igandean edo. Ez dut oso ondo gogoratzen eguna, baina esango nuke igandea izan zela. Jendez gainezka, plazan sartu ezinik inguruko kale batean geratu nintzen, ez atzera, ez aurrera.

Espainiako giro politiko, mediatiko eta instituzionalari darion kiratsa dela eta, apenas jarraitzen dudan gaur egungo jardun politikoa. Garai batekin konparatuta, ehuneko 10a? Gutxiago agian.

Ez nekien oso ondo nolakoa izango zen asteburuan Ermuan egitekoa zen ekitaldi instituzionala, baina ez nuen hura segitzeko batere asmorik.

Hala eta guztiz ere, txoritxoaren sarean sartu nintzen igande arratsaldean eta Irungo PPko zinegotzi zentzudun baten txioak harritu ninduen, larritu ere bai.

Nolatan esan zezakeen hori? Zerbait erantzutekotan egon nintzen, baina isilik geratzea erabaki nuen. Beranduxeago esplikatu zuen edozer gauza espero zuela ETArengandik, baina ez Espainiako gobernuburuarengandik.

Ez zait beste mundukoa iruditzen Sánchezek esatea Euskadi herrialde bat dela. Ez dakit eskapada izan ote zen, edota esaldia idatzi bezala irakurri ote zuen.

Barka nazala Manriquek, baina niri bere esaldia esajerazio hutsa iruditu zitzaidan atzo. Eta gaur ere iritzi bera dut.

Carlos Hernández kazetariaren txio-haria zabaldu nuen larunbatean. Blanco hil eta hilabete batzuetara Aznar, Rajoy, Mayor Oreja eta puntako beste popularren adierazpenak jasotzen ditu kateak. Zer esaten zuten orduan, zer ari diren esaten gaur alderdian lehen lerroan daudenek.

Eskerrak euskal gizartea Espainiako klase politikoa (aspaldian ez nuen erabiltzen hitza) baino dezente normalagoa dela. Eta esango nuke gure politikari gehienak ere euskal gizartearen taupada hori ondo ulertu dutela.

Ez dira 25 urte alferrik pasa. Blanco gizajoa gogoan!

Ez dira 25 urte alferrik pasa

Ez dira 25 urte alferrik pasa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Ez dira 25 urte alferrik pasa”-ri buruz

  • Ni gehien harritzen nauena euskal gizartea esamoldea da. Ez dakit zer ote den. Manrrike hori, berak ez luke onartuko euskal izen bakar bat ere, euskal gizartekoa da? Nerau ez.