EUSTAT edo Hizkuntz Politika aldrebesa Eusko Jaurlaritzan?

EUSTAT edo Hizkuntz Politika aldrebesa Eusko Jaurlaritzan? –

“Eustaten beti egon dira bi langile mota, funtzionarioak batetik, eta hilabetetarako kontratatzen ziren inkestatzaile eta ikuskatzaileak bestetik…” dio Hizkuntza Normalizazioko zuzendariak, gure alegazioei erantzunez. Hala da, Eustaten eta Jaurlaritzan langile mota ezberdinak daude:

EUSTAT edo Hizkuntz Politika aldrebesa Eusko Jaurlaritzan?Badira lan baldintza duin eta egonkorretan lan egiten dutenak. Badira, lan baldintza duinetan baina lanpostua galtzeko arriskuarekin lan egiten dutenak, Jaurlaritzarentzat lanean aritutako urteak zenbat diren ere. Badira plantillakoak baino askoz baldintza kaxkarragoetan eta lanpostua galtzeko arrisku biziarekin Jaurlaritzak azpikontratatutako langileak.

EUSTATEKO inkestatzaile eta ikuskatzaileak daude azkenetan azken, lan baldintza penagarriak jasaten dituztenak, prekarietate gorrian, kasurik onenean pentsio urriak jasoko dituztenak, Eustat-Jaurlaritzak 28 urtez ezarri dizkien lan kontratu aldian-aldikoei eta gaizki ordainduei esker. Langile talde honek auzitara jo zuen, eta epaileak arrazoia eman zien, baina Eustatek kontratuak are gehiago zatituz erantzun zuen, beste esku batekin Jaurlaritzari lanpostu gehiago eskatzen dizkion bitartean, “lankarga gero eta handiagoari aurre egin ahal izateko”!

2010ean HERRI-KONTUEN EUSKAL EPAITEGIAK langile hauek Eustateko Langileen Zerrendan sar zitezen eskatu zuen. 2016an EUSKO LEGEBILTZARRAK berak eskatu zion Jaurlaritzari, langile hauen lanpostu guztiak jaso zitzan Lanpostu Zerrendan, lanaldi osoz eta urte osorako.

Eustatek, Eusko Legebiltzarrari ere ezikusiarena eginez, hiru proposamen aurkeztu dizkigu sindikatuoi, zein baino zein eskaxagoa, eta gainera Derrigorrezko Hizkuntz Eskakizunak ezarri dizkio lanpostu guztiei, %100, Hizkuntza Normalizatzeko Zuzendaritzaren oniritziarekin.

Nahiz eta 28 urtez HN Zuzendaritzak langile talde honi ez dion erreparatu ere egin: sekula ez zaie euskara-ezagupenik eskatu, eta lan orduetan euskara ikasi nahi zutenei ukatu egin zaie aukera. Nahiz eta Jaurlaritzak bete beharreko Derrigortasun Indizea %50ekoa baino ez den. Nahiz eta erdiak baino gutxiago diren herritarrekin harreman zuzena daukaten inkestagileak. Nahiz eta langileon bataz besteko adina 55 urtekoa den, eta baldintza duinetan kontratatuta egon balira, hizkuntz eskakizunak egiaztatzetik libre egongo liratekeen 45 urteak egin geroztik!

Neurri bidegabe eta ez ohiko honen bitartez, langabeziaren atarian jarri ditu Eustatek.
Badirudi, Jaurlaritzak hainbat langile kaleratzeko aitzakia gisa euskara erabili nahi duela. Neurri horrekin ez du zerbitzuaren hizkuntza normalizazioa bultzatzen, eta agerian uzten du bere hizkuntza politikaren noraeza; bidegabea eta antzua gainera kasu honetan.

Lanpostu horien kudeaketa egoki batek, dagoeneko gertatzen ari diren jubilazioak aintzat hartuko dituenak, zerbitzuaren euskalduntzea ahalbidetuko luke urte gutxiren buruan, inor kaleratzeko inongo beharrik gabe. Hizkuntzarekiko bat bateko “ardura” honek talka egiten du Eustaten ohiko jardunarekin bestalde, Jaurlaritzan euskararen normalizazioari arreta gutxien jarri dion sailetako bat baita Eustat. Eta talka egiten du Jaurlaritzak beste batzuetan erakusten duen jokabidearekin. Jaurlaritzak askoz malguago jokatzen du, euskararen ezagutzarik eskatzen ez duen maila handiagoko beste lanpostu batzuekin edota Lanpoltsa jakinekin.

Adibidez, jaurlaritzako arduradun politikoei ez zaizkie derrigorrezko hizkuntza eskakizunak ezartzen, beren menpeko langileokiko, herritarrekiko, eta beste erakunde batzuekiko harremana oso ohikoa eta erabakigarria den arren. Jaurlaritzak neurri ezberdinak ezartzen ditu, eta zorrotzago jokatzen du langile-talde ahulenekin eta orain arte antolatu gabeekin (gauzak aldatzen hasi dira).

Urte luzeotan eragindako anabasa konpondu ordez, kalean jarri nahi ditu lehendik ere ondo zukutu dituen langile hauek, EMAKUMEAK gehienak.

Martxoaren 8ko greba feministarekin hain “ulerbera” agertu zen Jaurlaritzak, etxetik hasi beharko luke emakumeen prekarietateari eta diskriminazioari azkena ematen.

Eusko Jaurlaritzako ELA
EUSTAT edo Hizkuntz Politika aldrebesa EUSTAT edo Hizkuntz Politika aldrebesa
JJ Agirre

Euskara teknikaria eta abar

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude