Euskoldunak

Euskoldunak

Arraza berria da, euskal instituzio eta enpresa publikoen harira sortutakoa. Oso maiz euskararen mesede edo aitzakitan egindako langintzetan, gainera. Euskoldun deitu diet, baina izan zitezkeen euscooldun ere,  oskol eta cool hitz biekin eginez jolas apur bat.

Jende ustez oso preparatua da eta boterearen geruzetan ondo baino hobeto dakiena egiten igeri. Beti ikusiko dituzu goian, urazalean, hondoratzea ez baitago euren geneetan: agintzen duenak agindu, eurak beti daude goi mailako erabakiak hartzen diren guneetan. Denbora dute, gainera, ia gehienetan ez baitute izaten seme-alabarik eta bidaiatzea, gorputza zaintzea eta erosketa finenak egitea partekatzen dute euren bikotekideekin. Esan bezala, oso cool baitira, izan. Gaur Londresen, bihar Danimarkan eta etzi Italiako herrixka batean, ardo edo ozpin fin baten aitzakian… New Yorkera jada ez dira joaten, horra mundu guztia joaten baita gaurko egunean.

Ez dira argazkietan oso agertu zale, horretarako nahiago dituzte euren gainetik dauden agintari politikoak, bai baitakite hauei baietz, hauei asko gustatzen zaiela paperetan eta edonon agertzea. Diskrezioa dute arau edo, hobeto esan, bidelagun. Behar beharrezkoa bada, agertuko dira, baina aukeran, nahiago Bartlebyren ukoa. Banitatearen eremua eurak baino mundutarragoentzako moduko kontuak dira, eurei ardura dien bakarra kontrola da eta. Arrakasta profesionala gauza intimoa da, batez ere, jendaurrekoa baino, eta prest dira horretarako deabruarekin Faustorena egiteko, egin behar bada.

Eta kontrola badiot, ez naiz ari une bateko kontrolaz, ez. Uneorokoa da behar duten ahalmena, egiten dutena egin, erratzen direnean ere, inori konturik eman gabe behin eta berriz eurek nahi dutena egiteko aukera, horixe baita egiazko boterea, eurak ez besteko guztiak kolokan jartzea, noraeza eragiten duten bakoitzean, denen bizimodua hankaz gora jarri arren, eurek hurrengo katastrofea eragiteko eskumena edukitzea.

Alferrik joango zara hartu behar duten erabakia okerrekoa dela esanez, eta ibiltzeko argi piztu dezaketen kaltearekin. Are okerrago joango zaizkizu gauzak baldin eta eragindako azken desastrearen ondoren kontu eske bazoaz: automatikoki bilakatuko zara etsai eta hilda egongo zara profesionalki betiko, esan bezala, eurek beti segituko baitute hor, zure gainean, beste nonbait langintza hobe bat agertzen ez zaien bitartean.

Zapataria - EuskoldunakEuskaldunak dira izan, edo, hobeto esan, euskaraz badakite lanpostuak horretara derrigortzen zuen eta, baina euren arteko komunikazio guztiak, nola idatzizkoak, aurrez aurrekoak edo telefono bidezkoak, beti izaten dira gaztelaniaz salbuespen batekin: agintari politikoa eukaltzalea bada, euskaraz izaten dira hura tarteko dela egiten diren bilera apurrak. Baina nagusiaren euskaltzaletasunaren ordain-sari hori ere euskalgintzarekiko mezprezu orokorrean doa: ez dute euskarazko hedabiderik ukitu ere egiten, ez dute euskarazko produkturik kontsumitzen, ez dute euskararen jendea ezagutzen… Euskal munduaren kontu hori guztia, alboan eraman beharreko zama bat da, agintariaren euskaltzaletasunarena bezala.

Euskara eta euskal kulturarena ez da kontu existentziala, baizik eta profesionala. C’est comme ça.

Eta hala, euskoldun hauek agintzen dute euskaldunontzako egiten diren eskaintza, programa eta politiketan, bai behintzat azkeneko dozena urteetan. Kasurik onenean simulakroa da guretzako prestatzen dutena eta gehienetan delitua, gauzak argi esanda, baina lasai, denon begibistan gure hizkuntza eta kultura pikutara daroatela ikusi arren, euren erabakiekin behin eta berriro kale egiten dutela egiaztatu arren etsipen artean, aitzinatu eta indartu behar zuten guztia hondoratu eta itotzen duten bitartean, hortxe segiko dute eurek urazalaren gainean, nolaz eta zapatariak dakien egoten urmaelean.

Euskoldunak

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Euskoldunak”-ri buruz

  • Itu-ituan!

  • Hori bai, kolore guztietako euskoldunak daude. Tokian tokiko boteredunen arrimura.

  • Aupa, Hasier. Ikusten denez, indarberriturik eta luma ondo zorrozturik itzuli zara “bestaldetik”. Segi ondo!

  • Esan daiteke ozenago baina ez argiago!!!

    Biba zu Hasier!!

  • NIre uste apalean beraz, zertarako hizkuntza politika instituzionalak? Kargu politikoak eskatzen diolako egiten diren hizkuntza politikak zer eragin izan dezakete hizkuntzaren mesedetan egiten dituztenek sinesten ez badute egiten duten horretaz? (Hemen Juan Inazio Hartsuagak idatzi batetan zioen bezala, “euskararen proxenetak”)
    Euskarak hiritarren eskutan eta ahotan egon behar dik itxura danez. Ezin diagu eguna joan eta eguna etorri hileta jotzen aritu, errua “politika eta politikei”botaz. Norbera duk egiten duenaren jabe. Norberak aukeratzen dik erabiltzen duen hizkuntza.
    Proaktibotasuna aktibatu behar delakoan nagok .Denok gaituk gure erabakien jabe.
    Egiten duten lanean sinesten ez duten politikariak, doazela antzarrak perratzera!

  • Peru Dulantz 2016-08-17 07:58

    Ingurura begiratu, eta horrelakoren bat ezagutzen dudala esan nezake (ez dira horrelakoak, inola ere ez, “euskararen funtzionario” gehienak), baina ez nago ados politikariak hain erraz errugabetzearekin. Politikariek erabakitzen dute zein den herri honetan hizkuntza-politika, eta funtzionarioek horiek aplikatu besterik ez dute egiten.