Euskarazko maila nahikoa ez duten milaka ikasleri titulua oparituko die Jaurlaritzak

Euskarazko maila nahikoa ez duten milaka ikasleri titulua oparituko die Jaurlaritzak –

oparia

Premisekin hasita, lehena: B eta D ereduko ikasle asko ez dira modu egokian euskaraz idazteko gai, eta oraindik gutxiago hitz egiteko. Zer dela eta oparitu ba euskarazko tituluak?

Euskara da hizkuntza gutxitua, hizkuntza ez normalizatua. Isabel Zelaak azaldutakoaren arabera, ordea, orain arteko sistema “bidegabea da gaztelaniazko titulua eskatzen ez delako”. Ahaztu egin zaio antza Hego Euskal Herrian espainiera jakitera legez behartuta gaudela. Eta, jakina, legezkotasun hori goitik behera betetzeko ez da zirrikiturik irekita uzten, Hernanin gertatukoa adibide.

Hasierako premisari segiz, egia biribila da ikasketen erdia euskaraz egin izanak ez duela inondik inora hizkuntza menperatzen duzula esan nahi. Era berean, egia ere bada EGA lortzen ez duten askok primeran egiten dutela euskaraz, eta lortzen duten batzuk eskas samar. Baina, neurria jarri egin behar da eta ez da munduan azterketa linguistikorik ebaluazio bikainik egingo duenik.

Zelaak ez al du euskararen fikziozko normalitate baten gainean hartu tituluak oparitzeko erabakia?

Nik baietz esango nuke. Euskaraz ikasi dutenei titulua eskatzea bidegabea eta denbora galtzea izan daiteke batzutan, ados. Baina, bidegabekeria handiagoa deritzot ez dakitenei ematea. Izan ere, lehen aukera hori zuzendu egin daiteke froga bat gaindituz, bigarrena, ostera, denei alfonbra gorria jartzea da, opari bat. Bien arteko oreka aurkitzea zilegi da, baina B ereduan ikasi duenak  ez du inondik inora administrazioan herritarrekin euskaraz hartu emana izatea bermatzen (gune erdaldunetan batik bat). Errealitatea da hori.

Espainian, Errusian edo Frantzian inork ez du jarriko herritarren aurrean bertako hizkuntzan trakets, mugatu eta oker aritzen den langile bat. Euskara beherapenetan al da ba?

Egoera diglosikoan ez bageundu neurri egokia litzateke hau, jakina. Baina, ez da hala, zoritxarrez. Eta, badirudi euskara ikasi eta erabiltzeko motibazioa sustatu baino fokua beste nonbaiten jartzen dela.  Bitartean, Osakidetzan euskarak balio gutxiago du. Horregatik da etxea teilatutik hastea, euskal herritarrok euskara jakiteko zutabeak ez daudelako eraikita, daudenean, orduan merezita oparituko ditugu tituluak. Eta, onenean, ez dugu tituluen izenik jakin ere egingo.

Euskarazko maila nahikoa ez duten milaka ikasleri titulua oparituko die Jaurlaritzak
euskara

12 pentsamendu “Euskarazko maila nahikoa ez duten milaka ikasleri titulua oparituko die Jaurlaritzak”-ri buruz

  • Artikulu hau irakurtzean, pare bat lagunekin oroitu naiz, euskaldun zaharrak eta EGA atera ezinik, eta egia da ez dela ez normala, ezta bidezkoa ere. Hala ere, aldi berean, nirekin ikastolan ibili zirenekin ere oroitu naiz, euskaraz elkarrizketa sinpleena ere izateko gai ez direnak, eta oroitu naiz ere Gasteizen Euskal Filologia ikasten zebilen eta ergatiboa erabiltzen ez zekien neskarekin. Bigarren kasu horiek dira nik gehien ikusi ditudanak, eta horiei EGA oparitzea azterketa egin eta gainditu duen honi amorrua ematen dio. Eta bide batez, Zelaa andreari galdera bat: azterketa gainditu dugun gainerakoei, itzultzaile profesional garenoi, zuzentzaileei, euskara irakasleei, etab. zer emango digute? HABE 4 musutruk?

  • Minutu batez pentsa ezazue zenbat diru aurreztuko duen horrela Eusko Jaularitzak:
    1.-euskaltegietan askoz talde gutxiago, beraz irakasle gutxiago behar izango dira, eta HABEtik datozen aldaketak hortik doaz, ikasle edo taldeen kopuruaren araberarako irakasleren soldatak banatuko baititu erakundeak.
    2.-IVAPek antolatzen dituen deialdietan aztertzaile gutxiago = Baliabide gutxiago behar dira.
    3.-Funtzionarioa gutxiagok eskatuko dute liberazioa euskara ikasteko. Horrek eragina zuzena du berriz ere euskaltegietan.
    Eta gezur gutxiago EAJaren aldetik mesedez. Eurek ere bazuten mahai gainean horrelako plan bat Jaurlaritzatik irten baino lehen.
    Zein da, beraz, euskaltegien etorkizuna?
    etorkinen taldeak, eta bestelako “rara avis” bakar batuzk.Ez ala?

  • Ni ikastola batean ikasi nuen eta gaur egun aditz batzuk erabiltzea kosta egiten zait, gero adibidez “Kerman mintzalagun bila” ikusterakoan konturatzen naiz arau asko ahaztu zaizkidala.

    Eta ni bezala, ikastolara joan ziren beste hainbat gazte.
    Guzti hau eskualde erdaldun batean.

    Beraz, uste dut titulu hauek ematea txarto dagoela.

  • Lotsagarria!
    Ea Patxi Lopezen agintaldia bizkor pasatzen den…

  • Xabier Eskisabel
    Xabier Eskisabel 2011-10-05 00:20

    Matrikulatzeko erabakia hainbat urteetan atzeratu eta atzeratu ondoren, 2004-05 ikasturtean Beasaingo Udal euskaltegian izena eman eta 2005. urteko 1go. deialdi librean EGA azterketa gainditzea lortu nuen. Lortu bai, bainan majo kostata: Astero irailetik martxora arte eta astelehenetik ostegunera bina ordu euskaltegian ta astebukaeretan esaldiak berridazten ta testuak idazten “jotafuego”.

    Bere garaian egindako lanak egin beharra zeudelako egin nituelarik, gaur da eguna non orduan egindako esfortzuaren lehenengo emaitzak orain nire buruarekin ikusten ari naizen.

    Hau dena esanda, Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia nire esfortzuarekiko iraintzat hartzen dut. Erabakia hartu eta babestu dutenentzat hau motz geratzen da: http://www.youtube.com/watch?v=n2GjEOyufNk

    • ZuZeu

      Joxe, besterik gabe iruzkinetan esteka bat eranstea spam gisa hartzen da, alegia, zabor gisa. Berdin viagra iragarkiak edo orrialde duinenak. Euskal Eskola Publikoari buruz zer edo zer idatzi nahi baduzu horretarako libre zara, baina azalpenik gabe jartzen diren estekak ezabatu egiten ditugu.

  • Ikastolan ikasinuen B ereduan, gero institutuan D eredua egin nuen, ala ere euskara menderatzeko asko gelditzen zait, zertarako oparitzea titulo hauek? Euskara ezabatzeko.Esagutzen det jendea EGArako ikasten ari direnak eta ikastolan ikasitakoak, eta asko gelditzen zaie euskeraz ondo hiztegiteko, tituloak oparitzen badituzte zertarako ikasi Euskaltegietan? Zertarako esfortzua egin? Ea gobernua hau azkar pasatzen den edo ekonomiari eta euskarari egingo dion kaltea urteak beharko dira konpontzeko.
    D eredua jarri behar zen guztientzako, txikitatik D ereduan jarri legez eta mantendu orain dauden ereduak bukatzerarte, nahi duenak edo maila duena ereduz alda dezake D eredura eta besteei euskarazko klase gehio doahin izateak.Katalunian Katalanaz egiten dute klase guztiak eta ondo doakie. bereaien unibertsitateetara baldin bazoaz Katalanaz egin behar dezu karrera, eta jendeak katalana ikasten du nahiz eta Madriletik joan.D eredua guztientzako orain.

  • Antonio Muinozubi 2011-10-05 20:35

    Eta zer EGA guztiak aldean euskaraz baraurik jarraitzen dutenekin? Erabaki horrek duen bertuterik argiena sistema biluztearena da. Irakaskuntza arautuak, euskaraz egin arren ere, ez du euskara ikasterik segurtatzen. Eta horretan EGAk ez du ezer konpontzen, baldin eta ezpada burokrazioa autonomiko-linguistikoaren zuritze lotsagabea. EGA titulua ateratzeko, eta ez euskara ikasteko, garatu den eskailera mekanikoaren eskudela. Biluzik dabilen egia hori da.
    Zer esango genuke Ingalaterran ikasketak ingelesez egin eta gero ikasleek ingelesik ez balekite? Sistema aldatu behar dela, eta ez X titulua ateratzea ala ez ateratzea. Bota harria beste leku batera. EGAk ez du arazoa konpontzen, estaltzen baino.

  • Neurri honi bi aldetatik begiratu behar zaio, nire ustez. Alde bat positiboa da; bestea, berriz, oso negatiboa.

    Alde batetik, ideia gisa, uste dut zuzena dela euskara tituluak eskola ikasketen arabera ematea, Katalunian bezala. Teorian, hizkuntzaren gaineko ezagutza erabilerarekin berdintzen du honela jokatzeak eta hori, esan gabe doa, azterketa baten bahea pasa beharra baino hobea da. Alegia, osasuntsua da hizkuntza baten ezagutza eta hizkuntzaren erabilera lotzea, naturaltzat jotzea. Jendea unibertsitate ikasketak euskaraz egitera animatuko duela ere kontuan hartzekoa da.

    Zer gertatzen da? Bada, beste alde batetik, tamalez, ez dela egia B eredutik igaro diren gehientsuenek lehen hezkuntza amaitzean B1 perfila ateratzeko lain dakitenik, ezta D ereduan ikasi duten askok eta askok B2 lortzeko bezainbeste menperatzen dutenik hizkuntza.

    Iztueta Hezkuntza sailburu ordeak argitaratu zituen datuak hor daude, eskolak ikasleak euskalduntzeko dituen zailtasunak agerian utziz (buruz ari naiz: D ereduan dabiltzanen %32 ez dira B1 perfila ateratzeko gauza. Zergatik egiten zaie ezikusiarena datuoi?

    Beraz, euskara tituluak eskola ikasketekin batera eman? aurrerapausoa litzateke, baldin eta ereduen sistema honen euskalduntzeko gaitasunaren gaineko gogoeta sakona eta diagnostikoa ere egin eta beharrezko neurriak hartuko balira. Eta arazoa hor dago, eskolak euskalduntzerako orduan dituen arazoen kontu hau ukitu ere ez dela egin, ezpada trilinguismoaren kontua sartzeko.

    Gauzak honela, erabaki ona izan zitekeenak iruzur itxura ere hartzen digu, nire ustez.

  • Zera, “Iztueta Hezkuntza sailburu ohia” esan nahi nuen.

    Interesik duenarentzat, aipatu ditudan datuak ildoko batzuk hemen aurki daitezkeela uste dut:

    http://www.isei-ivei.net/cast/pub/ED10_rdosYvariables/ED10_2ESO_resultadosYvariables.pdf

  • Gorka Azkarate

    Tituluak titulu, gure benetako problema eskolak euskalduntzeko daukan gaitasun mugatua. Gutxiagoturik dago gure hizkuntza. Ingalaterrako egoerarekin ezin konparatu, inondik inora. Katalana ere gutxiagoturik dago baina gure euskararen egoera okerragoa da. (Besteak beste, Katalunian gure D eredua besterik ez daukate).

    Ibaik gorago gogoratzen digu egindako ebaluazioen emaitzak. Labur bilduz, B ereduko ikasle gehienek (hirutik bik) eta D ereduko askok (hirutik batek) ez dute benetan lortzen aitortu nahi zaien euskara gaitasun maila. A ereduan inork ez du lortzen elebiduntzat jotzeko moduko oinarri-oinarrizkoena.

    Zer egin hori konpontzeko? Tituluak, benetan ikasle askok merezi ez dituzten tituluak, oparitzen hastea baino, estrategia hoberik asmatzen hasi beharko. Katalanek, nik uste, eredu hona eskaintzen digute. Gure hezkuntza sistematik ikasleak euskaldun (ere) ateratzeko lehen estrategia A eta B ereduak murriztea eta D ereduaren alde, lotsarik gabe, apustua egitea.

    Tituluak oparitzearena, baina, laguntzeko baino, kalterako izango dela iruditu zaigu batzuei. Lehen eskolatik euskara ikasi gabe ateratzen ziren batzuk euskaltegi eta hizkuntza eskoletara jotzen zuten bigarren aukeraren bila. Baten batek auzitara eraman zuen hezkuntza saila euskara ikastetik baztertua sentitu zelako.

    http://www.berria.info/albisteak/15206/.htm

    Tituluak oparitzearen “abantaila” nagusiena; bigarren aukera horren beharrik eza.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude