Euskaraz… kaka!

Euskaraz… kaka! –

Euskaraz... kaka!

Aurkikuntzatxo bati buruz…

Euskarazko hitz batzu aipatzen dira 1582ko gaztelerazko filosofia liburu batean: “aita“, “ama, “kaka“…

Ez dut ikusten datu hori ezaguna denik, beraz, behar bada, nolabaiteko garrantzia izan dezake ohar honek… Auskalo !

Izenburua
Dialogos de la Phantastica Philosophia, de los tres en un Compuesto, y de las Letras, y Armas, y del Honor, donde se contienen varios y apazibles subjectos” (Salamanca, 1582)

Idazlea
Francisco de Miranda Villafañe, Plasenciako katedralako txantrea, Caceres hirian hila 1589ko irailaren 19an.

Aipamenak, biak 30 “bis” orrian (ikusi) :
1) “… que son vocablos de la lengua vascongada en el cual al padre llamã ayta y a la madre ama…”

2) “… estos mismos niños quando quieren hazer evacuacion, dizen caca, que assi llaman al estiercol del hõbre.

Aipamen honen arabera “kaka” euskarazko hitza da gizakien gorotza izendatzeko.
Eta honekin frogatzen da nunbait euskara Espainiako hizkuntz zaharrena dela !!

.

Bainan ez da hemen bukatzen gauza…

Alegia, aipatutako gaztelerazko liburua (1582koa), frantsesera itzulia izan da ere bai (1587an): “Dialogues de la philosophie phantastique, des trois en un corps:& mesmement: Des lettres, des Armes, & de l’Honneur, ou sont contenus diuerses & agreables matieres.

Ohargarria da, 1587ko frantsesezko itzulpenean, “aita”, “ama” eta “kaka” hitzak aipatu aurretik “lengua vascongada” itzultzen da “langue nauarroise” moduan !! (ikusi)

.

Hau da froga zuzena Nafarroako erresumaren inguruan gatazka bizirik zegoela…

Garai hartan hiru errege zeuden:
– Filipe II.a, Espainian (1556tik)
– Henrike III.a Nafarroan (1572tik)
– Henrike III.a Frantzian (1574tik)
(1589an, Henrike III.a Nafarroakoa, Frantziako Henrike IV.a erregea bilakatuko da)

Beraz, Espainian, 1582an, “lengua vascongada” formula erabiliz, kentzen zaio euskarari estatu independiente baten (Nafarroa) hizkuntza nazionala estatusa. Horrela, alde batetik, ez da onartzen Nafarroako independentzia (Espainiak gehiena konkistatu du), eta bestaldetik, Euskaldun guztiei Espainiako sujeto kondizioa ematen zaie (“lengua vascongada“, Espainiako hizkuntza). Euskara tokiko hizkuntza moduan kontsideratzen da, ez estatu batena. Eta arkaismo moduan ikusia da nunbait.

.

Frantzian, aldiz, 1587an, “langue nauarroise” formula erabiliz, insistitzen da euskarari estatu independiente baten hizkuntza nazionala kategoria emateko.

Jarrera honekin garrantzia ematen zaio Nafarroako independentziari eta ulertarazten da nunbait Espainiako dominazioa Euskaldunen gainean ilegitimoa dela. Euskaldunen estatus legala naturala Nafarroako erresumako hiritarra izatea da!

Logika estatala jarraituz, beraz:
1) Nafarroako erresuman, Nafarroako hizkuntza
“aita”, “ama”, “kaka”

2) Espainiako erresuman, Espainiako hizkuntza
padre“, “madre“, “estiercol humano

3) Frantziako erresuman, Frantziako hizkuntza
père“, “mère“, “fiente humaine

Bainan garrantzitsuena:
Vasco” = Euskalduna menperatua
Nauarrois” = Euskalduna independientea

Gaur egun zertan gaude?
Kaka!

Euskaraz… kaka!

20 pentsamendu “Euskaraz… kaka!”-ri buruz

  • Bittor Hidalgo
    Bittor Hidalgo 2020-10-17 11:06

    Interesgarria!

  • Josu Lavin

    Oliber,
    Anhitz esquer articulu interessant honengatic. Daquiqueçunez, naffarrera (langue navarroise) deitzen deraucot neuc 1571.ean Leiçarragac eta laur lanquideec fincatu çuten lehen euscara batuari, cein baita euscara national bakarra historia ossoan.
    Hona hemen euscara-naffarrera itzulçaile automaticoa:

    naffarrera.eus

    Adeitassunez

  • Josu Lavin

    Leiçarragaren obren berreditionea salgai 20 eurotan, igorce gastuac barne:
    Escaerac eguiteco idatz hona:

    josulavin@gmail.com

    Lehen editionearen arauera.

  • Oliber Foix Agerre 2020-10-17 13:17

    Bai, interesgarria euskarari zer nolako tratua ematen zaion aldetik.
    Ikuspegi inperialista aldetik (Espainia) komeni da hizkuntza hori desprestigiatzea: ez da lotzen estatu independiente batekin (hau tokiko hizkuntza besterik ez da) eta arkaismo berezi bezala aurkezten da (gai etnografikoa da).
    Gaur egun badirudi ikuspegi hau mantentzen dugula. Aski da ikustea zein egoeran uzten dugun gure hizkuntza.

    Ikuspegi legala edo legitimoa (orduko Frantzia, oraingoa ez), “erresuma bat/hizkuntza bat”, baita ere nunbait “hizkuntza bat/erresuma bat” (erresuma, estatu moduan ulertua noski) baliagarria izan behar litzateke gaur egun… Bainan horrek hizkuntzaren “politizazioa” suposatzen du!!! Eta estatu planteamentu serio bat..

    Zoritxarrez, gustora sentitzen gara “arkaiko” (herri zaharrena) eta “berezi” (euskara zaila da!) gisan.
    Ezaugarri hauetan oinarritzen gara “gauzak hobetzeko” eta jarraitzen dugu ideirik gabe luzaz izan dugun estatalitatearen potentzialaz…

  • Josu Lavin

    Çurequin bat nathor, Oliber.
    Noizbait descubrituco da Henri Gurearen ama Joannac naffarreraz ere bacequiela, grecoz eta latinez cequien beçala.
    Leiçarragac dedicatoria francesez eta naffarreraz eguin ceraucon. Cergatic naffarreraz ere?

  • Oliber Foix Agerre 2020-10-17 14:44

    Ez dakit frogatuko den estatuburuek euskaraz zekiten ala ez… Nik uste, gaurko edozein euskal hiritar erdaldun moduan, gutxieneko ezagupena zutela (esaldiren bat, otoitza edo kantu bat…).
    Bainan garrantzitsuagoa hau da. Ari ziren “promozionatzen” euskara estatuko hizkuntza nazionala bezala. Eta horrela ulertu behar da nola ezinbestekoa zen “Testamentu Berria” euskaratzea.
    Administrazioa ez zen badaezpada hiritarren eguneroko interlokutorea, bainan bai erlijionea… Latina ordez, euskara beraz!
    Zalantzarik gabe independentzia egoeran jarraituz, administrazioaren euskaratzea goiz edo berant iritsiko zen ere bai…
    Auzoko inperialismoek errotik moztu dute dinamika hori…

  • Josu Lavin

    Çangoçan jaiorico Henri II.a, Joannaren aita, euscalduna omen cen. Nolatan ez ceraucon, bada, iracatsico alabari euscaraz minçatzen umetaric?
    Soilic inferioritate complexua leducanac pensa leçaque contracoa.

  • Oliber Foix Agerre 2020-10-17 20:31

    Ados naiz Josu.
    Euskara ez zen hizkuntz arrotza Nafarroako Gortean…
    Interesgarria da sumatzen den Foix-Labrit dinastiak daukan proiektu integrala Nafarroaren inguruan: dinastia bertakotu euskal giroan (Henrike “Zangozakoa”), bainan ere euskarari arreta berezia ematea (horregatik Etxepare, Leizarraga) eta nazioarte mailan gutxieneko presentzia segurtatzea (Rabelais adibidez eta orain aipatutako 1587ko itzulpena). Nazioarte mailako aipamenak ezin dira kasualitateak izan. Egin dira, politikoki euskal estatua zelako, eta Nafarroan interesa zelako horretarako.
    “Testamentu Berriarekin” mundu guztiak ulertzen zuen bazela Europako estatu proiektu politikoa euskal hizkuntzan oinarritua, eta ez zuela ezer ikustekorik Espainiarekin…
    Nafarroa, Euskaldun guztien estatua… Kontutan hartzekoa ezinbestean…

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-10-18 11:04

    Egun on Josu
    “Çangoçan jaiorico Henri II.a, Joannaren aita, euscalduna omen cen”
    Omen horrek erran nahi luke ote ez zarela segur?
    .” Nolatan ez ceraucon, bada, iracatsico alabari euscaraz minçatzen umetaric?”
    Nolatan galdegiten duzu? baina zenbat aldiz ez da gertatu eta orai gertatzen burasoek euskara haurrei ez transmititzea?
    Baina eni gehien dudarazten didana hau da: Joanaren biografian, haren bizitzako egonaldiei eta joan-jinei ikusia, zinez ezdakit nun nola eta norekin serio ikasi eta pratikatuko zuen euskara .
    Azkenean euskarazko dedikatoriarena argudio ahula da, Leizarragak hain segur nahiko zukeen euskal ele bakarrek ere konpreni dezaten.
    Berdin pentsa ginezake ere frantsesezkoa idatzi zuela Joanak euskara ez zakielako.
    Ohar hauen guziengatik ere erabat posible da Joanak euskara piskat jakin izana.
    Aldiz erraiten duzularik “Soilic inferioritate complexua leducanac pensa leçaque contracoa”.
    Horrelako ateraldiak ahalaz denek ekidin behar ginituzke, zeren eta mimetismoz ondorio kutsakorra baitute elkarrizketa sano baten posibilitatea itotzeraino.
    Gainera jakina da prudentziarik gabeko berrespen apologetikoak ere “inferioritate konplexu”aren seinale izan daitezkeela. joera klasikoa da kolonizatuen aldetik.
    Pasa ezazu igande on

  • Josu Lavin

    Beñat,
    omen erabili dut ceren Henri II.ari buruz daquidana idatziz heldu baitzait. Iracurri dut, adibidez, resumaren hizcunçan educatua içanen cela, iracurri dut Iruñean ikassi çuela non euscara baitzen nagussi.
    Joanna alabaren garaian ere euscara hizcunça erabiliena cen guiçarte maila guztietan, euscara lingua navarrorum baitzen, naffarrera aleguia.
    Joannac berce hizcunça batzuren artean latina eta grecoa bacequizquien. Nolatan, bada, ez çuen ikassico modu naturalean euscara ere?

  • Josu Lavin

    Neu, daquiçun beçala, cantabroa naiz jaiotzez. Hamaborz urtherequin hassi nincen euscara ikasten. Handic bi urthetara magisterioa ikassi nuen euscara hutsean. 20 urthe baino lehen euscal iracaslea nincen escola publicoetan.
    Adin horrequin iracurriac nituen Axular eta Leiçarraga, eta laphurteraz minçatzen eta idazten banequien, Federico Krutwigi dudac galdetuaz, guiro ceharo erdaldunean vici nincen arren.
    Dembora hartan Naffarroaco resuman euscara ederra ençuten cen edonon. Nola ez çuen, bada, ikassico gure Reguina honec?

  • Josu Lavin

    Azquen 45 urtheotan, orain 60 ditut, eçagutu ditudan euscaldun guehien guehienac inferioritate complexua dute euscarari denaz beçaimbatean. Leiçarraga existitu den ere ez dute jaquin.
    Naffarroa euscal statu independentea içan denic ere ez daquite.
    Hauxe da realitatea cein aldatu behar den. Ez berceric.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-10-18 18:50

    Begira ezazu gure Joanaren biografia: ama frantsesa zuen Marguerite d’Angouleme. Sortu zen Frantziako Saint Germain en Layen. Hamar urte egin orduko erregeak Gortean hartzen du bere “babespean” Henry II aitaren ganik urruntzeko. Gero 13 urtetan bortxaz ezkontarazten du Cleveseko duke frantses batekin. Lau urteren buruan, 17 urtetan beraz, lehen ezkontza hausten du eta 20 urtetan Moulins hirian ezkontzen da Antoine Bourbon beste printze frantziar batekin.
    Nola debru nahi duzu gaixo neska horrek gaztetan, lehen 20 urtetan, euskara ikas zezan, aita Henri IIk jakinik ere? Gutienez oso sinesgaitza da. Eta hobe dugu beti segurretik aritzea.
    Gero beharbada errege izan zenean ikasi ote zuen? Baina beldur naiz denbora gehiago pasatu zuen frantsesez edo gaskoiez mintzatzen zirenekin euskaraz mintzatzen zirenekin baino.
    Gero aitortzen dut ez naizela nafarroaren historialaria, begiraldi bat botatzen diot wikipediari eta ez eiki da nahikoa.
    Bistakoa da nafarroa behin independiente izan zela jakiteak inportantea dela. Baina ez dugu nafarroako dinasti frantses hoiekin beti fantasmatu behar ere. Asko gehiago beharko da gaurko konplexua kentzeko eta problemak soluzionatzeko.
    Azkenean Josu zure ibilaldi hautemangarriaren eta meritu handiaren berri banekien jadaniko.
    Adeitasunez

  • Josu Lavin

    Beñat,
    Neuc ecin dut erran cequienic.
    Logicoena da regue edo reguina batec jaquitea bere resuman vici diren guehienen hizcunça, hizcunça nationala, aleguia. Nahi ukan balu urthebethean ikasi luque, bera multilinguea celacotz. Iracasle onac ere baciren Leiçarragaren adisquideen artean.

  • Oliber Foix Agerre 2020-10-18 23:30

    Eztabaida interesgarria duzue Josu eta Beñat.
    Gehituko nuke hori bakarrik.
    Errege edo erregina euskaraz ondo edo gutti jakiteaz gain, inportantea da zein nolako garrantzi politikoa ematen dioten hizkuntza honi.
    Tronua sendotzeko baliatuko da. Koroa eta herriaren arteko harremana indartzeko gogoa ikus daiteke.
    Euskara bilakatzen da tresna baliotsua proiektu politikoa sendotzeko. Nafarroa+Bearn+Foix+Albret, Frantziatik eta Espainiatik bereizi behar den estatu berri bat da. Euskara bilakatzen da elementu baliotsua nunbait adierazteko eta erakusteko estatu hori ez dela ez Frantzia eta ez Espainia. Biarnoko hizkuntza garrantzia dauka beti, bainan independentzia sendotzeko komeni da Nafarroako hizkuntzari toki on bat ematea. “Bisibilitatea” esango genuke orain. Horrela ulertzen dut Testamentu Berria: estatu eta nazio baten afirmazioa.
    Gero Errege/Erreginaz gain, badirudi beste maila batean Agramont, Beltzuntze, edo Mehaineko jaun handiek jarrera aktiboa daukatela euskarari buruz. Euskara estatu kontzeptuaren garraiatzailea da. Horregatik, 1620an eta aurrerantzean, insistentzia Nafarroako estatuetatik hizkuntza nazionalaren alde…

  • Oliber Foix Agerre 2020-10-18 23:33

    Zuzenketa:
    Biarnoko hizkuntzak…

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-10-19 18:53

    Oliber, diozu:
    “Horrela ulertzen dut Testamentu Berria: estatu eta nazio baten afirmazioa”
    Ezdakit ian orduko errege eta erreginei ez diegun pentsarazten guk pentsa dezaten nahi ginukeena gaur.
    Ez dinastia feudal frantses horiei behintzat ez dizkiegu esleitu behar gaurko gure sentimentu abertzale/ euskalzaleak
    “Nafarroa+Bearn+Foix+Albret” osaketa horretan nafarrak ez ziren herena ere izaitera iritsiko. beraz hizkuntza bateragarri bat hautatzekotan biarnotarra edo gaskoiera, gehiengoaren hizkuntza alegia, hartu beharko zuten. Goi nafarroaren gortearaino ere ez ote zen mintzatua?
    Baina, iduritzen zait batasuna lortzeko, hiizkuntzari baino inportantzia gehiago eman beharko zioketela erligioari. Beraz, ez dezagun amets egin, euskarazko testamentu horren arrazoia izango zen euskaldunak protestantismora errazkiago konbertitzeko.
    Kontrolatu behar dut baina aditzea dut protestantek Testamentua gaskoierara edo biarnotarrera ( kasik berdinda) itzuli zutela euskarara baino lehen.
    .

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-10-19 22:46

    Barkatu ene memoriak huts egin zuen,
    https://www.museeprotestant.org/notice/le-protestantisme-en-bearn/ ( egia erraiteko ezdakit zer balio duen iturri honek)
    Honen araberan, Joanak latinetik biarnotarrez itzularazi zuena psalmo liburu bat zen bakarrik.
    Testamentu berriari zegokionez latinetik frantses bertsio batera pasatu ziren zuzenean. Biarnotarrek, euskal nafartarrek ez bezala, garai hartan frantsesa jada ulertzen ote zuten?
    Zer nahi gisaz nahikoa argiki emaiten du, boterea bezainbat Joanaren barruko motibazioa bere erreinu osoaren erligio protestanta zela ez eta erreinu horren parte baten euskalduntasuna.

  • Oliber Foix Agerre 2020-10-19 23:04

    Bai, ados naiz gaskoinera/biarnera nagusi dela “erresumaren” lurralde gehienetan. Ez dago inungo zalantzarik. Eta hizkuntza hauetan “Salmoen” itzulpenak (Biblia bera ez uste dut) egin dira noski (Garros 1565, Saleta 1583), euskal itzulpenaren “garai berean”. Ez nuke esango alde hortatik euskara lotsatu behar denik.
    Bainan lurralde multzo hura politikoki kohesionatzen da ezinbestean Nafarroaren inguruan. Nafarroak, eta lotuta daukan errege tituluak, ematen dio zentzua dinastiako independentzia proiektuari. Nafarroa gabe, beste lurraldeak “frantsesak” lirateke besterik gabe.
    Errege titulu bat markadore garrantzitsua da Europa mailan. Eta gainera “presumitzen” ahal bada hizkuntz nazional batekin askoz hobe (horregatik euskara, “langue nauarroise”). Testamentu Berria dimentsio hontan naturalki kokatu daiteke.
    Azkenean, Nafarroa eta Biarno artean, beste eskala batean, Pirineotako nolabaiteko “Bi Nazioen Errepublika” proiektu bat sumatzen da, Poloniak eta Lituaniak gauzatu bezalakoa (1569). Parean daude nunbait… Ez dago bat bestearen gainetik…
    Gainera, Nafarroaz gain, dinastiak tendentzia dauka Zuberoa (Beltzuntzetarrak Mauleko gazteluzainak) eta Lapurdi (Agramontarrak Baionan) satelizatzeko. Eta ez ditu ezkutatzen bere asmoak “hegoaldearekiko” (horregatik Espainiak modifika araziko ditu Baionako elizbarrutiaren mugak, 1568).
    Guzti horretarako ezinbestekoa da “Nafarroa” eta “euskara” baliatzea. Kasu hontan Biarnok ez du balio…
    Biarno garrantzitsua da noski bainan badu ahulezia puntu kronikoa ere bai: etengabe zalantzan jartzen da bere benetako independentzia Frantziatik.
    Erlijione gaia berehala politizatzen da eta ez dira istiluak faltako, bainan horregatik ere Nafarroako ospea handia da Europako hainbat gorteentzat. Eta bide batez badute euskararen berri.
    Uste dut gaurko abertzaletasuna gauza guzti hauetatik oso urrun geratzen dela (“estatugintza” garatugabea nunbait), eta, nere aldetik, fantasiazko iragana bilatu ordez, saiatzen dut baloratzen zer zegoen garai hartan oraingoa modu batean aberasteko…

  • Josu Lavin

    Nahiz eta neuc aspalditic erabilcen dudan naffarrera terminoa euscara nationala (naffar hizcunça nationala) icendatzeco, ceu içan çara eguitate hau demonstratu duen lehena eta bakarra. Anhitz esquer!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude