Bestetan ere euskaraz egitera deitu dute

Bestetan ere euskaraz egitera deitu dute Itsasuko plazan bildu dira udako bestak euskararekin berotzeko asmoa duten hainbat eragile. Bertan ziren Itsasuko besta komitea, Goxoki gaztetxea, EHZ festibala eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.

Euskaraz besta egin nahi dut lelopean aurkeztu du Kontseiluaren ordezkariak aurtengo egitasmoa: “Euskara besta giroan sartu nahi dugu, euskara denena dela eta denetan balia daitekeela erakusteko, euskararekin ere ongi pasako dugula adierazteko”. Herri guztietan iragaten dira bestak, eta herritar guztiek dute parte hartzen modu batean edo bestean, horregatik interesgarria iruditu zaie urratsak eman ez dituzten besta komiteei laguntza eskaintzea. Besta komiteei txosten bat helarazi diete hainbat neurri proposatuz, afitxatik, edarien prezioetara, ahozko animazioetatik pasatuz.

“Lurraldearen arabera errealitateak oso desberdinak dira” zehaztu du Laida Mugicak, “batzuk euskara hutsean ari dira eta txalotzen ditugu, beste batzuk idatzi gehiena bi eletan dute eta ahozkoa indartzea proposatzen diegu. Kasu batzuetan ere zerotik hasi behar da…”

Itsasuko besta komitearen kasuan gauzak aski aitzinatuak dituzte. Afitxak, egitaraua edo komunikazioari lotua den guztia bi hizkuntzetan da jada “Euskaldun anitz biltzen da gure herriko bestetan, eta normala iduritzen zaigu gauzak euskaraz egitea”.

Bestalde, besta komiteari ezik, bestazaleei ere indar bat egitea galdegiten zaie, hots euskaraz mintzatzea! Horretarako ere, Goxoki Gaztetxeak joan den urtetik martxan ezarri du erabileran modu ludikoan eragiteko pintzen jokoa : “Euskaldunei Euskaraz bizi nahi dut pintza janztea proposatzen diegu, honela beste pintzadunekin euskaraz mintzatzea engaiatzen dira. Aldiz frantsesera lerratzen badira, euskara dakitelarik eta hirugarren batek entzuten baditu, pote bat eskaini beharko diote azken horri!”. Bada ere bertsio bat euskara ikasten ari direnentzat, beraiek ere jakin dezaten norekin mintzatzen ahal diren euskaraz eta anima daitezen praktikatzera. “Jendea jokoan sartzen da eta arrakastatsua izaten ari da”, gehitu du Beñat Lascanok.

Azkenik, EHZ festibalak ere bere lekukotasuna eman nahi izan du, antolatzaileek besta eta euskararen arteko ezkontza ontsa erreusitu baitute. “Festibala sortu zenetik, bere ardatzetako bat euskal nortasun, kultur eta hizkuntzaren baloreztatzea da” azaldu du Eneko Etxegarai lehendakariak, eta hori festibalzaleak euskaldunak izan ala ez. Heldu direnak badakite horrela dela eta eskertzen dute. Leku ideki bat da non bakoitza bere hizkuntzan adierazten den eta ederki besta egiten duen. “Festibala ez litzateke berdina euskararik gabe”.

Denen artean Ipar Euskal Herriko besta komite guztiei, eta baita ere kultur edo kirol animazioak antolatzen dituzten elkarteei olatua hartzea, eta euskara kontutan hartzea gomitatu dituzte “bestak euskaraz bizi ditzagun”. Xehetasunak nahi badituzue, sar zaitezte Euskaraz bizi nahi dut webgunean, atal bat egitasmoari dedikatua zaio eta bertan girotzeko materiala edota lagungarri izan daitekeen txostena atxemanen duzue.

Bestetan ere euskaraz egitera deitu dute

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.