“Euskaraz bizi nahi nahi dut“ adierazteko 51 era desberdin “Hizkuntzaren keinua” liburuan

argazki-ofiziala

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak “Hizkuntzaren keinua” liburu ilustratua aurkeztu du gaur Gasteizen. Liburua Euskaraz bizi nahi dut dinamikaren baitan kokatzen da eta bertan 25 idazle eta 26 ilustratzailek parte hartu dute. Liburuan parte hartu duten idazleetako batzuk  euren lanak irakurri dituzte bertan eta zenbait ilustratzaileetako ere beren lanak azaldu dituzte. Aurkezpena Monte Hermoso jauregiko Hor dago! kafetegian egin da.

Irakurtaldia Jon Basaguren bakarlariak eskainitako kanta batekin hasi da eta segidan Kontseiluko idazkari nagusiak hartu du hitza liburu egitasmoaren helburuak azaltzeko.

Hizkuntzaren keinua liburua euskaraz bizitzeko nahiaren aldeko dinamikan kokatzen da. Izan ere, dinamika honen baitan euskaraz bizitzeko hautua harrotasunez adierazi nahi duten eragile eta herritar oro biltzea da helburua, baita idazleak ere, noski. Muga bakarra izan dute sortzaileek euren ekarpena egiteko, euskaraz bizitzeko nahiak iradokitzen diena islatzeko, Paul Bilbaok, Kontseiluko idazkari nagusiak adierazi duenez: 1.000 karaktereko luzera duen testua osatzea, alegia.

Liburua osatzen duten testuek gaia dute komun, baina hamaika estilo desberdin biltzen ditu; ipuinak, narrazioak, olerkiak, istorioak, oroitzapenak, hausnarketak… “Euskaraz bizitzea ahalbidetzen digute haien lanen bidez. Beste edozein hizkuntzatan bezala, euskaraz jarduten duten idazleei esker badugu literaturaz gozatzea, literaturaz hunkitzea”. Liburuan, hitzez bezain besteko lekua izan dute ilustrazioek. Izan ere, idazle bakoitzak sortutako testuaren osagarri, beste hogeita sei pertsonek irudi banatan adierazi dute euskaraz bizitzeko nahia.

Kontseiluko ordezkariak eskerrak eman dizkie liburuan ekarpena egin duten guztiei, hala nola, Castillo Suarezi, bidaia honetan gidari izan denari, idazle, ilustratzaile eta baita ELKAR argitaletxeari, ateak zabaltzeaz gain giza baliabide ezin hobeak jarri dituelako eta KUTXABANK fundazioari proiektua diruz laguntzeko egindako ahaleginagatik.

Liburuan parte hartu duten idazleetako batzuk euren lanak irakurri dituzte bertan (Patxi Zubizarreta, Karmele Jaio, Castillo Suarez, Iban Zaldua eta Rikardo Arregik) eta ilustratzaileetako batzuk ere beren lanak azaldu dituzte (Eider Eibar, Ainara Azpiazu, Maite Mutuberria, Eli Villar, Aitziber Akerreta, Oihana Leunda, Iosu Mitxelena). Batzuek zein besteek bertaratutakoen artetik eman dituzte beren azalpenak, zeuden mahaitik bertatik, eta horrek oso giro berezia sortu du Monte Hermoso jauregiko Hor dago! kafetegian.

Liburua Elkar dendetan eskuragarri egonen da eta Berria egunkariarekin batera ere kioskoetan lortzeko aukera izanen da.
euskara, hizkuntzaren keinua, liburua

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude