Euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko beste aukera bat: Nafarroako Foru Hauteskundeak

euskaraz bizi nahi dugula

Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak Nafarroako euskalgintzako ordezkariekin batera agerraldia egin du Iruñean. Urtebete igaro da euskararen alde Nafarroan egin den manifestaziorik jendetsuena egin zenetik. Bestalde, aste honetan bertan hauteskundeak izango ditugu; Kontseiluaren aburuz, hau beste aukera bat izango da euskaraz bizitzeko nahia agertzeko. Herritarrei bozka ematerako orduan hizkuntzaren gaia gogoan izan dezaten deialdia egin die euskalgintzak.

“2010eko maiatzaren 15ean,  milaka eta milaka lagunek Iruñeko kaleak zeharkatu genituen euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko. Nafarroan inoiz euskararen alde egin den manifestaziorik jendetsuena osatu genuen. Milaka norbanakok ?Euskaraz bizi nahi dut’ zioten txartelak  erakutsi zituzten harro bezain irmo”, esan du Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok.

“Urte bete pasa da eta herritarrok bide beretik jarraitu dugu gure hizkuntza-eskubideak aldarrikatzen eta gure egunerokotasunean euskaraz bizitzeko ahalegina egiten, baina, zoritxarrez, Gobernuak ere lehengo bidetik jarraitu du, gure hizkuntza-eskubideak sistematikoki urratzen eta euskaraz bizitzeko gure ahalegina zapuzten. Zentzu honetan, Nafarroako Gobernuak milaka eta milaka nafarren aldarriari ezikusiarena egiten pasa du beste urte bat. Baina Gobernuak hori egin duen bitartean herritarrok hemen darraigu, iaz bezain tinko, iaz bezain harro”, adierazi du Bilbaok.

euskaraz bizi nahi dugulaIgande honetan udal hauteskundeez gain Foru hauteskundeak ere izango dira eta herritarroi Nafarroako Parlamentuaren, eta ondorioz Nafarroako Gobernuaren, osaketan eragiteko aukera zabaltzen zaigula gogorarazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.

“Iaz euskaraz bizi nahi dugula aldarrikatzeko manifestazioa egin genuen bezala, oraingo honetan hauteskundeak baliatu behar ditugu geure aldarrikapena gauzatzeko”. Herritarrek egunerokoan euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten alderdi bakoitzak zer egingo duen aztertzeko unea da hau. “Gure eskubideak bermatzeko zer egingo duten kontuan hartuz bozkatzeko unea da”, gaineratu du Bilbaok.

Kontseiluak, alderdi nagusienei euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko zer egingo duten galdetu die eta beren erantzunak bideoan jaso. Bildu, CDN, Ezkerra, Nabai2011 eta PSN alderdiek aurrez aurreko elkarrizketak eskaini dizkiote Kontseiluari. UPN eta PP alderdiek, ordea, ez dute elkarrizketarik eskaini eta hainbat eskaeraren aurrean euren programak bidaltzera mugatu dira.

Bideo desberdinetan jaso du Kontseiluak elkarrizketetako edukia. Lehenak, gaur prentsaren aurrean aurkeztutakoak, alderdiek euskararen estatusaren inguruan duten iritzia jasotzen du. Bideo hauek Kontseiluaren webgunean egongo dira ikusgai.

“Alderdi hauetako bakoitzak euskaraz bizitzeko gure eskubidea bermatzeko zer egingo duen kontuan hartuz bozkatzera dei egiten dugu. Iaz kalean egin genuen aldarria, oraingoan hautestontzien bidez egingo dugu: euskaraz bizi nahi dugu”, adierazi du Bilbaok.

euskaraz bizi nahi dugula

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.