‘Euskaraz bizi’ manifestazioa Donostian

Euskaraz bizi manifestazioa Donostian

Joan den larunbat arratsean, maiatzak 17, Euskal Herrian Euskaraz-ek antolaturiko manifestazioan izan nintzen Donostian. Jende gutxi, nik espero nuenerako. Itxuraz, ezker abertzale oraindik ilegalizatuaren ingurukoa-edo batez ere.

 

Bakarrik nindoan, eta aukera izan nuen manifestazioan aurrerago eta atzerago ibiltzeko. Soziologo jarri-eta, manifestazioko gutxi gorabeherako euskara erabilera neurketa egin nuen. Erdia edo. Hori ere ez, beharbada. Eta, ez hainbeste, manifestazioan euskaraz ez zekien jendea zihoalako, halakoak ere baziren/baginen arren, betiko donostiar eta kanpotarrak. Ez. Espainolez barra-barra ari zirenak/ginenak, batez ere gazteak ginen/ziren. Ohiko moduan. Bi hitz euskaraz, ondoko ehun espainolez, graziaz beteak, nahi luketenak. Alkain, edo Korta, telebistan maiz ari diren moduan. Nola espainol gehiago sartu euskarazko saioan. Zertarako, eta orduan-eta barre eta txalo gehiago egiteko, gu entzuten gauden euskaldun kupituak. Errekazuloko Txominok.

Manifestazioaren leloetako bat, EUSKARAZ BIZI NAHI DUGU, EUSKARAZ BIZI egunean, EUSKAL HERRIAN EUSKARAZek antolatua.

Ez bide genuen ongi ulertu hasierako mihiseko EUSKALDUNA NAIZ ETA HARRO NAGO hura. Ez bide du zerikusirik hizkuntzarekin. Genetikarekin agian? Anti-sistemekin soilik?

Gora gu eta gutarrak.

Badugu zer egina euskaraz harrotu behar badugu. Eta beraz, lotsatu, gure arteko espainolez.

Pena, hau irakurriko dugunok, bakarrik gure alde honetakoak ote garena jada.

Euskaraz bizi manifestazioa 

Donostia, Euskara bizi, manifestazioa

3 pentsamendu “‘Euskaraz bizi’ manifestazioa Donostian”-ri buruz

  • Euskalduna naiz eta harrro nago, manifa Donostian 2012-3-17an, bideoak erakusten dute jende asko dagoela, ekaitza sartu zela, euritakoak…
    Manifa:
    http://youtu.be/w_y–AM5lXI

    Manifa bukaera eta hitzaldiak:
    http://youtu.be/aPtqIKRZMYg

  • Andres Lizarralde: Zuzenketa 2012-03-27 13:21

    Bittor Hidalgori:

    Oso tristea iruditzen zait artikulu hau irakurtzea. Esaten duenak egiaren zati bat erakusten duelako, baina batez ere fede txarrez idatzitako lerroak irakurtzen ditudalako. Lotsagabe halakoa…

    Ezagun zaitugu Bittor, askok ezagutzen zaitugu. Zuzenean zurekin hitzik ez egiteko zortea izan dudan arren, ez dut lortu hainbat mintegi, hitzaldi eta abarretan zure etengabeko jario errepikakorraz libratzerik. Ez dut lortu, ezinezkoa delako. Zuri zeurea baino ez zaizu axola. Besteena beti dago oker zurearekin bat ez badator. Zurea beti dago zuzen, eta norbaitek bere argudioekin isilarazten zaituenean, okerra onartzen duzula esan, onartu ez, eta beste baterako uzten duzu zure argumentu-sententzia. Baztertu ez, hemen zuk duzu egia. Besteok belarriko mina besterik ez.

    Zu egon zaren aulkitik urrun eseri nahi izan dut beti. Mihiari hozka egin diot askotan zure kontra ez hastearren. Baina uste dut, oraingoan muga gainditu duzula. Nire pazientziarena behintzat erraustu egin duzu. Zure frustrazio pertsonalak gorde zuretzat. Bestela, Sustatun egin ez dizutena egingo dizu norbaitek. Ereindako hazia loratu egiten da. Batzuek ez dute urik ere behar.
    Zure “artikuluaz”:
    – “Ezker abertzale oraindik ilegalizatuaren ingurukoak-edo?”. Goretex asko ikusi zenuen ala? Iritzi politiko identifikagarrien inguruan ari ziren espainolez? Aurretik ezagutzen zenituen? Zure beste ikerketa soziologiko batean fitxatuta zenituen?
    – Gutxi gorabeherako neurketak egiteko sententzia borobilak botatzen dituzu. Erakutsi datu horiek. Hogei lagunen hizkuntza jokabidea neurtu zenuen? Mila lagunena akaso?
    – Neu ere bertan izan nintzen, gaztez inguraturik. Manifestazioaren erdiko partetik bukaeraraino ibili nintzen. Hasieratik ere ibili nintzen une batzuetan. Nire argazkietan jende andana ageri da, tabernetan jende asko geratu zen arren. Beti bezala nahi baino gutxiago, baina jende asko eta asko. Bai, espainola entzun nuen. Frantsesa ere entzun nuen. Ingelesa ere entzun nuen nire harridurarako. Denen gainetik, baina, euskara entzun nuen. Inolako dudarik gabe esan dezaket diozuna ez dela egia. Zure aurreiritziak konfirmatzera joan bazinen, beste kontu bat da.
    -Ez zenuen ulertu manifestazioari izena ematen zion leloa? Uste dut ez zarela askorik kezkatu leloa ulertzeaz. “Euskalduna naiz eta harro nago!” leloak ez duela zerikusirik hizkuntzarekin? Zerekin du zerikusia ba? Nik horrekin bakarrik lotzen dut. Euskaldun izatearekin. Ez duzu ulertzen ez duzulako nahi. Lehenago ere entzun dizut EHEren mezua ulertu gabe mezu horren aurka egiten. Euskara eta politika lotzea gaizki dagoela esaten. Ez duzu ulertzen ez duzulako ulertu nahi, eta hortik darabilzu anti-sistemen erreferentzia itsusia. Non aipatzen du EHEk halakorik? Non mintzatzen da ehe genetikaz? Orojakilea zu… Manifestazio horrek, euskaldun izatearen harrotasuna bultzatu eta euskaraz bizitzeko beharrezkoak diren jarrera aldaketak sustatzea zuen helburu. Hala irakurri eta entzun diet EHEko kideei irrati nazional, telebista nazional, egunkari nazional eta bestelako medioetan berau azaltzeko egin dituzten elkarrizketetan. “Gora gu eta gutarrak!”. Noski, hor ere zure lelo propioa bikaina da eta besteena zaborra. Niri kontrakoa iruditzen zait. Zertara dator zure lelo hori? Trufatzen ari zara?
    – Gure arteko espainolez lotsatzeaz aparte, gure baitako espainolaz lotsatu behar garela ere entzun diot EHEri. Zure lezioak berandu datoz.

    Ikusten zaitudan hurrengoan ez naiz isilik geratuko. Guztiok entzun behar zaitugun bezala entzun beharko nauzu. Gustatzen zaizun bezala, guztien aurrean entzun beharko nauzu-eta, topaketako gaiarekin bat etorri, ala ez.

    Berriz arte

  • Ez naiz Donostiakoa eta ez ditut ezagutzen ez Bittor Hidalgo eta ez Andres Lizarralde, ezta Donostiako euskaltzaleen gorabeherak ere. Hori garbi geratu dadila. Baina benetan zakarra eta neurriz kanpokoa iruditu zait Lizarralderen erantzuna. Nire ustez beste tonu bat eta beste estilo bat behar da eztabaidatzeko orduan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude