Euskararen zabor politika

Euskararen zabor politikaEuskara zaborra balitz… pentsatu izan dut askotan, Euskal Herrian ezker abertzalearen eskutik zabaltzen ari den zaborraren kudeaketa eredu berrien eta horien inguruko eztabaidaren bekaitzez. Zaborra bihurtu da gurean politikagintzaren izar, alderdien arteko eztabaidagai erdikoa eta elkarrizketa guztietako osagai.

Oso ondo iruditzen zait zaborrari behar bezala erreparatzea. Bazen garaia. Areago, zorterik onena opa diet zerozabortarrei; hori iruditzen zait bidea oro har, niri ere.
Alabaina pena eta amorrua ematen dit euskara garai bateko zaborra bezala ikustea, bide bazterrean botata, inor gutxik jaso nahi duelarik antza. Gure inguruan behinik behin, hala gertatzen da. Urrun dago Gipuzkoa…
Asteburu honetan ere egiaztatu ahal izan dut berriro, euskararen aldeko hizkuntza politika hutsaren hurrengo dela oraindik abertzale askorentzat, erakunde eta herri askotan. Gehienetan beharbada.

Zapatuarekin gure bailarako herri koxkor bateko bazter zoragarri batera joan ginen bazkaltzera. Jatekoa ez da aparteko ezer, baina jatetxeko bistak oso ederrak dira, haritzak eta pagadia atarian bertan daude, eta haurrentzako jolasgunea txikia baina ikusgarria da. Igerilekua ere bertan dago… Zer gehiago eska liteke?

Bada, arreta euskaraz ere eman dezaten eska dakieke. Eskatu baino, exijitu dakieke, udalaren ardurakoak baitira instalazioak. Baina ez. Arreta erdara hutsezkoa da jatetxean (igerilekuan ez). Karta eta ohar guztiak ere, erdara hutsez daude, eta jatetxea kudeatzen dutenei euskaraz egitean, muturra okertu egiten zaie nabarmen “alabak euskaraz badaki” ere.
Bitxia izan zen nagusiaren erantzuna, karta euskaraz ere nolatan ez zeukan galdetu genionean, “nahikoa arazo” omen zeukan zaborrarekin, euskararekin ere arduratu behar izateko…

Eta bai. Atez-atekoa ezarri berri dute herri horretan. Gehiengoaren gogoaren gainetik, egungo udal arduradunek argi zeukaten zaborraren kudeaketa aldatu beharra zegoela, eta tinko heldu diote zabor-politikari, eragozpen guztien gainetik, eta aldaketaren aurka daudenen presioei aurre eginez.

Ikuskizun dagoena da euskararen aldeko hizkuntza politikari noiz helduko dioten, zaborraren gaiari heldu dioten bezain gogotsu.
Izan ere, politikari abertzale askoren hizkuntza politikari ere, utzikeriaren kiratsa dario dagoeneko.

Euskararen zabor politika

Oinezkoa

23 pentsamendu “Euskararen zabor politika”-ri buruz

  • Bejondeizula, bikain azaldua!

  • Bitxia eta deigarria da oso udal arduradunei kritika egitea udala zein den argitu gabe. Baina asmoa edozein aitzakia baliatuz politikeria egitea denez, zertarako aipatu datu hori, ezta?

  • Betiko lepotik, Gonzalo.
    Udala? Uharte Arakil, Sakanan.
    Zerbait aldatzen du horrek?

    • Zein zen, ba, aurreko lepoa?
      +
      Udal jakin bateko kudeatzaileei egindako kritika izanda, bidezkoa ez ezik, beharrezkoa ere bada kritika nongo udalekoei egiten zaien jakitea, ezta? Nola nahi duzu zuzentzea, bestela? Areago kritika hau “ezker abertzaleko” udal kudeatzaile bati iristen bazaio! Edo kritikatutakoa aitzakia da kritika hutsa egiteko, ezer hobetzeko asmorik gabe? Azken finean, horixe da susmoa; izan ere, udala aipatu ez bada, ez da aipatu ezer ezkutatu nahi izategatik, arinkeriagatik baizik, Jonjo horretaz gogoratu ez delako. Burua beste nonbait. Baina, nik baino gehiago dakizu zuk eta, Uharte Arakil, Sakana, aipatzen duzu zuk, JJ zaren horrek. Uharte, Sakana, Nafarroa… ez dira testuan aipatzen.
      +
      Ondorioz: udal eta eskualde bateko kudeaketari dagokion kritika beste maila batera eraman nahi da, partea osotasun bihurtu nahian, politikeria egiteko. Eta horrela frogatzen da parte hura, ustezko akatsa, ez zela salatzailearen kezka, aitzakia baizik. Horregatik “ahaztu” zuen udalaren izena.

      • Hara, Gonzalo, alderdi bat edo beste zer gerta ere erasotzea edo defendatzea ez da nire estiloa, beste batzuena bai, beharbada. Adibiderako, testutik aterata, hitzez hitz: “Asteburu honetan ere egiaztatu ahal izan dut berriro, euskararen aldeko hizkuntza politika hutsaren hurrengo dela oraindik abertzale askorentzat, erakunde eta herri askotan. Gehienetan beharbada”. Horrexegatik ez dut hasiera batetik aipatu Uharte, bertan ikusitako utzikeria oso ohikoa delako Sakanako herri gehienetan, eta Sakanatik kanpora ere bai.
        Bestalde, kritika oso zehatza dela uste dut. Kritikatutakoari erantzun egiozu ahal baduzu. Niri behinik behin, alderdikeria ez zait zipitzik ere interesatzen. Bestela esanda, berdin dit nork elikatzen duen gehiago erdaldunen “euskal” komunitatea, Deiak ala Garak. Biak dira erdaldunak, ezta? Bada, politikagintza instituzionalean berdin. Sakanan Nafarroa Bai agintean egon zenean, euskara bigarren mailako kontua zen, eta egun, Bildu agintean dagoelarik, berdin, zorioneko salbuespen baten bat tarteko.

        • Sarreran salatutakoa udalaren ardurapeko instalazioko jatetxe batean ez dutela euskaraz egiten, auskalo non. Ez dakigu arrazoia, ez dakigu zein kontratu daukan udalarekin jatetxekoak, noizkoa den kontratu hori… Bi gauza baino ez dakizkigu: Udal horretan Bilduk agintzen du eta atez atekoa jarri du martxan. Kontua ez da salaketa bidezkoa den ala ez. Zalantzazkoa dira, ordea, salaketa plazaratzeko erabilitako argudioak eta modua. Kudeaketa pribatuko “udal” jatetxe horretan euskaraz ez egitea Bilduren euskara politika osoa kritikatzeko erabiltzea demagogia hutsa da. Zabor bilketa sistema eta euskara sustatzeko politika maila berean jartzea demagogia hutsa da. Antzeko esan liteke zerga bilketaz, ezta: “Bilduk udal zergak biltzen jartzen duen interesa euskara sustatzen jarriko balu…”, adibidez. Edo kale garbiketaz: “Bilduk kaleak garbitzen jartzen duen interesa…”.

          • Izan ere, kritika alderdikoia egiteko euskaltzaletasunaren mozorroa janztea da gogaikarriena. Lehena (kritika) zilegia da, baina bigarrena (mozorroa) ez da.

          • Baina zer mozorro eta zer mozorro ondo?
            Eta bai, ondo diozu, Bilduk udal zergak biltzen (eta sustatzen) jartzen duen interesa, euskara sustatzen jarriko balu, bestela geundeke, Altsasun behintzat.

          • Euskaltzalearen zomorroa: euskara politikeria egiteko erabiltzea.

          • Enpin…

  • Bidenabar, Sakanan hizkuntz politika neurri handi batean Mankomunitatearen esku dago. Hori bai, udaletik udalera (izenak nahi badituzu, eskatu) egundoko aldeak daude, agintean talde berekoak izan arren.

  • JJ, niri arinkeria iruditzen zait zaborraren kudeaketa eta taberna batetan jasotako erantzun eskasa nahastea. Neguko eguraldi euritsua erabil zenezakeen horretarako baita ere. eta behin eskatzen hasita, zuk diozun bezal, “Hori bai, udaletik udalera (izenak nahi badituzu, eskatu) egundoko aldeak daude, agintean talde berekoak izan arren”, nik udalen zerrenda eskatzen dizut. Ea horretan behintzat ados jartzen garen.

  • Joxe, arinkeria da norberaren hankasartzeak ukatzea. Eta arinkeria da Uharteko igerilekuetako tabernan euskararen presentzia urria, udal taberna den horretan hizkuntz irizpideak ez zaintzea, horretarako aginpidea, eta urte askoren ondoren, aukera izanda.
    Beste batzuk agintean egon direnean, hain gogor, zakar eta kupidagabe kritikatu dituztenek, jakin behar lukete kritikak onartzen, batetik, eta aurrekoekin alderatuta, oso bestela jokatu behar lukete bestetik. Bada, kasu horretan, eta beste batzuetan ere, ez da alderik somatzen apenas hizkuntz politikari dagokionez. Eta hori, baliabideak egon, badaudelarik!
    Eta herriak nahi badituzu, apur bat ezagutzen ditudanetatik, nire ustez hizkuntz politikan huts nabarmen egiten dute Olaztik, Altsasuk, Iturmendik, Uharte Arakilek…
    Eta euskarari arreta jartzen diotenak, nire ustez, Etxarri Aranatz edo Arbizu.
    Beste batzuez hitz egiteko nahikoa ezagutzarik ez dut.
    Edonola ere, harrigarria iruditzen zait, besteak hain zakar eta gaizto epaitu dituztenek, hain minbera agertzea orain kritikarik txikienaren aurrean, kritika dokumentatua eta egiaztagarria izanagatik ere.

  • JJ, zure azken erantzuna oso argigarria da. Alde batetik, Jonjok egindako salaketan aipatu gabeko datuak atera dituzu berriro, ez nolanahiko datuak, salaketaren nondik norakoak ulertzeko funtsezkoak baitira. Sakanako herri batetik bestera aldeak baudaude, zergatik ez aipatu hasieran bertan zein zen herria? Garrantzia zeukan datu horrek? Antza, bai. Baina salaketan ez da Nafarroa ere aipatu! Batzuen zilborra handia da, gero!
    *
    Baina Joxeri eman dizkiozun argudioak dira, batez ere, argigarrienak: “norberaren hankasartzeak ukatzea” edo “harrigarria iruditzen zait, besteak hain zakar eta gaizto epaitu dituztenek, hain minbera agertzea orain kritikarik txikienaren aurrean, kritika dokumentatua eta egiaztagarria izanagatik ere”, bi adibide jartzeagatik. Ez dakit zergatik, ez dakit nola, baina zalantzarik gabe kokatu duzu Joxe zuk ezarritako marraz bestaldean: Sakanakoa, Bildukoa, lehen “besteak hain zakar eta gaizto epaitu dituztenen artekoa”… Joxek, ordea, salaketan egindako parekatzea baino ez du kritikatu, eta zuk segituan aurreko lubakian sartu duzu. Zertaz ari gara hemen, euskaraz ala alderdiez? Zein da helburua, batzuen eta besteen gabeziak zuzentzea ala batzuen eta besteen gabeziak nabarmentzea? Mendekua hartzea?
    *
    Helburua gabeziak zuzentzea bada, bidea argia da: gabeziak zehatz eta mehatz salatu, arduradunei galdegin eta proposamenak egitea; den-dena gabezia zuzentzeko asmoz. Hau, hau eta hau. Kontua ez baita, berriro diotsut, kritikak egitea, onartzea ala ez… Kontua kritikak ondo egitea eta helburu eraikitzaile batez.

  • Ia ba… Ez dakit honek nora eramango gaituen, baina gauzak zuzentze aldera. Gonzalo, JJ eta Jonjo pertsona bera gara, uste nuen argi zegoela hori. Hori batetik.
    Bestalde, Uharte nahita ez nuen aipatu hasieran. Baina ez zilborrari lotutako arazoengatik, arreta Uharten ez zehazteagatik baizik, Uharteko arazoa beste herri askotan ere ematen baita.
    Eta bai, asmoa arazoa nabarmentzea zen… konpon daitezen. Izan ere, egunean bertan hitz egin nuen Uharteko Bilduko kide batekin horretaz. Hala ere, eskarmentuak esaten dit kontu hauek publiko egiten diren arte, inork ez duela neurririk hartzen, zoritxarrez.

    • Jonjo zein JJ agertu, pertsona bera zarela argi zegoen, baina hori zeuk esan behar zenuen.
      *
      Herriaren izena ez duzu aipatu, baina eskualdea ere ez, herrialdea ere ez. Eman dituzun datuak: ustez Gipuzkoan ez dagoen herria, igerilekua, bildu eta atez atekoa.
      *
      Nire ustez, salaketan egindako parekatzea (atez atekoa eta hizkuntz politika) demagogikoa da.
      *
      Euskara bultzatzeko baliabideak daudela diozu. Ziur aski, lehen ere bazeuden. Lehen batzuek kritikatutakoa orain errepikatzen omen dute. Ondo da, salagarria, baina zozoak beleari ipurbeltz. Horretarako bakarrik. Arazoa konpontzeko zozoaren salaketak zein belearen arrangurak ezer gutxirako balio dute; are gutxiago bietako batekin lerratzeak. Eta, salaketak ikusita, inpresioa daukat Sakanan-eta euskara bultzatzeko, lehenik eta behin, lerratze oro alde batera utzi behar dela.

      • Alferrik dela uste dut, baina, bat, ez naiz inorekin lerratu. Areago, aurrekoek (Nafarroa Baik) Bilduk baino borondate gutxiago agertu ohi dute hizkuntz politikari dagokionez. Ikusi besterik ez dago, egun Geroa Bai denaren utzikeria gaindiezina.
        Edonola ere, Bilduren diskurtsotik ekimenera alde oso handia dago.
        Eta bi. Nik uste dut zaborrarena oso adibide egokia dela. Atez atekoan Bilduk gogoa, ekimena, egitasmo landu bat eta, oztopoak oztopo, aurrera egiteko borondatea eta adorea erakutsi ditu. Euskararekin Sakanan (oro har) erakutsi ez duen guztia, hain zuzen.

  • … konpon daitezen barik, konpon dezaten, erran nahi baita.

  • “ez naiz inorekin lerratu” diozu baina, euskararen aldeko Sakanako politika hobea al zen zu zinegotzi zinenean eta mankomunitatean aritzen zinenean?

  • ta… herrien zerrndaren kontura, orohar, ados.

  • Gauzak ez nahasten ahalegintzen bagara, beharbada eztabaida zentzuzko bat burutu ahal izango dugu, Joxe. Batetik, ni nor naizen argi dago, izen eta abizen. Zu zeu nor zara?
    Hortik aurrera erantzungo dizut arazorik gabe ni aritutako urte t’erdian egindakoez, saiatutakoez, eta aurrez aurre aurkitutako “laguntzez”.

  • Hori da JJ gauzak haseratik nahastu dituzu. Oraindik polemikoa den gai bat, zabor bilketarena alegia, euskara politikarekin nahastu duzu. Hori da egoki ikusi ez dudana. Ongi ezagutzen dut zein den Uharteko kasua, familia etorkin batek kudeatzen du taberna. Horrek ez du erantzun zakarra justifikatzen baina zaborbilketa horrekin nahastea gehitxo iruditu zait. Batez ere gure herrian, Altsasun dugun egoera kontuan hartzen badugu, bai euskara alorrean eta zabor alorrean. Zaborraren alorrean beldur naiz mankomunitatetik kanpo geratuko ote garen. Ez saiatu ura eta olioa nahasten.

  • Ez Joxe, ez dut ezer nahastu. Egin dudana izan da gai batean (zaborraren kudeaketan) eta bestean (hizkuntz politika) agintariek, Bilduk kasu honetan, jartzen duten gogoa eta indarra alderatu. Alderatzea ez da “nahastea”, zilegi eta beharrezkoa baizik.
    Uharteko udal tabernara itzulita, ez ziguten erantzun zakarrik eman. Esan nuena izan zen, ez ziela graziarik egin geuk euskaraz egin izana, deseroso zeudela oso, eta bestetik erantzun bitxia eman zigutela, zaborren kudeaketari lotua.
    Bestalde, ez du zerikusirik kanpotarrak edo bertokoak diren. Udal instalazioak dira, eta udalak ezartzen ditu baldintzak. Jendaurreko arreta eta hizkuntz paisajea euskaraz bermatzea udalen eta mankomunitatearen ardura dira. Eta konponbidea ez da zaila. Borondate eta interes kontua besterik ez da. Zaborraren kudeaketan erakutsitakoaren erdia nahikoa litzateke.