Asko inbertitu da euskararen sustapenean?

inbertitu da euskararen sustapeneanHalaxe, tupustean luzatu digu galdera Bituriek, Munean izeneko bere blogean.
Asko dira Barakaldoko BEC-en inbertitutako, eta orain berfinantziatu beharreko 150.000.000€ haiek?
Eta berak erantzun: emaitzaren arabera. Emaitza ona izan bada, ez, baina emaitza txarra izan bada, orduan hausnarketa sakona egin beharko da…
Eta asko da euskararen sustapenean hamar urtetan 1500.000.000€ sartu izana?
Bada… berdintsu, dio Bituriek. “Diru horiek erabili ondoren, administrazio publiko orokorrean gutxi badira euskaraz zuzen idazteko gai diren langileak, inbertsio ustela, porrota izan da.
Hamar urtez diru horiek inbertitu ondoren, Lakuako pasiloetan entzuten diren langileen edota arduradunen arteko elkarrizketen %80 erdara hutsezkoak badira, ez zaio inbertsio horri behar bezalako etekinik atera, eta zuzenketa behar luke.
Goi mailako lanpostu gehienek euskarazko maila gorenari lotuta badaude, baina lanpostu horien jabeek ia beti erdaraz egiten badute euren menpeko langileekin, porrotaz hitz egin daiteke. Baita euskara norbere probetxurako baino ez erabiltzeaz.”
Eta jarraian:
“Itzultzaile lanetan nabilenez gero, huts egiteko beldurrik gabe esan dezaket, administrazio orokorrean euskaraz idazten den ia guztia gaztelaniatik itzulitakoa dela, eta hala da, urteotan erabilitako diruokin guztiokin ez ditugulako prestatu teknikariak dekretu zikin bat euskaraz sortzeko, eta administrazioaren buru zirenei bost axola zitzaielako eta bost axola zaielako, … eta langileen artetik egoera iraularazteko ekimenak sortzen direnean ere, ekimen horiek bazterrera uzten direlako, sudur puntan jartzen zaielako, ez zaielako batere ardura.
Boterean dagoen gobernuak erabakitzen badu arduradun politiko gehienek euskaraz jakin behar dutela, baina ondoren arduradunok baldintza hori ahazten badute, orduan gobernuko alderdia antzezpenetan dihardu Euskal Herriko hizkuntza nazionalarekin
Eta aurrerago:
“Administrazioko zerbitzurik euskaldunenetako arduradunek irizten badiote, erakunde bertako euren arteko elkarrizketa pertsonaletan ez dagoela zertan euskaraz egin, nahi duten hizkuntza aukeratu dezaketela, orduan sekulako hipokritak dauzkagu ondoan, eta paisaia linguistikoarenak haiei bost.
Eta egoera honetan, oso larria nire ustez, jendeak sinistu egiten badu aldiro-aldiro erakundeotako apologistek esaten dizkietenak: ez goazela hain gaizki, pixkanaka-pixkanaka baina aurrera goazela, euskararen erabilera baikorki gizarteratu beharra dagoela, erakarri eta ez uxatu egun beharra dagoela…, bada, benetan diotsuet, oso-oso zail daukagula.
Eskatzen ote dira ardurak administrazioan, emaitza onik ez dagoenetan?”

Oharra: erreparatu edukiei, eta ez egin tiro mezulariari… mesedez, faborez, eta arren!

 

Zer duzu buruan “Asko inbertitu da euskararen sustapenean?”-ri buruz

  • Ondogoaz Edertobaten 2014-05-14 12:27

    Baina zertaz kexatzen da Biturie hori?
    Jaurlaritan penomeno zabizte RENFEren aldean! Eta Charainarekin ere igualtxo.
    Gaurko berrian:
    TREN GELTOKIAN EUSKARAZ?
    (Edurne Huesa, Antonio Aierbe, Jose Manuel Aranzabe eta Pedro Maria Olano. Ordizia eta Zaldibia).

    Maiatzaren 1ean, trenetik jaitsi ginen. Ordiziako tren geltokian leihatila itxita eta ate automatikoak zabalik zeudenez, pasatzen hasi ginen.
    Renfeko segurtasun zaindariek txartelak eskatu zizkiguten, gazteleraz.
    Legorretatik zetozenak txartelik gabe zergatik zeuden euskaraz azaltzen hasi ziren, eta gazteleraz egiteko erantzun zieten. Euskaraz jarraitu, eta «ESTAMOS EN ESPAÑA Y LA LENGUA OFICIAL ES EL CASTELLANO», erantzun ziguten.
    Makinara joan ginen txartela ateratzera gure artean euskaraz eginez, eta haiek gazteleraz egiteko, bestela ertzainei deituko zietela. Azkenean, ertzainei deitu zieten.
    ZORTZI ERTZAIN ETORRI ZIREN, eta lehenengoak gazteleraz egin zigun. Euskaraz egiteko eskatu genion, eta ezetz. Plaka zenbakia eskatu genion, eta, lehenengo, zer gertatu zen gazteleraz azaltzeko esan ziguten.
    Guk, ezetz, hemengo hizkuntza ofiziala euskara dela eta euskaraz egin nahi dugula.
    Azkenean ertzain bat euskaraz hasi zitzaigun esanez GAZTELERAZ EGITEKO, BESTEEK ULERTZEKO, ERRESPETUZ. Eztabaida ezerezean geratu zen, eta txartela atera zuten bi lagunen datuak hartu zituzten.

    Zera eskatu diogu Renferi: beharrezko neurriak har ditzala tren geltokietan euskaldunok gazteleraz egitera behartuak izan ez gaitezen.
    Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu behar diren legezko neurriak har ditzala euskaldunok euskararen herrian gazteleraz egitera behartu ez gaitzaten. Ertzaintzak ere beharrezko neurriak har ditzala, euskaraz artatu gaitzaten.

    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2014-05-14/005/004/trengeltokianeuskaraz.ht

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude