Euskararen strip-tease bat (X)

Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak…nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…

huellas-de-pies-en-la-arena-agua

(X) Nire esperientzia eta nire hausnarketa

Nire historia orain arte kontatu direnekin alderatuta oso bestelakoa da. Nirea, euskara-gaitasunei dagokienez,  inboluzioaren historia da.

Nire euskarazko lehen hitzak aita eta amaren ahotik entzun nituen. Jaio berritan ama euskara ikasten aritu zen burubelarri, eta ikasi ahala nirekin eta arrebekin praktikatzen zuen. Aitak, berriz, euskararekiko zaletasuna eta euskarazko lau hitz eta hainbat kanta transmititu zizkigun.

10-12 bat urteko umea nintzela, ikastola barruan gaztelaniaz hitzik egingo ez nuela agindu nion neure buruari. Esan eta egin. Lagunek gaztelaniaz hitz egin eta nik euskaraz erantzuten igaro nuen nerabezaroa. Batzuek, ordea, nirekin euskarara jo behar zutela ulertu  zuten.

Karrera bukatu eta oposizioak prestatzen hasi nintzen. 2000ko EPEa gainditu nuen eta Jaurlaritzan sartu aurretik 4. hizkuntza eskakizuna prestatzen aritu nintzen. Pixka bat prestatu eta lan handirik gabe gainditzea lortu nuen.

Hortik aurrera etorri zen euskara-gaitasunei dagokienez nire “inboluzioa”. Euskara arlo pribatuan erabiltzen jarraitzen banuen ere, lehenengo urteetan gaztelania izan zen nire lan-hizkuntza. Txosten, ebazpen eta izaera orokorreko xedapen proiektu guztiak gaztelania hutsean egin behar izan nituen. Inork ez zidan euskaraz lanen bat egiteko eskatu, ofizio bat edo halako lan xume bat ez bazen. Lanari dagokionez, Jaurlaritzan euskara bigarren mailako hizkuntza zela barneratu nuen. Euskara erabili barik langile trebea eta fina izan nintekeela ulertarazi zidaten. Horrela, administrazio hizkera eta idazkera gaztelaniaz baino ez nituen landu.

Azken urteotan, berriz, lan gutxi batzuk euskaraz ere egin izan ditut. Onartu behar dut ez ditudala beldurrak eta konplexuak gainditu lan potoloak egiterako orduan. Horiek uxatzeko, nire ustez, praktika da bidea. Bide hori lauago egiteko baliabide batzuk ere beharko ditut, noski.

Oztopoak gainditzeko garaia iritsi zaigula pentsatzen dut. Langileoi eta politikariei administrazio honetan euskaraz lan egiteko aitzakiak amaitu zaizkigulakoan nago. Eman diezaiogun euskarari merezi duen lekua.

Euskaltzaleak bagara, eska diezaiogun geure buruari euskarari zor diogun ardura.

(Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen Zuzendaritzako langile bat)

Zer duzu buruan “Euskararen strip-tease bat (X)”-ri buruz

  • Jaurlaricha 2013-04-04 17:55

    Jaurlaritzako langile euskaldunen patua: lanak ta bi perfila ateratzeko, azkenean erdaraz jardutlko.