Euskararen strip-tease bat (IX)

Jaurlaritzako langile euskaltzalez osatutako Tiraka taldeak euskaldun berriei bereziki zuzendutako kontaketa pertsonalen bilduma egin du. Hamar istorio pertsonal jaso ditu taldeak, eta ZuZeun argitaratuko ditu. Euskararekin bizi izandako pozak, tristurak…nahi adina nahastuz, pasadizoak, frustrazioak, ilusioak…

+

(IX) Euskara ikasi, nire kontutxoa

Burgosko herri txiki batean jaio nintzen, beraz familia erdalduna dut. Ni txiki-txikia nintzela etorri ginen Gasteizera eta lasai asko bizi nintzen gaztelaniaz, familian, ikastetxean, lagunekin, Unibertsitatean, baita “partidoan” ere. Gero Madrilera joan nintzen ikastera eta handik itzuli eta gero hartu nuen erabakia: euskara ikasi behar dut.

Lehenengo kurtsoa AEKkoekin egin nuen, ez dut ondo gogoratzen baina uste dut oraindik Euskaltzaindia zela, San Antonio kaleko lokaletan, ordu t’erdi egunean. Bat baino gehiago gogoratuko da lehenengo ikasgai famatuaz: – Ama, atea. / – ireki ezazu ba. Nor da? / – Bi emakume dira… baina nik azkarrago ikasi nahi nuen eta HABEk Hondarribiko aterpetxean antolatu zuen lehenengo barnetegian apuntatu nintzen. Primeran pasa nuen, oso irakasle onak izan genituen, eta bertan asko ikasi nuen otsaileko gau euritsu eta hotz batean, egin zen protesta batengatik guardia zibilek handik bota gintuzten arte. Berriro Gasteizen HABEko euskaltegian matrikulatu, eta hor ere primerako irakasleak aurkitu nituen. Uda hartan Nuarbera joan nintzen ikaskide batzuekin, asko nekielakoan joan eta zenbat falta zitzaidan konturatuta itzuli. (Barregarri geratu eta gero bertan ulertu nuen azkenean “elkar” kontzeptua). Geroago, nire bikotea lanean hasi zen Azpeitian, eta hori aprobetxatuz hilabete batzuk pasa nituen bertan, egunez ikastolara eta gauez bertako gau eskolako klaseetara, tartean bizilagunekin eta dendariekin hitz egin, orain inmersioa deitzen diote horri. Azkenean EGA atera eta irakasle hasi nintzen euskaltegian, gustura aritu ere.

Orain hemen nago. Eta esan nahi dut niretzat euskara ikastea esperientzia ederra izan zela, eta eskerrak ematen dizkiet nire irakasle izan zirenei (agian baten batek irakurriko du hau) euskara irakastea ez zela soilik gramatika kontua argi zutelako, hizkuntza ikasteaz aparte haiekin euskal kultura maitatzen eta disfrutatzen ere ikasi nuelako; beraiekin euskal kantariak, idazleak, bertsolariak…, ezagutu eta gaur egun ere disfrutatzen ditudalako.

(Hezkuntza Saileko langile bat)

4 pentsamendu “Euskararen strip-tease bat (IX)”-ri buruz