Euskararen Ordenantza baliogabetzeko asmoa, aurrera

EUSKARAREN ORDENANTZA BALIOGABETZEKO ASMOA AURRERA –

2019ko maiatzaren 26ko hauteskundeen ondoren, Navarra Sumak lortu zituen alkatetza eta boterea Iruñeko Udalean, gehiengo absoluturik gabe bada ere.

Aurreko gobernu taldea oso herabe ibili zen administrazo elebiduna lortzeko, batez ere azkeneko bi urteetan. Hala ere, oraingo agintariak temati dabiltza euskararen alde egindako lan apur guztia deuseztatzen, denbora izpirik galdu gabe.

Sartu eta berehala, abian ziren lan deialdi batzuk baliogabetu zituzten, lanpostu batzuen euskarazko hizkuntz profila dela eta. Orain abiadura betean Euskararen Ordenantza aldatu nahi dute, edukia hutsal bihurtzeko.

Lan deialdietan euskara % 5 puntuatu beharra (eta jendaurreko lanpostuetan % 10) ezartzen duen artikulua ezabatuko dute. Euskara meritu moduan horrela puntuatzeko erak ibilbide laburra izanen du (aurtengo maiatzean onartu zen). Ez dute behin ere aplikatu ez aurreko gobernu taldeak egindako azken lan deialdietan, ez gobernu talde berriak bere hasierako lan deialdietan. 15 lan deialdi errekurrituta daude arrazoi horregatik.

Euskara atzerriko hizkuntzak baino % 25 gehiago puntuatu beharra ere desagertuko da, nahiz eta artikulu hori 22 urtez egon den indarrean.

Maiatzean, elebitasunari bultzada eman bazion Euskararen Ordenantza berriaren testuak, orain atzera eginen du udal berriak arauketa horretan, antza denez. Adibidez, prentsa ohar batean Iruñeko Udalak adierazi du publizitate iragarkietan euskararen presentzia jaitsiko duela. Beraz, maiatzeko asmo onak beteko ote ziren jakin gabe iritsiko da aldaketaren aldaketa.

Euskararen aurkako borondate irmoa erakusten du gobernu talde berriak. Euskararen alde antzeko borondate irmoa izan balu bere oposizioak, boterean izan zenean…

Ea euskaltzaleak erreakzionatzeko gai garen!

Euskararen Ordenantza baliogabetzeko asmoa, aurrera

Administrazioan Euskaraz Taldea