Euskararen normalizaziorako ezinbestekoak diren arau eta baliabideak esleitu gabe jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak 2012rako aurkeztutako aurrekontu proposamena aztertu du Kontseiluak, bai eta ondorio nagusi bat atera ere, Paul Bilbao, Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez: “Eusko Jaurlaritzak, beste behin, herritarren eskariari muzin egin eta euskararen normalizaziorako ezinbestekoak diren arau eta baliabideak esleitu gabe jarraitu nahi du”.
Kontseiluko idazkari nagusiak hizkuntza gutxiagotu bat normalizatzeko baldintza egokiak behar direla azaldu du; baldintza sozialak, politikoak, juridikoak eta, nola ez, ekonomikoak ere bai.
Kontseiluak urteak daramatza esaten euskararen normalizaziora bideratzen diren bitarteko ekonomikoak ez direla nahikoak eta gainera ez direla egoki inbertitzen. Hizkuntza-politika, gainerako politika guztiak bezala, arauz eta inbertsioz garatu behar da baina, euskararen kasuan ez da arauaren bidea jorratzen. Areago, beste garai batzuetan bide hori jorratzeko pausoak eman direnean, Jaurlaritzaren politikak pauso horien indargabetzea ekarri du. Adibiderik argiena kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak babesteko asmoa zuen dekretuarekin egin dutena izan da.
Beraz, Jaurlaritzaren eskutik, arauen eremuan atzerapausoak dira nagusi eta baliabideen eremuan bitarteko ekonomiko ez nahikoak eta gaizki inbertitutakoak.
Ondorioz, 2012rako aurrekontu proposamen honekin, beste behin, euskararen normalizazioak ez ditu beharrezko baldintza ekonomikoak eskuratuko. Areago, atzerapausoa gertatuko da hainbat alorretan, estrategikoak diren alorretan gainera: Helduen Euskalduntze Alfabetatzean eta euskarazko hedabideetan. Ildo beretik, Hizkuntza-politika atalera bideratutako partidak 3.402.273 € gutxiago izango ditu.
Beste behin gogoratu behar dugu ez direla gainditu aurrekontuak dituen gardentasun arazoak. Sail batzuk euskalduntzeari dagokion berezko diru-saila duten bitartean, beste batzuek ez dute hori zehazten. Horien artean Osakidetza eta Ertzaintza, hizkuntza-eskubideen urraketan markak hausten dituzten sailak, alegia.
Horri lotu beharko litzaioke Justizia sailean izandako murrizketa, 2011n ere eragina izan duena eta eremu horretan euskara-trebatzaileak goizetik gauera desagerrarazi izan dituena. Askotan esan izan dugu justiziaren eremuak ere hizkuntza-eskubideen urraketa larriak eragiten dituela, babes eraginkorrerako zein defentsarako eskubideak ere jokoan daudelako. Bertan bizi den egoerari buelta eman beharrean, Jaurlaritzak jada onarturik zegoen diru-partida bat murriztu du 2011n eta ez du inolako aurreikuspenik egin 2012an eremu hori euskara-trebatzaileez hornitzeko.
Krisiaren aitzakian, beste gizarte sektore batzuei dirua ematen zaien bitartean (autogintza, etxe-tresnagintza, banka…) Euskalgintzari murriztu egiten zaio. Euskararen normalizazioaren alde inbertitzea, elkarbizitzan inbertitzea da eta zentzu horretan ez dago inbertsio errentagarriagorik, are gehiago bizitzen ari garen garai hauetan. Hizkuntza-eskubideen urraketa sistematikoarekin bukatzea herri inbertsio errentagarria da.
Ildo beretik, sektorialki azterturik honako puntu hauek azpimarratu nahiko genituzke:
- Hedabideen sektoreak berezko krisia bizi du ereduen aldaketak eraginda, horri murrizketak aplikatuz zaildu egiten da egiturazko irtenbidea eta arriskuan jartzen du informazioa euskaraz jasotzeko dugun eskubidea. Hedabideei zuzendutako 2012rako partidak 538.199 € gutxiago ditu.
- Helduen Euskalduntze Alfabetatzeari dagokionez, ikasleentzako beken partida oso osorik desagertu da (partidak 1.500.000 € zituen). Krisiaren eraginez herritarron erosahalmena erori den honetan euskara ikasteko bekak kentzea ez da inondik inora euskararen aldeko neurria. Beren burua euskalduntzeko une aproposa dela pentsatzen duten langabetuek, esaterako, zailtasun bat gehiago izango dute. Alor berean, hitzarmen bidezko jarduera nabarmen jaitsi da. Horrek esan nahi du Administrazioak helduen euskalduntzera bideratzen dituen langileak gero eta gutxiago direla. Hizkuntza eskubideen urraketaren ikuspegitik oso berri kezkagarria dela uste dugu.
Honegatik guztiagatik diogu, Jaurlaritzaren eskutik, arauen eremuan atzerapausoak bultzatzeaz gain, baliabideen eremuan bitarteko ekonomiko ez nahikoak eta gaizki inbertitutakoak direla nagusi.
Hau ikusirik, Kontseiluak berehalakoan zuzenketa sorta eskainiko die alderdi politikoei, horiek bere eginez, aurrekontua hobetzen saiatzeko.