Euskararen normalizazioaren diagnostikoa konpartitzeko 7 batzar egin dira Nafarroa osoan

Euskararen normalizazioaren diagnostikoa konpartitzeko 7 batzar egin dira Nafarroa osoanNafarroan euskararen normalizazioak  dituen  zailtasunek kezkaturik, Kontseiluko bazkideak diren AEK, EHE, IKA, Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz eta Topagunea erakundeek 2013ko lehen 6 hileko honetan aurreko urtean zehar aurrera eramandako eztabaida Nafarroako euskalgintzako eragile ezberdinekin konpartitu dute.

2010eko maiatzean “Nafarroan euskaraz bizitzeko eskubidea” lemapean egin genuen manifestazio jendetsua (http://www.kontseilua.org/index.php?id_saila=54&id_edukia=220) denbora honetan garatu dugun bidearen lehen urratsa baino ez zen izan. Garai hartan genuen kezkak bere horretan dirau eta Nafarroako Gobernuaren hizkuntza-politikan aldaketarik ez dago.

Bizi dugun egoera horri aurre egiteko euskalgintzako eragileok indarrak biltzea eta norabide berean Nafarroako norbanako euskaltzaleak aktibatu eta aldeko ditugun eragile sozial, sindikal eta politikoekin bat egiteko dinamika bateratua abiatua dugu. Lehen pausoa, esan bezala, egindako hausnarketa 7 batzarretan Nafarroako euskalgintzako kideekin konpartitzea izan da. Lehen euskalgintzan rol garrantzitsua jokatu eta jokatzen duten norbanako eta erakundeengana jo nahi izan genuen, herrialde mailako batzarra eginez. Beste sei saioak tokiko euskalgintzarekin eta herri mailan zeresana duten eragile eta norbanakoekin. Izan ere, egunerokoan Nafarroako luze zabalean, errealitate arras desberdinak izanik euskaraz bizitzeko jardunean buru-belarri ari diren horiekin hausnarketa konpartitu eta tokiko errealitatetik abiatutako ekarpenak jaso nahi izan dira. Horrela, Atarrabian (Iruñerria), Agoitzen (Agoitzaldea, Pirinioak, Zangotzaldea…), Lizarran (Lizarraldea, Izarbeibar, Tafallaldea…), Tuteran (Erribera), Etxarri-Aranatzen (Sakana) eta Donezteben (Leitzaldea, Bortziriak, Baztan, Malerreka) izan gara. Udan zehar foro birtual baten bidez ekarpen gehiago egiteko aukera eskainiko zaie herritarrei.

Hasitako bideari jarriki, irailetik aurrera Nafarroan modu aktiboan eragiteko ekimen ezberdinak abiatuko ditugu. Herritarrok aldaketa bultzatzeko gako garen neurrian, beste behin, nafar jendartea izanen da euskaraz bizitzeko nahia hedatu eta gauzatuko duena.

Euskararen normalizazioaren diagnostikoa konpartitzeko 7 batzar egin dira Nafarroa osoan

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude