Euskararen mundua peoplelizatzen denean

Duela hiru aste, euskaltzale guziak komunionean bildu zituen martxoaren 24aren biharamunean justu xuxen, IkasBik kolpe gogorra, demagogiko hutsa baina gaitza, zuzentzen zien bai euskalgintzako gainerateko kideei bai euskararen hizkuntz politikaren arduradunei.

Gaia, Closer-en antzeko magazinetan agertzeko modukoa zen, maila bereko informazioak zabaldu baitziren. Hainbestetaraino non dena zuzendu eta zehaztu behar bagenu, heldu den eguberriz hemen ginatekeen oraino.

Gauza bat bitxia egin zait, hegoaldean eta hegoaldeko komunikabideetan izan duen oihartzun tipia. Horrelakoak hegoaldean gertatzen direnean, belarriak luzaturik egoten gara detaile croustillant zenbaiten peskizan. Tira, seguraski nehork ez du Bidasoaren bestaldean nundik norakoa ulertu, azken finean iparraldean misteriotsu handiak baikira dudarik gabe. Esplikatuko dugu dena, partzialki bistan dena eta doi bat horrela

IkasBI, gustuko ukan ala ez, euskalgintzako mugimendua da.

Orain dela 30 urte sortua, elkarte gisako egitura da, ez banaiz oker eta bere baitan biltzen diru hezkuntza publikoko eskola elebidunetako gurasoak eta hauen ordezkariak. Funtziotzat du sail elebidun publikoaren koordinazioa eta eskoletako gaien plazaratzea eta beste guziok bezala hizkuntz politika eta zehazkiago hezkuntza elebidunari buruzko ekarpenak, iradokizunak, eskaerak, dena delakoak, egitea. Azken 30 urteetan euskalgintzako gainerateko kideen aldean egona da, euskarazko erakaskuntzaren gaia aitzinera eramaten. Gaur bezala : kolpez-kolpe. Gaurko egunean, argiki, euskarazko ereduetan diren haur gehienak IkasBi-koak dira.

Egituraren buru zein dira ? Prentsaurreko argazkietan ageri diren horiek : gaurko egunean elebiduneko aita baino aitatxi den bat, langile bat funtzio publikoko frustratua dena (Max Brisson EEPko lehendakari ohiak prentsa komunikatu bidez ematen zizkigun xehetasunen arabera) eta militante abertzale bat euskararen transmisioaz mintzo dena 30 urtez mikorik ikasi izan gabe eta hauen gibelean eskoletako aitamak, zuek eta ni bezalakoak, haur eta lanaren ondotik, nola edo hala, hizkuntza eta politika eta hizkuntz politikaren gaiak segitzeko lan badutenak.

Duela hiru asteko gertakariaren bidez, beste behin kolpe mediatiko bat egin dute. Zertarako ? Seguraski, hold-up baten menturan, bestela ez da ulertzen, ez baita deus irabaztekorik eta zerbait irabaztekotan beharko bailitzateke glamour piska bat gehiago inbertitu.

Gertakariak parez-pare ezarri ditu euskalgintzako gainerateko kideekin, Euskal Konfederazioaren baitan bilduak diren hainbat egiturekin, nagusienak eta frentalki atakatuak aipatzeko :Seaska, Ikas, AEK, Uda Leku eta iparraldeko komunikabideak. Azken hauek denak eragile historikoak dira, IkasBi bezainbat bederen. Urteetan baldintza nekeak jasan izan dituzte, hizkuntz politikarik ez zen garaietatik gaur arte, lurralde honetako hizkuntza aitzina eramateko koerentziaz. Hori guzia Paxkal Indo-k biziki ontsa esplikatzen du.

Gertakariak parez pare ezarri ditu ere Euskararen Erakunde Publikoarekin, hizkuntz politikaren arduradunarekin.

Injustuak izateaz gain, solasak ez dira batere samurrak. Urteetan sufrituz aitzina egiten duten egitura erdi itoei eta hauetako langilego eta militante multzoari buruz diotena gezurra izateaz gain afruntu izigarria zait. IkasBi-k dituen mugak erdizka baizik ez ditu ere eta gainera proposamen konstruktibo bat egin ordez, hau da bere erakaskuntzaren balorazio kalitatiboaren analisia mahai gainean eman ordez, bere erakasleen formakuntza eta lanpostuen sortzearen problematikak aipatzetik urrun, gaurko egunean euskararen alde zinez eginen lukeen politika baten baliabide behar gorria argira emanik baino, nahiago izan ditu bere zoritxar guzien hobendun gisa seinalatu beti ildo beretik leial egon diren eragileak.

Zertarako balioko du guzi honek galdetuko didazue ?

Miseria kudeatzen dugunez, ez da seguraski IkasBi-rentzat diru poltsarik aterako armairu zokotik ixilarazteko doia, bestalde banatu dituen zartakoen neurriak ez bait horrelako biderik ere uzten nehori. Buruek duten diskurtsoa entzunik, seguraski ez dute sail elebiduneko erakaskuntzaren bikaintasuna berraztertuko. Ez dut uste hezkuntzan pairatzen den eskasaren erantzunkizuna dutenei zuzentzeko kopetarik aski izanen dutenik. Ez ditaizke ere gaineratekoekin solidarizatzeko bidean.

Ez du seguraski deusetarako balioko honek denak. Baina arriskua duela euskararentzat ezin da ukatu.

IkasBik ez bezala, guk, besteok, ez diogu jelosiarik. Euskalgintzak diona da euskararen aldeko estrategia konzertatu amankomuna aitzinera eraman behar dela, ahalak eskasak direla denentzat, politika eraginkor baterako trabak beti hor direla eta egoera larria dela.

Zabaldu izan diren informazio guziak okerrak izan dira eta iraingarriak, difamazioaren sailean dira, ez ditut hemen hartuko banaka gau osoa pasatzekoa bainuke. Komunikabideen bitartez, edozein euskaltzale arrunten belarrietaraino heldu dira eta desinformatze saio horrek ukan ditzakeen ondorioak gaurko kontestuan katastrofikoak dira, urteetan herriz-herri landu eta sortu dinamikak baztertuak gerta baititaizke horrelakoengatik, euskararen mugimendu osoa da udan emana eta hainbeste kosta izan zaigun lana eta ondorioak.

Eta bitxia bada ere, kaltetuen artean IkasBi bera egonen litzateke, lehen lerroetan. Zeren baldin bada egiturarik gaurko egunean diru, laguntza, sustengu eta lokal publikotan bizi denik, hau da gu denen diruz ordaintzen diren gauza horiez mantentzen denik, IkasBi-ko eskolak dira, neholako merkatu publikoren menpe, nehork begirik eman gabe hurbiletik kondu ekonomikoei, antolaketa mailakoei eta oraindik gutxiago erakaskuntzaren emaitzei.

Demagogiaren arriskua hori izaten da. Sua piztu, « Sua !! » oihukatu, auzoa akusatu pospoluak ukaiteaz eta anartean han berean erre.

Eta IkasBi-ko aitamek, egiazki ulertzen dute zerbait guzi honetan ? Bere egiten dituzte kontsiderazio horiek denak ?

euskara
Bea Salaberri

IRUTEN ARI NUZU