Euskararen hauspo berria Nafarroan. 2000-2014: euskararen kontrako gurutzada

Euskararen hauspo berria Nafarroan. 2000-2014

Hauspo berri baterako, oraingo egoera zein den kontuan hartu behar.

1986-2000:

Euskararen Legea: Nafarroa 3tan zatitzen du: eremu euskalduna, mistoa eta “ez euskalduna”.

2000:

Euskararen Legea aldatzeko beharra adierazten du Nafarroako lehendakari Miguel Sanzek, Administrazioko lanpostuetan sartzeko euskara “diskriminatzailea” omen delako.

PSNk bat egiten du. Garai horretan, “ia ezinezkoa” omen da euskararik jakin gabe Administrazioko lanpostu batera iristea.

(Aurrekari horiek oraingo Maneyro, Mendia eta Oyarzabal ekartzen dizkidate gogora).

Diario de Navarrak giroa prestatzen du: hainbat pentsalariren artikulu sorta zabaltzen du, euskararen hedapenaren kontra.

Azkenik, Miguel Sanzek ez du Legearen testua aldatuko. Horren ordez, Legea garatzeko omen diren dekretu eta arauen bidez, garatu ordez egiazki Legearen edukia aldatzen du. Hona hemen lehena:

372/2000 Foru Dekretua (gero 29/2003 FDk ordeztu zuen, antzeko edukiarekin) eta hura garatzeko arauak:

Errotulazioa: eremu mistoko errotulazio elebiduna kendu eta erdara hutsez paratzen du (zer diruketa horretan!)

Lanpostuen hizkuntza eskakizunak: eremu mistoan Gobernua ez dago inola ere behartua euskara nahitaezkotzat jotzera, itzultzaile lanpostuetarako izan ezik.

– 2001:

139/2001 Foru Dekretua:

Hemendik aurrera, eremu euskaldunerako Osasunbideko lanpostuetan, oro har, ez da nahitaezkoa izanen euskara jakitea.

203/2001 Foru Dekretua:

Honen bidez plantilla organikoko lanpostu elebidunen kopurua murrizten da.

-2006:

1998. urtean bezala, lizentzia ukatzen zaio Euskalerria irratiari, Iruñerriko euskarazko irrati bakarrari.

-2008:

TIL modeloa (gero PAI izanen da) sortzen da hezkuntzan:

Irakasgaiak gaztelaniaz eta ingelesez ematen dira, eta, nahi dutenek, euskaraz ere bai. Honek D ereduari indarra kentzen dio eremu mistoan, eta “euskarak babesik ez duen eremuan” (“eremu ez euskalduna” termino alienantea ez erabiltzeagatik) A eredua desagertzen hasiko da, haur askok euskararekin duten lotura bakarra.

Zorte ona Gobernuarentzat: ETB3 sortzen da, LTD bidez soilik, eta ETB1eko marrazki bizidun guziak hara pasatzen dira. Horrek esan nahi du Nafarroan euskarazko marrazki bizidunak desagertzen direla.

2013an, behin-behineko konponbide gisa, Nafarroan ETB1 ETB3ren programazioa ematen hasiko da, baina goizez bakarrik.

-2009:

2489/2009 Ebazpena: ingelesak 10, euskarak 0.

Hemendik aurrera Administrazioko A eta B mailetako postuetan sartzeko oposizioetan %10 arteko puntuazioa ematen zaio ingelesari. Erabakigarria bihurtzen da. Euskara ez da inoiz baloratu.

Zorte ona Gobernuarentzat: itzalaldi analogikoa gertatzen da. ETB1, Nafarroan, bazterreko(ago) bihurtzen da pixkanaka.

-2012:

Euskarazko hedabideak (Guaixe, Xorroxin…) diru-laguntzarik gabe uzten ditu Gobernuak, gaur arte. Bitartean Navarra TVri milioiak ematen zaizkio.

ETB: EAk antena bat paratzen du, ETB 1 telebista modu digitalean ikus dadin Iruñerrian. Nafarroako Gobernuak Espainiako Gobernuari salatu, eta hark 45.000 euroko isuna jartzen dio.

AEKko eta IKAko euskaltegiak diru-laguntzarik gabe uzten ditu Gobernuak, gaur arte.

Zorte ona Gobernuarentzat: Tasa Judizialei buruzko 10/2012 Legea onartzen da, hau da, doako justiziaren akabera:

Orain arte hainbat udalek, sindikatuk eta elkartek Nafarroako Gobernuaren hizkuntza politikako neurriak salatu dituzte epaitegietan. Hemendik aurrera, kostu ekonomikoengatik, uko eginen diote, oro har.

-2014:

Urrian, ingeleseko barnetegi bat hasiko da martxan Baztanen, Espainiako milaka ikasle erakarri nahi dituena. Nafarroako Gobernuak 12 milioiko inbertsioa egin du bertan. Bitartean, 2012. urtetik, euskaltegiak dirurik gabe.

Bukatzeko, aipatu behar da “euskarak babesik ez duen eremuan” zenbait ikastola oso larri dabiltzala (itxiko balira berriz irekitzerik izanen litzateke?) eta garraiorako laguntzarik eta erraztasunik ez izateagatik askok uzten diotela ikastoletara joateari edo eremu mistoko D ereduko ikastetxeetaraino joateari.

Horrenbestez, nola hasi, nola sortu euskararen hauspo berria Nafarroan?

Egoera hau irauli egin behar da, Gobernu aldaketarekin edo gabe.

“Bai, we can”! Badezakegu.

(Euskararen kontrako gurutzada aurkezpen moduan)

Euskararen hauspo berria Nafarroan. 2000-2014: euskararen kontrako gurutzada

9 pentsamendu “Euskararen hauspo berria Nafarroan. 2000-2014: euskararen kontrako gurutzada”-ri buruz

  • Milesker artikuluagatik. Batzuetan birpaso bat egin behar zaio hemerotekari jakiteko zein egoeran gauden. Badirudi egunerokotasunean ahaztu egiten dugula nola ttanttaka ttanttaka euskeraren presentzia hari diren ezabatzen euskara beraren sort-herrian: nafarroan.
    Ea noizbait Nafar herria bere Izanarekin adiskidetzen den guztiz eta traidore zikin hauek haritz sendo batetik zintzilikatuak bukatzen duten.

  • Nork ikasi nahiko du horren hizkuntza atzeratua? Euskara komunikazio tresna pobrea da, asko jota marrazki bizidunak egiteko balio du. Ez dago literatura eta zientziarako prestatua. Konparatu al dituzue inoiz gaztelaniazko eta euskarazko lagun taldeen espresio gaitasuna????

  • Jendeak benetako interesa balu, alperrikakoa litzateke Nafarroako Gobernuaren euskararen desagertzeko plana. Bestalde ezingo luke, jendeak eskatuko zuelako euskara ikasi nahi izatea, baina euskara momentuz ez da hizkuntza aurreratua, ez da tresna egokia….

    • Zuk esandakoaren guztiz kontra nago. Komunikazio tresna ona ez dela esatea ez dauka inolako zentzurik, iraganean askok egindako akatsa berdinean erortzea da, berdina gertatzen zen latina eta gaztelaniaren artean, ez du zentzurik hizkuntza bat bestea baino gehio edo hobea dela esaterik. Euskera ez dela modernoa, erabilerak aldatzen du hizkuntza eta presentzia gehiago izateak hizkuntza gehio garatzea ekarriko luke nere ustetan. Nafarroan euskara jakin ala ez, bere seme alabek ikasi dezaten nahi duten gurasoak trabak besterik ez ditu aurkitzen eta hau munduko edozein herrialdetan egin daitekeen hizkuntza baten aurkako eraso ankerrenetakoa da. Diktadura garaian euskera desageratarazi nahi zuten berdinak dira sasi demokrazia honetan Nafarroan agintzen dutenak eta urtetan zehar PP edo PSOE EAE-n egin nahiko zutenaren edo dutenaren antzerakoak direna, baina noski XXI. mendean milaka urteko historia duen hizkuntza baten aurka nabarmen joatea gaizki ikusia dago; egin dezagun gauz bera baina estaldura demokratiko txukun batekin. Gainera ze demontre! euskara zuretzat hain erabilezina eta baliorik gabea bada, zer zabiltz euskal atari honetan irakurri eta komentarioak uzten?

    • Neurri batean arrazoia duzu: Nafarroan batzuei ez zaie euskara interesatzen. Baina beste askok badute interesa, eta ez zaie uzten euskaraz bizitzea: euskarak babesik ez duen eremuan jende askok ikasi nahi du euskaraz, eta ez zaie D eredu publikorik eskaintzen, ikastola hurbilenerako bidaia beren kabuz egin behar dute, batzuetan ikastolatik atera eta ordubete itxoin behar izaten dute garraio publikoaren zain, eta azkenik A eredura pasatzen dira…
      Iruñeko haur eskoletan berdin: bada eskaria, baina ingelesa eskaintzen dute batez ere.

  • Gooby, gaztelania Filipinetan desagertzear dago eta AEBetan, saltzen digutenaren kontra, dagoeneko 5 milioitik gora hiztun galdu ditu, hirugarren belaunaldia ingelesera pasatzen da eta ( gauza bera aleman, frantses eta abarren hiztunen kasuan. Horrek guztiak hizkuntza atzeratuak direla adierazten du edo egoera sozio-politikoak ez duela euren alde jotzen?

  • Bestalde, egunero ibiltzen naiz jatorrizko gaztelania-hiztun arruntekin edo ikasiekin harremanetan eta esan dezaket lasai asko gehien-gehienen hiztegi-aberastasuna, abstrakziorako edo kontzeptualizaziorako gaitasuna eta bestelako espresibitaterako tresnen bilduma ez dela batere pozik ibiltzekoa.

  • Horri guztiari gehi egiozu alderdi abertzaleen proiekturik eza, gobernatzen duten herri eta mankomunitateetan erraz ikus daitekeen bezala. Areago, ezker abertzaleak zenbait herritan euskararen aldeko konpromisoa erakusten du, beste batzuetan ez, baina Geroa Baik hori ere ez. Geroa Baik antzerkia besterik ez du egiten tarteka-marteka euskararekin. Ez zaie batere interesatzen.
    Españolistak hain zakar badabiltza, abertzaleen erantzun eta ardura ezagatik da, neurri handi batean.
    Zeinen ongi datozkien alderdi batzuei Barcina ta Jimeneztarrak!

  • Juan Aleman 2014-08-18 22:40

    Horrelako legeak aipatzea eta iruzkintzea oso interesgarria iruditu zait. Euskararen etsaiak nondik nora dabiltzan ikusteko.
    Eta gu nola ote gabiltza? Bere garaian aurrera egin genuen, lanaren eta militantziaren indarrez. Ez genuen besterik. Poliki-poliki itzaliz, amatatuz joan gara. Indarrik eta kemenik gabe, hemen gaude, lozorroan. Noiz iratzarri behar dugu? Noiz bildu behar dugu estrategia bat adosteko eta lotzeko? Noiz? Ia-ia esperantzarik gabe nago, militante zaharrak bukatzen ari dira, hiltzen. Gaur bertan Inazio Agirreren heriotzaren berri jakin dugu. Nork hartuko du ordezkoa? Non gaude? Non zaudete? Eeee! Eeee! Eeee! Oihartzun besterik ez dut entzuten.