Euskararen gaia ez da lehentasuna alderdientzat (2011ko Kantonamenduen Hauteskundeak)

Hiru bideo labur egin dira jasotako erantzunekin. Lehen kapituluan, hautagaiek euskararen estatusaren inguruan hitz egin dute, bigarrenean berriz, irakaskuntza izan dute mintzagai eta hirugarrenean berriz, administrazioaz aritu dira.

Lan honekin, Kontseiluak herritarrek bozka emateko orduan euskararen gaia aintzat hartzea bilatu nahi du eta arrazoi horregatik bilatu du hautagaiek beraiek gai honen inguruan iritzia ematea; euskarak ere izan dezan lekua hauteskunde hauetan. Hautagaiei baieztapen batzuen inguruan posizionatzea galdegin zaie elkarrizketatutako hautagaiei: Lehen baieztapena, hau izan da: “Lurralde  Elkargoek beren lurraldean erabiltzen den edo diren hizkuntzei estatus ofiziala aitortuko diete”; bigarrena, “Ipar Euskal herrian bizi diren neska mutilek, ikas prozesua bukatzerakoan frantsesa eta euskara ezagutuko dituzte, biak B2 mailarekin (maila berean)”. “Ipar Euskal Herriko herritar orok administrazioarekin harremanak idatziz eta ahoz euskaraz burutzeko eskubidea du” izan da hirugarrena eta azkena hau: “Administrazioak egiten dituen kontratazio berri guzietan euskararen ezagutza ezinbestekoa da.

Aurretik egindako hauteskundeetan, egitarauen azterketa egin izan du Kontseiluak. Oraingo honetan, moldea aldatu eta esan bezala hautagaiekin zuzenean hitz egin du; izan ere, jasotako egitarauetan ikusi ahal izan da ez zaiola euskarari behar duen lekua eman. Euskarari emandako lekua eskasa izan da, bai erabileran (sar hitzak, izenburuak, paragrafo baten bat, laburpenak) eta proposamenak ere, oso orokorrak izan dira eta oso lausoak. Elkarrizketak egiteko orduan, hautagaien artean lagin bat aukeratu da, irizpide batzuk aintzat hartuta.

Kantonamendu guztiak jorratu dira, alderdi nagusi bakoitzetik bi hautagai bederen elkarrizketatu dira eta emazte eta gizonen arteko oreka irizpide izanik ere, ezin izan da hau behar bezala bete emazte gutxi aurkezten baitira. Elkarrizketa egiteko erantzun baikorra eman dute 18 hautagaik eta horiei eskerrak eman nahi dizkie Kontseiluak izan duten jarreragatik. Hauek dira elkarrizketatutako hautagaiak eta aipatutako hiru bideoetan agertzen direnak: Angeluzain: Iñaki Zaldunbide (Angelu). Bayonne 100 à gauche:  Evelyne Barachart-Damestoy (Baiona iparraldea).EAJ: Beñat Oteiza (Iholdi), Jean Tellechea (Baiona ekialdea). EELV: Daniel Hegoburu (Baiona mendebaldea), Isabelle Gary, (Hazparne). EH Bai: Juliette Bergouignan (Hazparne), Daniel Olcomendy (Iholdi). Front de Gauche: Pierre Etchecopar (Atharratze), Marie-Claude Zapirain (Iholdi). Independenteak (Léopold darritchon, Bastida, Jean-Pierre iriart, Atharratze). NPA: Marc Leroy (Atharratze). PS: Frantxoa Maitia (Garazi), Thierry Dekimpe eta Sylvie Laxague, (Bastida). UMP: Max Brisson (Miarritze), Jean Castaings (Bastida), Jean-Pierre Eyhartz, (Garazi). Beste batzuekin hitz egin dugu, baina ez dugu hitzordurik lort:. Florence Lasserre (Force 64) Angelu, Arosteguy Maider (Nouveau Centre, Miarritze), Lacassagne Alain (Force 64), Lesellier Pascal (Debout la République, Ipar Baiona), Mailharro Jean-Marie (Force 64), Martin Christophe (PS, ipar Baiona), Labrousse Christine (Bayonne 100% à gauche, Baiona ekialdea). Erantzun ezezkor garbi bakarra jaso dugu: Beñat Intxausperena, Hazparneko kantonamenduan.

Estatusaren inguruan jasotako erantzunei dagokionez, ez da inor ofizialtasunaren aurka azaltzen; dena den, auzia beste parametro batean kokatzen dute; hau da, Kontseilu Orokorraren eskumenetan sartzen ote den. Batzuen ustez nazio mailako erabakia da. Bestalde, frantsesaren kalteetan ezin dela izan aipatzen dute, PS-ko Thierry Dekimpek, adibidez, aipatzen du hori, “frantsesa baita hizkuntza ofiziala”.

Kontseiluaren aburuz, izan maila sinbolikoan edo maila politiko-praktikoan, Kontseilu Orokorrak hartu behar duen erabakia da, arlo horretan behintzat eragin dezakeela uste du Kontseiluak. Euskaldunok euskaraz bizi nahi dugu, horretarako hizkuntza-politika eragingarria behar da. Ezin dugu ahaztu gainera, administrazioetako arduradunei dagokiela hizkuntza-politikak kudeatzea. Hizkuntza-politika, beste politika batzuk bezala, arauz eta baliabidez egiten da. Euskarak lege geriza behar du eta honen baitan estatus egokia eman behar zaio: ofizialtasuna, alegia. Ofizialtasuna termino juridikoa da, herritarrari erabiltzea eta ikastea ahalbidetuko diona.

Euskara ofizial izendatuz administrazioek hizkuntza-eskubideak bermatzeko lan egin beharko dute, horregatik da garrantzitsua. Hezkuntzari dagokionez, berriz, euskararen irakaskuntza eta murgiltze sistemaren aldeko parioa egiten dute batzuk. Baina gai honekin ere, batzuek gurasoen aukeratzeko eskubidea haurraren ikasteko eskubideari gailentzen diote. Batzuek, euskararen ezagutzaren derrigortzea inposiziotzat hartzen dute, diskriminatzailetzat.

Kontseiluaren iritziz, frantses elebakarra da bere hizkuntza inposatzen duena. Euskaldun guztiak elebidunak dira, ondorioz elebakarrak erabakitzen du, bere presentzia soilarekin, zein izango den gainerakoen hizkuntza. Horrek erabileran eragiten du eta euskararen garapena ere eragozten du. Egoera honi irtenbidea emateko, bide bakarra ezagutzaren unibertsalizaziora pauso sendoak ematea da, herritar guztiek ezagutu behar dute euskara, frantses elebakarrek ez dezaten beren hizkuntza inposatu.

Murgiltze sistema da horretarako egokiena, eragingarriena. Eskolak belaunaldi berriak osorik euskalduntzen ahal ditu, ez da arazo teknikorik, hori euskaldunok badakigu egiten, borondate kontu bat da soilik. Hizkuntza bat baino gehiago jakitea, gainera,  beti da hobea, nork ezarriko luke hori auzitan? Gutxiago dakienak inposatu behar luke berea? Hizkuntza gehiago dakizkienak aukera gehiago ditu alor guzietan, azken batean jakintza askatasuna da. Administrazioaren gaian, bi gai nagusi jorratu dira; herritarren eskubidea eta kontratazio berrietarako irizpideetan euskararen ezagutza txertatzeari dagokiona. Hezkuntzarekin bezala, derrigortasun izaerak sortu du eztabaida.

Entzun ahal izan dugu, koadro legaletik kanpokoa dela eta batez ere berdintasunaren izenean  euskaldunoi ezin zaigula aparteko eskubiderik eskaini. Kontseiluaren aburuz, berdintasunaren izenean euskaldunak dira bereizkeria eta diskriminazio egoera pairatzen dutenak, berdintasunaren izenean, euskaldunei hautatzen duten hizkuntza erabiltzeko aukerarik eskaintzen ez zaielako. Kontratazioen aferari dagokionez, derrigortasunezko izaerak eztabaida sortu du, gehiengo batek, euskara plus bat bezala kontsideratu behar dela erantzun du. Agertu den beste parametroa, harrera edo jendaurreko lanpostuetako langileei dagokiena da.

Kontseiluaren iritziz, harrerako eta jendaurreko langileak euskalduntzea, edo euskaldunak hartzea lehentasunezkoa bada ere, administrazioek ez dute begi bistatik galdu behar administrazioa bere osotasunean euskalduntzea dela helburua. Euskaraz lan egiteko eskubidea bermatu behar dute. Azken batean, herritarren hizkuntza-eskubideak dira bermatu behar direnak. Kontratazioei begira, abantailatzat jotzea ongi da, baina ez da nahikoa. Izan ere, euskalduna hasieratik kontratatuz gero, dirua eta denbora aurrezten da. Langile erdalduna euskalduntzeko formakuntzan pasa behar duten denbora eta dirua, alegia.

Administrazioek elkarbizitza arautzen dute, zerbitzuak eta baliabideak eskaintzen dituzte. Oro har, herritarren zerbitzuan ari dira, herritarren ongizatearen bermatzaileak dira. Eta bestalde, herritar horiek, zerbitzu horiek ordaintzen dituzte, zergen bitartez. Administrazioek beraz, ezin dituzte herritarrak baztertu, orekaz eta justiziaz jokatu behar dute. Horretarako ezinbestekoa da herritar euskalduna euskaraz artatzea. Zergaduna da, eskubideduna. Euskarazko zerbitzua eskaintzeko administrazioa euskaldundu behar da.

Hemen dituzue bideoak:

ESTATUSA

IRAKASKUNTZA

ADMINISTRAZIOA

NDczNg==

Irudia | Euskara kantonaletan | zz | Creative Commons By SA
Irudia | Euskararen egoera kantonamenduetan | Kontseilua | LGPL

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.