“El país que un dia habló euskera”

Jakintza ikastola
Jakintza ikastola

Badirudi urteak pasa ahala euskera gehiago jakin bai, baina gutxiago hitz egiten dela. Zarautzen bizi naiz ni, herri oso euskalduna izan da betidanik, baina Udalak jakin arazi duenez, orain duela bost urte baino gutxiago hitz egiten da. Horrelako datuek kezka sakonak sortu dituzte euskaltzale eta abertzaleen komunitatean. Zergatik ote? Zergatik gazteek, nahiz eta txikitatik eskolan euskaraz ikasi, gero erdaretara jotzen dute eguneroko bizitzan? Erantzuten oso zaila da galdera hau.

1-Frankismoaren ondorio

Batetik kontutan izan beharra dago, frankismoak sekulako mina egin ziola gure hizkuntzari. Jende askok euskara gaztetan edo umetan galdu zuen, “generación perdida” delakoa sortuz. Honek badu eraginik euskararen bilakaeran; izan ere, nahiz eta, ume asko eskolan euskaraz aritu, etxean gurasoekin erdaraz mintzatu behar izan dira. Galdutako belaunaldi horretako beste guraso askok, euskara beranduago berreskuratu arren, etxean emazte edo senarrarekin erdaraz mintzatu izan dira eta umeek hizkuntza hori entzun dute egunero.

2-Hedabide erdaldunen indarra

Euskal Herrian hedabide espainolek duten indarrak ere eragina izan du bilakaera honetan. Komunikabideen portzentai oso txiki bat da soilik euskalduna, arlo honetan goleadaz irabazten dute erdarazko hedabideek. Eremu euskaldunenetan ere erdarazko komunikabideak dira kontsumituenak; Diario Vasco, Telecinco, Tve 1… honek zer pentsatua ematen du. Ingurune mediatiko erdaldun batean bizi dira Euskal Herriko gazteak.

Hedabideak - Topagunea
Hedabideak - Topagunea

Nolabait urte askotan ETB1-ek izan du umeen ikusle kuota handiena, Superbat eta Betizurekin. Orain badirudi hori aldatzen ari dela TDTaren etorrerarekin eta geroz eta marrazki bizidun eta telesail eskaintza handiagoarekin. Gainera hutsune handi bat egon da eta dago gazteentzako eskaintza telebisiboan, garai batean Dragoi Bola euskaraz normaltasunez ikusten zutenak, gaztetan Espainiako kateak ikustera pasa dira euskarazko eskaintza faltagatik.

Hedabideek eragin handia dute erabileran. Esaterako, ETBn futbolari euskaldun bati elkarrizketatzen zaionean, bi hizkuntzentan egiten zaizkio galderak bi kateetarako. Zergatik ez egin galderak soilik euskaraz eta ondoren ETB2rako itzuli? Horrela gazte askok haien idoloaren hizkuntza euskara dela ikusiko zuten, eta normaltasunez darabilela. Bada zertan sakondu.

3-Politika eraginkorrak falta dira

EAJ gobernuan egon den urteetan diru asko erabili da euskararen normalkuntzarako. Diru aldetik ezin kexatu. Baina politika egokiak aplikatu al dira erabilpena sustatu eta normalkuntza lortzeko? Nire iritziz asko nabari da orain arte egindako euskararen politika abertzale erdaldunen ikuspegitik egin dela. Nola liteke A,B eta D ereduak izatea eta euskaraz ez jakiteko eskubidea onartzea bestela? Hor hutsune oso handi bat dago. Euskaldunok nola izango dugu euskaraz mintzatzeko eskubidea, Euskal Herriaren zati batek ez badaki hizkuntza hau? Argi geratu da hiru ereduek dituztela hutsuneak, baina baita ere argi geratu da D eredua dela konpletoena. Norbaitek ezagutzen al du erdaraz ez dakien gazteren bat? Ez noski.

Unibertsitatean Patxi Baztarrikak, euskararen eta euskal hedabideen inguruan eskaini zuen hitzaldi batean, adierazi zuen euskaldunok dugula ez erabiltzearen errua. Erruaren parte bat izanen dugu segurki, baina zati handiena instituzioek dute, ez dutelako bermatzen euskotar orok euskaraz jakitea.

Bestalde UPN eta Frantziako Gobernuak egindako euskararen suntsiketak ez du aipatzerik ere merezi. Biek euskara museo bateko bitrinetan erakutsi nahi dute, turistentzako objetu edo ondare kultural gisa.

Katalunian egindako lana erreferentzia izan daiteke etorkizuneko politikak erabakitzerako orduan.

4-Euskaldunon konplejoa

Euskaldunok konplejoak galdu behar ditugu. Konpromezua falta zaigu gure hizkuntza erabiltzerako orduan. Oso erraza da zarauztar batek Orioko okindegi batean euskara erabiltzea, hori oso ondo dago, baina mugak gainditu behar dira. Tuteran, Bilbon, Irunen ala Zangotzan egon, lehen hitza euskaraz egitea da “konpromezua”. Ni urtean zehar Bilbon bizi naiz, eta Bizkaiako hiriburuak erdaldun fama handia du (merezita ziur), baina beti euskaraz lehenengo hitza egiteko konpromezua hartu nuen eta ez zarete imaginatzen zenbat tokitan dakiten gure hizkuntza. Lehen hitza euskaraz eginda euskaldun asko deskubritzen da.

Ezin dira milagroak egin, nik uste, ez dagoela erantzun edo arrazoi bakar bat erabilpenaren arazoa ulertzeko. Faktore askoren nahasketa aztertuta uler daiteke gaur egun euskarak bizi duen egoera. Orain erreflexionatu, pentsatu eta erantzunak ematen saiatu behar gara etorkizuneko Euskal Herrian euskara entzutea arrunta izan dadin. Gure herria ez dadin izan “El país que un dia habló euskera”.

Ikasleak ordenagailuan - Jakintza ikastola
Ikasleak ordenagailuan - Jakintza ikastola

Ekaitza bainuontzi batean

6 pentsamendu ““El país que un dia habló euskera””-ri buruz

  • Zorionak! oso ona iruditu zait artikulua. Telebistaren panoramari dagokionez ea Bilbon lehen pausoak ematen ari den 11telebistak arrakasta lortzen duen, euskaraz kalitatezko programazio bat eskeiniz.

  • Txantxangorria 2009-07-30 15:24

    5. erantzun bat emanen dut, baina nire ustez garrantzitsuena da. Euskaldun berria haurrak dira eta ikastolan edo D ereduan ikasitakoak, baina etxean gazteleraz hitzegiten dutenez (guraso erdaldunak), eskolatik at, gaztelerara jotzen dute naturaltasun handiagoarekin. Itxaropena zera da, haur hauek handitzean, beren seme-alabei euskaraz hitzegiten badiete, haur horiek naturaltasun handiagoarekin hartuko dutela euskera eta bere bizitza normalean erabili. Baina horretarako belaunaldi ba pasa behar da, beraz PAZIENTZIA EDUKI DEZAGUN, MESEDEZ!

  • Azterketa ona, Oier. Hala ere, laugarren erantzunari dagokionez, nik ez nioke inori gomendatzen Tuteran edo Zangotzan “lehen hitza” euskaraz egitea. Bigarren hitza edo hirugarrena bai, baina lehena ez. Frustraziorako bidea baina ez da hori. Bilbon eta Irunen bai, noski.

  • Gauza nola den azaltzeko erak asko erakarri nau, arrazoi bakoitzari bere lekua emanez eta sakonduz. hala ere, iznburua izan da Oierren testua irakurtzera bultzatu nauena.
    Arazoa planteatzerakoan eta lau arrazoi hauek ematerakoan, hausnarketa egokia egiten du. Ikerketa lana ona eginez. Niretzat interesegarriena, ez berriena, baina ikuspuntu desberdin bat edo erakusten diguna azken arrazoia da. Hau da, beste hirurak oso entzundak ditugu eta azken hau ohikoa egiten zaidan arren ematen dion perspektiba, ez. Esan beharra dago, euskaldunok hizkuntzarekiko izan behar dugun “kompromesu” horri buruz prentsarazi egin nauela niri eta zihuraski beste askori ere.

  • Margarita Gorria 2013-05-25 12:57

    Egia da itxaropena galtzea dela gaitz haundiena. Neri askotan gertatzen zait. Hala ere, nere egunerokotasunean euskeraz bizitzen ahalegintzen naiz. Egia da euskeraz bizitzea lortzen ez dedala, baina, beti saiatzen naiz nere lehen hitza euskeraz egiten. Egia da, nere eremua guztiz euskalduna ez den arren, ez litzatekeela berdina izango Tuteran biziko banintz. Nere esperientzian gehitu nahiko nuke: euskaldunak diren arren erderara jotzeko lagunen artean, inoiz baino gehiago saiatzen naiz eukeraz egiten. Horrela, benetan, eremua euskalduntzen da, pixka bat bada ere. Borroka zaila den arren (euskaldunok bipolartasuna garatuko degu azkenerako, hainbeste hizkuntza nahasten diren elkarrizketetan) eremu hoietan behintzat euskera da erreferente. Neri hori gertatzen zait gutxienez pixukideekin.

    Bestalde, puntu bat gehitu nahiko nuke: euskaldun berriek egiten duten esfortzua kontuan hartu behar degu; pazientziaz hartu behar degu, azken finean esfortzu haundi bat egiten ari direlako. Ez dakit bideo hau ikusi dezuten, baina, uste det batek baina gehiagok gure burua bertan islatuta ikusi degula: http://www.youtube.com/watch?v=Q4Hz7-7pQQw

  • Egiya da lehen hitza Euskaraz eginda pentsatuko ez zenukeen jendearekin Euskaraz berba eiteko aukera ematen dizula, niri horrela gertatu zait behintzat, eta duela asko ezagutzen nun jendearekin gertatu zait, nere ustetan Euskara jakingo ez zuten askok, bazekiten, edo behintzat esandako gehiena ulertzeko, ala ere izugarri nekagarriya da, ez da bakarrik askok gaztelerara eiteko joera dakagulako, ikus entzuten dugun gauz gehienak gazteleraz dialako ere. ETB1n ez dago eskaintza ugari eta ona, atzerriko serie eta pelikulak gazteleraraz itzultzen dira bainan Euskarara ez (eta Ingeles maila ona ez dugunentzako gaztelera da gelditzen zaigun bakarra).
    Eta zerbait gazteleraz ikustea lagunak gazteleraz eiten dizuten bitartean, eta zu gehiena Euskaraz esatea izugarri nekagarria da, pilotu automatiko bat garatzen ez badezu behintzat.

    Euskaldunzaharrei gertatzen bazaie, eremu gazteleradunetan hezituak izan dianei askoz gehio. Eta B eta D hezituak izan diran askok bere umeei gazteleraz eiten diete, baita EGA ateratzen ari dian askok ere, ez dakit ze portzentaian bainan nik batzuk ezagutzen ditut. Kontrakoa eiten dutenak ere daude, hau da, nahiz eta gazteleraz eitea ohituta eon, bere umeei Euskaraz eiten dietenak. Ala ere gurasoetako bat gazteleraduna denean? Ze hori ere asko gertatzen da gaur egun.

    Ongi izan.