Etxezuloko pantallismoaz eta euskararen erabileraz

Iñaki Segurola - Etxezuloko pantallismoaz eta euskararen erabileraz
Iñaki Segurola

Izana, egina goiburuko iritzia eman du argitara Iñaki Segurola idazle azpeitiarrak, 31 eskutik blogean. Uste dut eztabaidarako eta aintzat hartzeko nahikoa arrazoi eta argudio eman dituela bertan.

Horratx laburpen bat:

Euskararen aurrerapena, letrakuntzan
Letrakuntzan gertatu da aurrerapena hemen, eta horrek eraman du jende mordoa sinistera euskara “sekula baino hobeto” dagoela. Letrakuntzari bakarrik dagokion irudipen gezurrezkoa besterik ez da hori. (Letrakuntza idor horren barruan sartuko nuke “erabilerarik gabeko ezagutza”, edo, bestela esanda, egiterik gabeko jakite hila.)

Etxezuloko pantallismoa
Bizimoduan aldaketa latza gertatu da azkenengo hamarkada hauetan. Kaleko bizimodua murriztu eta “etxezuloko pantallismoa” … gailendu da oso. Horrek dakarrena da arnasgunerik garbienean ere begi-belarrietatik sartzen den gehiena erdara izatea. Eta begi-belarrietatik mihiraino tarte motza dago, denok dakigunez.

Lekeitio erako eta Agurain erako herriak
Euskararen bazterketa bortxazkoa nabarmen arindu denean (euskarazko eremuaren erdi-mendebaldean bereziki), “euskararen gezurra” ari da agerian gelditzen. Gauzak nolabait adierazi behar, eta “Lekeitio erako” eta “Agurain erako” herriak bereiziko ditut. Aurreneko horietan iruditzen zait izanak hartu diola gaina eginari; bagara, ez dago dudarik bagarela, eta orduan zertarako “nekatu” egiten, errazena pantalletatik sartzen zaidan hizkuntza horren magalean etzatea dela sentitzen baldin badut? Eta hor gertatzen ari dena da behera datorrela euskara, gehienbat helduen artean…
Bigarren erako herrietan askok ez daukate garbi zer diren, ez dago garbi badiren edo ez diren, hizkuntzaren galera aspaldikoa baita, eta orduan, izanean sendotzeko, zer dago hoberik euskaraz ikasi eta egitea baino? Eta hor gora egiten ari da euskara; inongoa ez den eta ia edonorena izan daitekeen euskara hori, bai, baina euskara, azken buruan.
Bi era horietako herrietan gertatzen ari denaren muina edo emaitza honako hau da: ez dakitenak ari dira ikasten euskara, dakitenek lasai utz dezaten bazterrera.

Erdaldun hutsen presentziaren eragina
Ezin ulertu edo irentsi izan dugu sekula santan, euskaraz egiteko zenbaterainoko izua, larria edo ezina jartzen dien askori –gehienei, ia denei– erdaldun huts baten presentzia hutsak. Ezin jasana eta ezin ulertua da batzuontzat, eta ertzeraino noa ostera argi bila: ezagutu izan dut “Euskal Herriaren alde” bizia kendu eta galtzeko prest egon bai baina erdaldun bakar bategatik euskaraz mintzatzen ausartzen ez den jendea. Nola liteke hori? Nere ustez, ez dago esplikaziorik; edo badago, baina horretarako jabetu beharra dago hemengo euskararen asunto hau kontua eta gezurra dela erdia-pasa. Eta euskara benetako hizkuntza bezala harturik diot, ez letrakuntzarako edo ideia potoloetarako aitzakia gisa. …

Eta iruditu zait arrazoitik ez zaiola falta. Eta “etxezuloko pantallismoa” %95 baino gehiagoan soilik erdaraz praktikatzen delarik Euskal Herrian, iruditzen zait badela garaia gauzak aldatzen hasteko, euskara dokumentaletan baino ez badugu ikusi nahi hemendik hamarkada batzuetara…

Etxezuloko pantallismoaz eta euskararen erabileraz

Zer duzu buruan “Etxezuloko pantallismoaz eta euskararen erabileraz”-ri buruz

  • Izugarria da Segurolak gehienok intuitu baizik ezin ditugunak hitzetan horren klarki paratzeko duen abildadea. Hala idatzi honetan nola irratiz nahiz liburuetan ematen dituen gogoeta-dosietan. Artikulu honetan bilbatzen eta aske uzten dituen muturrak ez dira gutxi; edonondik heldu eta hortxe hausnarketarako bidea. Hori guztia hala izanik, badago gauza bat ez nauena konbentzitu testuan, labur-beharrez edo, pixkat airean gelditu baita, nire ustean: “…euskararen asunto hau kontua eta gezurra dela erdia pasa”. Eskertuko nioke hori hobeto esplikatzea, zertan oinarritzen den halako baieztapen potoloa egiteko, edo boutade bat baino ez den… Nahiko nuke jakin, bai.