Euskararen bizi-indarra… bixi-indarra… birrindarra…?

napar4Euskara salbu dagoen honetan (kanpora bizarrok!), euskararen bizi-indarra izan daiteke kezka iturri izatekotan, ez euskararen biziraupena bera, hizkuntza politikaren ardura ofiziala dutenek diotenez.

Nik neuk ez diot zentzu handiegirik ikusten baieztapen horri… Izan ere, bizi-indarrik ez duen hizkuntza, hizkuntza hila litzateke, ezta?

Edonola ere, euskararen bizi-indarra oso kezkatzeko seinaleak ematen ari zaigu, batetik eta bestetik. Bizi-indarretik baino, bixi-indarretik edo birrindarretik gehiago duela esango nuke. Adibide ugari, gehiegi, daude esan dudanari eusteko, baina urrunago joan barik ere, atzo bertan arrantzatutakoa ekarriko dut hona.
ETB1-eko Tumatxak saioa ikusten ari ginen etxean, gustura.  Su ta gar, Amaia Zubiria,…  eta Zuhaitz Gurrutxagaren jardun atsegina lagun. Saio interesgarria oso: musikarion bizipenak, euskararekiko harremana, eta bestelako kontuak, oso egoki ekarriak. Hain egokiro ze, ETB1 jartzen dugun gehienetan protesta egiten duten etxeko txikiak ere, hipnotizatuta bezala baitzeuden telebistari begira…

Halako batean baina, Pascal Gaigne handia agertu zen pantailan, euskaraz jakin ez (!) eta espainieraz mintzo. Bere jardun profesionalaren zatirik handiena musikari euskaldunen eskutik eman arren, euskara ikasi beharrik ez du izan Pascal-ek nonbait. Eta musikari euskaldunok, nonbait, “naturaltasunez” jardun izango zuten berarekin espainieraz urteotan guztietan, euskaraz eta euskaldunontzat kantatuz era berean…
Eta ordura arte saioak sentiarazitako zirrara epeltzen hasi zitzaidan, urtzen. Eta ezagutzen nituen beste bakarlari eta talde euskaldun batzuk etorri zitzaizkidan burura… eta konturatu nintzen saioan azaleratutako egoera hori oso ohikoa zela euskal musikagintzan (ere), ohikoena beharbada. Euskarazko ereserkitik eta ereserkirako tarteetan “a ver, súbeme los graves” edo “esa guitarra, más suave…”, eta abar…

Alegia, ez daukagula nahikoa indarrik, gure euskarazko egitasmorik ederrenetan ere, urte luzez parte hartzen duten erdaldunek euskalduntzeko beharrik senti dezaten …
Burutazio horietan ari nintzela, saioa bukatu eta garagardo etxe ezagun baten iragarkiak esnarazi gintuen kolpetik; kolpe latzetik esnatu ere, bat-batean:
“este es un viejo anuncio…” espainiera batuan, ETB1-en, baselinarik gabe, aizue, Raaa!… Eta iragarkiari bukaera biribila emateko, euskaraz esan eta idatzitako hitz bakarra, baina egoeraren adibide eta paradigma: “nortasuna”!

Nortasuna bai, gure nortasuna… nolako nortasun higatua baina! Gure komunitatearen bixi-indarraren adibide zoragarria, telebista saio baten edukien eta ingurumariaren bidez ezin gordinago azaldua.

Noiz hasi behar dugu anabasa honi konponbidea jartzen?

4 pentsamendu “Euskararen bizi-indarra… bixi-indarra… birrindarra…?”-ri buruz

  • Bai, horixe omen da errealitatea: euskaraz kantatzen duten taldeak erdaraz bizi dira beren giroan, kontzertuetan… Gehienetan teknikariak / teknikari batzuek ez dakite euskaraz, edo taldekideren batek ere ez… Zaila.

    Gauza bera “euskaraz errodatutako” filmekin: grabazioaren zatiren bat ikusi dudanean, “corten” esan ondoren erdaraz hasten dira: “Vamos a repetir”… Esandakoa, zaila da lan talde osoak euskaraz jakitea.

    Garai batean ETB 1en ere gauza bera omen zen. Orain beharbada aldatuko zen; aditu dut bertako langile asko euskaldundu direla…

  • Aurrekoan ETB2 ko teleberria ikusten, bapatean albiste baten bideoa gazteleraz sartu zuten, argi eta garbi nahi gabe. Poztu nintzen, eta ez zidanez denbora eman ETB1ko albistea ikusteko, pentsasu nuen nere baitan, “albistea hau behibtzat euskeraz entzungo dut”…ba ez!!!!!
    Ikaragarria. 5 segundu pasa ondoren, bapatean berriz esataria azaldu zen hau esanez, edo antzeko zerbait: “perdonen, la noticia si era pero no era el idioma correcto”
    Eta albistearen bideoa ikusi gabe gelditu ginen denok, nahiago izan zuten bideoa moztea eta informaziorik gabe denok gelditzea!!!!!!!!
    ETB???

  • Normala! Erdaldunak oso sentiberak dira, eta euskarazko ustegabeko dosiek, txikiak izanagatik ere, kalte handiak eragin diezazkiekete belarri-garunetan…

  • […] da benetan kezkatu behar gaituena gure hizkuntzaren bizi-konstanteak direla, bizi-indarra nolakoa den. Indar horren arabera dago irautea bera ere, baino bereziki hizkuntzaren baitako bizi […]