Euskararen aldeko defentsa, eskuin-muturraren aurka

Euskararen aldeko defentsa, eskuin-muturraren aurka –

Euskararen aldeko defentsa, eskuin-muturraren aurka
Marine Le Pen-ek 13,3 milioi boto lortu ditu Frantziako hauteskundeen 2. itzulian. / Arg: M.L.P

Eskuin-muturrak Frantziako bigarren itzuliko hauteskundeak galdu dituela entzun duzue ziur aski. Baina ez dezagun ahaztu, Marine Le Pen-ek inoizko emaitzarik onena erdietsi duela: 13,3 milioi boto, hain zuzen ere. Bost urtetan 2,6 milioi boto irabazi ditu, eta ia 7,5 puntu igo da.

Eskuin-muturraren diskurtsoa legitimatzea oso arriskutsua da, eta gizartean xenofobia, arrazismoa edota hizkuntza gutxituen aurkako aldarriak sustraitzea dakar. Langile klasearen beharrizan eta erantzunei populismoarekin erantzuteak funtzionatzen du: eliteen aurkako diskurtsoarekin, ezkerreko langile boto asko lortu ditu, eta protesta botoa biltzeko ahalmena duela argi geratu da.

2002. urtean Jean-Marie Le Pen bigarren itzulira pasatu zenean, hainbat manifestazio izan ziren, eta zalaparta handia sortu zen. 20 urte beranduago, oso gutxi izan dira eskuin-muturraren aurkako manifestazioak, eta, gainera, jende gutxi batu dituzte. Ezkerra erabat ahulduta eta zatituta dago, eta eskuin-muturra, aldiz, inoiz baino indartsuago.

Ipar Euskal Herrian, zorionez, babes txikia izan du Le Pen-ek, eta lau herri txikitan besterik ez du irabazi: Etxarri, Banka, Gixune eta Ürrüstoi-Larrabilen, alegia. Frantziako Estatuan hamazazpi puntuko aldea atera dio Macronek Le Pen-i. Ipar Euskal Herrian, ordea, 31 puntukoa izan da aldea.

Euskara eskoletatik kanpo utzi nahi izateak hautsak harrotu ditu Ipar Euskal Herrian. Korrikak duela aste gutxi erakutsi zuen babes zabala duela, eta hainbat alderdi eta mugimendu batu ziren lasterketara, gure hizkuntzaren alde. Euskararen aldeko defentsa izan da, beraz, eskuin-muturraren aurka euskaldun asko botoa ematera bultzatu dituena: izan baliogabe, zuri edo Macronen alde bozkatuz.

Bukatzeko, hauteskunde legegileetan jarri beharko dugu orain arreta. Ezker estatalista zerrenda bateratua aurkezteko saiakerak egiten ari da, eskuin eta zentro-ezker tradizionalak aliantzak bilatu beharko dituzte inoizko emaitzarik txarrenak lortu eta gero, eta eskuin-muturraren babesa berriro ere neurtzeko parada ezin hobea izango da.

Ikusteke dago egoera aldakor eta ziurgabe honetan EH Bai orain arteko goranzko joera mantentzeko gai izango den.

Askatasuna, berdintasuna eta senidetasunaren aldeko hurrengo txanda, ekainaren 12an.

Euskararen aldeko defentsa, eskuin-muturraren aurka

Irakaslea eta gurasoa. Gasteiz