Euskaraldian ere denok elkarrekin. Ez negar egin

Euskaraldian ere denok elkarrekin. Ez negar egin –

Aginte-gunetik egun zabaltzen ari zaizkigun mezuetan hedadura eta arrakasta handia izan dituenetako bat honelaxe formulatu genezake: Agintearen intereseko ez den kasuetan gizarteak (jendeak, herriak) iritsi nahiko lituzkeen helburuak norbanakoaren kontuak dira, hautu indibidualak, eta beraz norberaren lana, inplikazio, konpromiso edo militantzia eskatzen dituzte.

Aginteak helburu horietatik oso gainetik dauden eta garrantzi handiagokoak diren beste batzuen atzetik ari dela lanean sinestarazi nahi izaten du, agerian utziz horiek direla gizarteari behar eta benetan komeni zaizkion lorpenak, nahiz eta gizartea konturatu ez.

Jendearen borondate (nahi, helmuga, amets) horrek justiziarekin eta balore unibertsal eta demokratikoekin guztiz lotuta egoteak ere ez du eskema hau piperrik ere aldatzen.

Paradoxa ere sortaraz diezaioke horrek baten bati: nola ote liteke bizi guzian egin duguna, behetik gorako lana, orain botere-gune horietatik bultzatzea, non eta askotan, gehienetan, haien kontra bideratuta izan denean lan (inplikazio, konpromiso militantzia) hori.

Ez gaude hemen beti defenditu eta aritu garen behetik gorako eskema horiei kontra egiteko, baina akats handia litzateke denbora paseak eta eskarmentuak erakutsiari muzin egingo bagenio.

78ko Erregimena ezarri baino lehenagoko urteetan eta ondorentsuetan bizi-bizi zebilen jendarte batek bere histori guztian inoizko lorpenik handienak eskuratuko zituen ziurrenik: Ikastolak, helduen euskalduntze eta alfabetatze mugimendua, kooperatibak, euskara batua, UEU, argitaletxeak, sindikatuak, langileen mugimendu oso sendo batzuk…

Ondoren demokratiko izenlaguna jartzen ohi diogun sistema ezarri ziguten eta hura guztiak lurruntzen, itzaltzen eta desegiten joan zen pixkanaka, harik eta gihar sendo izandako hura indarge eta pattal, egoera kritikoan ez ezik noraez larrian erori zen arte. Egungo sistemak eskura jarri dizkigun erosotasunak, kontsumorako ahalmenak, ongi izate deritzoten sistemak ekarri ditu, nonbait, herri ekimenen pattaldia eta noraeza, desaktibazio ia, halako moldez non garai batean boterearen ikuspegitik arriskutsua izan zitekeena egun ez dio zirkinik ere egiten botere horri.

Euskararen aferari helduta, ez dira alferrik pasa Korrikak, Nafarroa oinez, herri urrats, mota guzietako kanpainak, feriak eta erromeriak antolatuz emandako urteak, eta hura guztia pasata nekez ukatu lezake inork helburu handiak (Euskal-herria euskalduna, euskaraz bizi ahal izatea, euskararen normalizazioa…) lekutan gelditzen zaizkigula (hasi ginenean baino urrunago akaso?), eta aitzitik iraupen proba nekoso, higatzaile eta akigarria izan den ibilaldi hau guztiz antzua eta erabateko ezinean ageri da 78ko sistemak gurekiko zuen helburu nagusiari aurre egiteko; emaitzak hor dira: egun 70 edo 80ko hamarkadan baino askoz herri erdaldunagoa gara funtsean eta kulturalki ez gara inoiz orain bezain espainolak izan.

Gauzak horrela goien adierazitako mezua bezalakoak hedatzea errez suertatzen zaien gauza da. Honez gero badakite herri ekimena ondo zedarrituta eta estu mugatuta dagoela eta oso merke ateratzen zaie laguntza xixtrinak, animoak eta eta ttap-ttapak sorbaldan ematea. “Eutsi neska-mutilok!” Orain badakite militarren tankeek baino askoz emaitza hobeagoak ematen dituztela komunikabideen ikuskizun negargarriek.

Egoera honetan, herri mugimendua guztiz ahuldurik eta, esaten digutena esaten digutela, gizartearen zati handi bat, gauza horietatik urrun dela, etorri zaigu bigarren Euskaraldia, hobetua eta aberastua, antza. Ez nator ni, ez honi ez beste ezein mugimenduri inolako trabarik jartzera baina egungo joeraren oso kontrara nik esango nuke, euskalgintzak antzu eta alferrik ariko dela beti, aginte-gune eta erakundeen aurrean konfrontazio jarrera argi bat erakusten ez duen bitartean. Nire irudiko akats larria da gaur egun denok elkarrekin -herri ekimena eta instituzioak- aritzeko seta hori. Amu pozoitua jarri digute muturren aurrean eta guk kosk.

Berrogei urteetan hizkuntz politika sendo eta eraginkor bat martxan jartzeko inolako borondaterik erakutsi ez dutenak euskaraldia bezalako ekimenetan parte hartzen ikustea hipokrisia erakusgarri garbi bat izateaz gain, fin ondutako trikimailua ere badela esango nuke.

Berrogei urteetan herri hau euskalduntzeko eta euskaraz bizitzea ahalbidetzeko herri ekimen sendo xamar baten laguntza edukiko zukeen aginte-guneak ez du zirkinik ere erakutsi gauzak norabide horretan jartzeko. Denbora tarte polita izan dute ez Nafarroa Oinez laguntzeko edo Euskaraldiaren txapa paparrean jartzeko bazik eta hizkuntz politika sendo bat abiatzeko herri honetan euskaraz bizitzea posible egiteko; denok dakigu hortik zein urruti ibili diren beti. Ez dezagun ahaztu agintari horiek habia jarri duten erakundeak funts-funtsean justu kontrako helburuetarako sortu zirela; inozokeria handia litzateke haiengandik zerbaiten esperoan egotea.

Pandemiaren testuinguruan ere mezu beraren edukia zertan den begi bistakoa da:

konpromiso eta ahalegina herritarrei eskatu behar zaie, okerrak eta jarrera gaitzesgarriak haienak dira eta horregatik zigor eta salaketen hartzaileak dira. Baina 9 hilabeteren buruan izan dugun mediku, erizain eta baliabideen falta eskandalagarrien erantzulea ez da herritarra izan eta hor erantzukizunik hartu duen agintaririk ez dago, ezta hartuko duenik ere.

AHT, erraustegia edo Donostiako metroaren aurrekontu erraldoiei inongo koskarik kendu gabe urteetan osasungintza miserable bat -orain badakigu- sustatu dutenak orain EITB maratoia antolatzera datozkigu, beraiek jarri nahi izan ez duten dirua berriro ere herritarrei eskatzera. Denok elkarrekin. Negar gura galanta ematen duelako eskatzen digute negarrik ez egiteko. Ez negar egin.

Nafarroan ere ez dute lotsa handiegirik erakutsi Nafarroako domina mediku eta erizainei emateko, nork eta martxo alde hartan AHTren obrak ez gelditzeko Madrilekin negoziatzen ibili zirenek Iruñeko ospitaleetan ezinean zebiltzan bitartean.

Espektakulu garai honetan dominak jartzea ere errentagarria zaie batzuei eta haien negozio ezkutuak are ezkutuagoak edukitzeko balio die.

Euskalgintza deituriko horrek ze norabide hartu beharko lukeen ez da errez esaten. Nik iraganeko aipu pare bat ekarri nahi nituzke hona burutan gero eta gehiago darabilzkidanak. Iraganekoak izanda ere etorkizunari begira egindakoak biak ere:

Lehenengoa Benito Lertxundiri entzun nion “euskararena errez konponduko litzake arau bakar bat jarrita: Euskal Herrian lana egiteko euskara behar da”.

Hau da, goiko politika horretatik diseinaturiko hizkuntz politika zentzuzko eta irmorik gabe beste berrogei eta beste ehun urte ere pasa ditzakegu mota guztietako feri, erromeri eta kanpainak antolatzen baina orain gauden egoeratik askoz harago joateko ez digu balioko. Gauza guztiz normala eta edozein estatuk egin duena litzateke hori, baina horixe falta, estatua.

Bigarrena, Txilardegik esandakoa da eta guztiz loturikoa lehenengoarekin: “Estatu independente batean zail izango da Euskal-Herri euskaldun bat lortzea, estaturik gabe ezinezkoa”.

Norbaiti terminologia ebatsita polistikatik politikan eragitera pasa beharra dagoela esango nuke beti ere polistika bazterrean utzi gabe, alegia, behetik gorako eskemei irmo eutsita eta helburu bakarra dela: Estatu independentea ahalik eta azkarren egitea.

Zer ez den egin behar eredu garbia dugu EH Bildu oraintxe egiten ari den horretan, nik kontrako muturrean kokatu nuke egin beharrekoa: autonomismoaren eskema guztien apurketa eta Madrilekiko konfrontazio garbia. Hasiera baterako gauza xumeak ere aipatuko nituzke: lehenik eta behin independentzia edo euskal estatua bezalako hitzak tabu izateari utzi eta lasai eta luze horren inguruan hala hizketan nola berriketan aritzea ez zait ariketa makala iruditzen. Ni leporaino nago autogobernua, eskumen, gure herriarentzat onurak ekartzea eta antzeko terminoen bonbardaketaz . Hiztegia behar dugu, lehenik eta behin, ez da kasualitatea hori izatea inposatzen diguten lehenengo gauza. Konplexuz eta beldurrez beteriko herria gara, armairutik ateratzeko dagoena.

Gauzak egiteko modua Kataluniak erakutsi digu: Demokrazia erradikala; a eta -badaezpada ere esango dugu- bide hori, hala barruan nola kanpoan, euskaraz egiten ez bada etxean gelditzea hobe.

Euskaraldian ere denok elkarrekin. Ez negar egin