Euskaraldia 2020 (I)

EUSKARALDIA 2020 (I) – 

Azaroak 20, asteartearekin, 1984. urtean faxistek asasinatu zuten Santi Brouard euskaldun eta euskaltzalea. Bost urte beranduago, 1989an, azaroak 20, astelehenarekin, faxistek, berriro ere, Josu Muguruza euskaldun eta euskaltzalea asasinatu zuten. Hilketa horiek, dudarik gabe, euskararen aurkako eraso zitalak izan ziren, euskaldunak eta euskaltzaleak hil zituztelako. 2020ko arazoak 20, ostiralarekin bigarren Euskaraldia hasi da, bihoakie Santiri eta Josuri gure aitortza eta esker ona euskararen alde egin zuten lana eta borrokarengatik; agur eta ohore, gugan beude.

Udal Legearen Dekretua eta Euskaraldia eta!

Gatoz, bada, Euskaraldiaren harira. Euskara ulertzen duten hiztunen arteko hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa sozial da Euskaraldia. Bi urtetik gorako euskaldunak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (Nafarroa Garaikoak ez ditugu aurkitu) zortziehun eta laurogeita hamabost mila eta bederatziehun eta berrogeita bi (895.942) hiztun ziren (EUSTAT 2016), EAEko biztanleriaren %42,2 Euskaldun hartzaileak, edo ia-euskaldunak, berriz, 391.89 inguru ziren (EUSTAT 2016), biztanleriaren %18,5. Datu horiekin kalkulatu dugu itxaro daitekeen euskararen erabilera maila %12,3koa izan daitekeela. Hau da, euskaldunek euskaraz hitz egiteko dituzten aukeretan, guztietan, euskaraz egingo balute espero daiteken erabilera maila soziala %12koaren bueltan izango litzatekeela. Kaleko euskararen erabilera neurtu zen azken aldian (2016) erabilera maila %12,6ko ehunekoraino iritsi zen; hiru hamarreneko gehiago, beraz. Beste aldetik, Jaurlaritzak urte berean euskaraz erdaraz beste edo gehiago egiten zutela esaten zutenak ziren %16,9; horren arabera, bada, inkesta bidez aitortutako erabilera kalean behatutakoa baino 4,6 puntu handiagoa izan zen. Ia-euskaldunak euskal hiztunen harreman-sarera bilduko balira hiztunen proportzioa %60,7 izatera iritsi liteke. Euskaraz dakitenek eta, hala hola, euskaraz ulertzen dutenen artean itxaro zitekeen euskararen erabilera maila %28,5 ehunekoraino iritsi zitekeen.

Datu horien arabera esan dezakegu euskaldunek, oro har, euskaraz egiten dutela ahal denaren bezainbat. Horrela, %12,3ko erabileraren langa hori gainditzeko euskaldunek sufritzen duten tentsio linguistikoa areagotu behar dute. Elebidun hartzaileak euskaldunen hizkuntza harremanen sarera bilduko balira bikoiztu zitekeen euskararen erabilera maila baina, jakina, euskaldunen sufritu beharko luketen tentsio linguistikoa jasanezina bihur liteke. Hizkuntza gutxituaren erabilera zertan den eta nola ebaluatzen den lan sakona egiteko dago.

EUSKARALDIA 2020 (I)