Euskarafobiak ezinezko bihurtzen du hezkuntzako itun soziala

Euskarafobiak ezinezko bihurtzen du hezkuntzako itun soziala –

Euskarafobiak ezinezko bihurtzen du hezkuntzako itun sozialaNafarroako Gobernuko Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok askotan erakutsi zuen bere euskarafobia aurreko legegintzaldian. Bazirudien Geroa Bairekin eta Ahal Dugurekin koalizio gobernuko kide izateak zer edo zer goxatuko zuela bere sena glotofobikoa, baina berehala jakin zen horrelakorik ez zela gertatuko, akordio programatikoaren hezkuntzari buruzko atalean. Bertan ez da euskara inon ageri eta ez da aipatzen honako hau besterik: “hizkuntza ereduak integratuko dituzten ikastetxeak sustatzea”.

Horrela, Gimenoren agintaldian eraikiko den lehenbiziko eskolak, Lezkairukoak, alemaneko ikasketa programa izanen du (PALE). Programa horrek euskarazko ikasketak galarazten ditu, ingelesak hartzen baititu A eredua aurrera eramateko beharrezko orduak. Bestalde, PALE programak irakasleen prekarietatea areagotzen du, Victor Pradera eskolan hutsik baitaude plantilla organikoan alemaneko hizkuntza eskakizuna duten lanpostu guztiak.

Ikasturtea aurrera joan ahala, euskararekiko herra handiagotu baino ez da egin: ez dute baimendu D ereduko lerroa irekitzea Mendigorrian. Herri txikietako eskolak babesteko eta sustatzeko erretolika, deusezean gelditzen da euskararekin topo egitean, are gehiago familiek PAIrik gabeko eskola nahi dutenean. Gainera, ikastetxean oso ikas komunitate interesgarria sortu dute, herria eta eskola integratzen dituen proiektu anitza. Zitala da eskola mapa aitzakitzat hartzea jauntxokeria hori justifikatzeko, UPNk hizkuntza zonifikazioa zerabilen bezala familien eskubideak urratzeko.

2019-20 ikasturtean hasi beharrak ziren euskaraz ematen Irakaskuntza Artistikoa, Hizkuntzen Irakaskuntza, Kirolen Irakaskuntza eta Helduen Irakaskuntza, espezialitate horietan diharduten irakasle gaituekin, eskaintza gero eta handiagoa izan zedin. Ez da deus ere abiarazi eta ez dirudi batere asmorik dagoenik betetzeko hezkuntzako itunean puntu horri buruz sindikatuekin sinatutakoa. Eta Euskarabideari galarazi zitzaion euskaraz eskolatzearen aldeko kanpaina egitea.

Aurreko legegintzaldian Irakasleentzako Laguntza Zentroetan euskarazko prestakuntzak gorakada xume bat izan arren, ikasturte honetan %9,6 besterik ez da. Euskaraz diharduten irakasleek ikasitakoa egokitzeko edo materialak itzultzeko latz egin behar dute lan maiz, prestakuntza hori beren jardunean txertatzeko.

Nahiz eta irakasle euskaldun ugari lanean ari Hezkuntza Departamentuan, nekeza da oso bertan euskaraz aritzea edo euskaraz informazioa eskatzea, hainbatetan ezinezkoa, eta hori okerragotu baizik ez da egin aurreko legegintzaldiarekin erkatuz gero. Inguruabar hauetan, non politika euskarafobikoek pilpilean dirauten eta ikasleen % 60ari ezinezkoa zaion Nafarroako jatorrizko hizkuntza berekian ikastea, ez dago biderik hezkuntzako itun politikorik edo sozialik sinatzeko. Fobiak, xenofobia edo LGTBIfobia bezala, bateraezinak dira politika aurrerakoi integratzaileekin.

Euskarafobiak ezinezko bihurtzen du hezkuntzako itun soziala

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude