Euskarabentura 2021era atzeratuko da

Euskarabentura 2021era atzeratuko da –

EuskarAbentura Elkarteak aurten antolatu behar zuen espedizioa datorren urtera atzeratzea erabaki du. Osasun eta segurtasun baldintza guztiak bermatzeko zailtasuna adierazi dute, baita egungo egoeran egitasmoaren helburuak lortzeko ezintasuna ere. Hain zuzen ere, aurtengo udan elkartearen baloreak lantzeko alternatibak bilatzen ari da elkartea.

EuskarAbentura Espedizioa egitasmoa hasi zenetik udaro 120 gazte euskaldunek osatutako espedizio batek Euskal Herria oinez zeharkatu du uztailaren 1etik 31ra, Mauletik hasita Getxon amaituz.

Apirilaren hasieran, EuskarAbentura Elkarteak, COVID-19ak sortu duen krisia dela eta, proiektua kolokan zegoela adierazi eta, behin behineko neurri moduan, edizioa abuztura atzeratzeko erabakia hartu zuen. Aste honetan elkartearen batzar orokorrak behin betiko erabakia hartu du: 2020ko udan ez da espediziorik egingo eta 3. edizioa 2021era atzeratuko da.

Espedizioa egin ahal izateko hainbat konponbide eta aukera posible aztertu ondoren, honako ondorioetara iritsi dira: osasuna erdigunean jarrita, gaur egun indarrean dauden neurriak eta jasotako aholkuak kontuan hartuta, egoerak ez du espedizioa aurrera ateratzea ahalbidetzen. Bizi dugun egoeran osasun eta segurtasun baldintzak guztiz bermatzea ezinezkoa izango da eta egitasmoaren helburuak ezin izango dira erdietsi. “Espedizioaren indar handiena partaideen artean sortzen den harremana eta hurbiltasuna da, hain zuzen ere. Hurbiltasun emozionala eta fisikoa, askotan banaezinak dira” gehitu du elkarteak.

Elkarteak aurtengo matrikulazio kanpainan izen-eman duten 321 gaztetxoak ditu gogoan: %33 bizkaitarra, %23,7 gipuzkoarra, %23,1 nafarra, %15,3 arabarra, %2,8 zuberotarra, %1,6 lapurtarra eta diasporako 2 gazte. Haietako bakoitzak proiektu original bat eta motibazio gutun bat bidali zuen. “Kalitate handiko lan asko jaso ditugu aurten, euskal gazte sortzaile mordoa dago munduan barreiatuta!” diote. Elkarteak aurtengo hautagaiek egindako esfortzua aitortu nahi du eta, horregatik, datorren urterako gordeko ditu 2004an jaiotako gazteek egindako proiektuen ebaluazioen emaitzak. 2021 urteko matrikulazioa, egoera normal batean, 2004 eta 2005 urteetan jaiotako gazteei zuzenduta egongo litzateke. Horregatik, 2003an jaio direnei dagokionez, erantzun bat eman aurretik, Elkarteak euren parte-hartzeak espedizioaren antolakuntzan izango lukeen eragina aztertu nahi du. Elkarteak ahal duenean interesatuekin harremanetan jarri eta honen inguruko erantzun bat emango die.

Bien bitartean, elkarteak bere baloreak transmititzen lanean jarraitu nahi du eta gazteen aurtengo aisialdi beharrak osatuko dituen jarduerak pentsatzen dihardu. Alternatibak aztertzen ari da, euskal gazte sare euskalduna indartzeko, Euskal Herria eta kultura ezagutzen laguntzeko, balore positiboak lantzen dituzten bitartean; besteak beste, parekidetasuna, ingurumenaren errespetua eta bizi ohitura osasuntsuak. Haien sare sozialetan argitaratuko dute honen inguruko informazio eguneratua.

“Ez da agur bat, laster arte bat baizik!” hau da elkarteak adierazi duena. Aurten ezingo da espedizioa burutu, baina inoiz baino gogo gehiagorekin hartuko diote hurrengokoari irailetik aurrera.

Euskarabentura 2021era atzeratuko da