Euskara ume guztientzat

Euskara ume guztientzat –

Azken asteetan Arnas dezagun taldearen aldarrikapen nagusiak ezagutu ditugu: haurrek euskaraz bizi ahal izateko giro egokia izatea eta horretarako gaztelaniak edo frantsesak erabateko nagusitasuna duten herri edo hirietako eskoletan haur euskaldunak sakabanatu beharrean, ikastalde berean taldekatu ditzaten eskatzen dute.

Euskara ume guztientzat

Nik, nire umeen eskolaratzearen ondorioz ere, hiru urte daramatzat gaian modu batera edo bestera sakontzen saiatzen. Euskal Herrian gutxienez 80ko hamarkadatik hainbat ikastetxetan taldekatze mota hau, aldaera ezberdinetan, praktikatu izan da, eta, ikuspegi soziolinguistiko batetik, horren eragin positiboaz, negatiboaz edo eraginik ezaz nik ez dut ebidentzia zientifikorik aurkitu. Zerbaiten seinale. Ondorioz (aurre)iritziak ematera mugatzen gara.

Gaian sakondu aurretik, azpimarratu nahi dut aspaldi dakigula ikastetxeak bakarrik ez dituela umeak euskaldunduko, eta, beraz, horren ardura guztia ezin da ikastetxeen gain geratu. Are gehiago, ez da kontu pedagogiko huts bat eta ardura ez da soilik irakasleena. Ikastetxea gakoa da prozesu horretan, baina ikastetxea bera gainditzen duen gaia da honakoa. Esku-hartzea integralagoa eta sistematikoagoa izan behar da eta baliabide gehiago jarri behar dira, ikastetxean eta ikastetxetik kanpo.

Ikastetxe ingurura bueltatuz, euskararen ezagutza eta erabilera, biak, helburu baditugu, ezinbestekoa da umeek euskararekiko duten esposizioa eta haien euskarazko produkzioa ahalik eta handiena izatea. Nire ustetan, gune soziolinguistiko erdaldunetan hizkuntza hegemonikoa ezagutzen ez duten umeak talde berean jartzeak asko lagundu dezake helburu horiek betetzen. Horrela, talde batzuk hizkuntza hegemonikoan (gaztelania edo frantsesa) gizarteratu diren umeek osatuko lituzkete eta, beste batzuk, lehen hizkuntza gaztelania edo frantsesa eduki ez dutenek, hau da, euskara edota beste hizkuntza batzuk. Eta kontua ez da euskaldunen ghetto bat sortzea. Euskararen erabilerari eustea eta euskalduntzea indartzea baizik.

Ghettorik ez da sortzen ume horiek ez direlako erabat bereizita bizi, elkarri bizkar emanda. Ikastetxearen dinamikaren (jantokia, eskolaz kanpoko ekintzak…) edo pedagogia motaren (zirkulazio librea…) edo beste faktore batzuen arabera, ume guztiek elkarren arteko harremanak dituzte egunero. Eta taldekatze hau ez da iraunkorra, betirako. Askotan, 6 edo 8 urte arte mantentzen da (LH1 edo LH3), eta ondoren ikastaldeak nahasten dira.

Abantailei dagokienez, agerikoena ume euskaldunen ongizatea da. Minorizatuta dauden inguru batean haien hizkuntzan bizi ahal izateak, haien identitatea indartzeak, taldea izateak… ume horien ongizatea hobetzen du.

Beste abantaila bat, pedagogia libreek indarra hartu duten honetan: ikastetxe askotan euskaraz egiten zuen figura zentralak, irakasleak, protagonismoa galdu du, eta, hortaz, gelan umeen arteko elkarrizketek pisu handiagoa hartu dute. Hortaz, garrantzi handiagoa hartzen du ume batzuen arteko harremana euskaraz izatea bermatzeak.

Zeharka, ume horien gurasoak ere taldekatzen dira. Guraso taldeak ikasgelen araberakoak izan ohi dira. Beraz, umeen taldekatze honek, helduen artean beste arnasgune batzuk sortzen laguntzen du, eta, ondorioz, ikastetxetik kanpo eta helduen artean euskararen erabilera handitu dezake, aldi berean umeentzat eredu bihurtuz.

Abantailak euskal hiztunentzat ez ezik, gainerakoentzat ere badira. Ikastetxean ume batzuen ohiko hizkuntza euskara izatea positiboa izan daiteke. Modu horretan, erdaraz aritzen diren umeek ez dute euskara soilik autoritatearekin edo hezkuntza eremuarekin lotuko, beraien berdinekin ere lotu dezakete.

Baina umeak horrela taldekatu eta listo? Euskaldundu beharreko ikastalde homogeneoak izateak lagungarri izan beharko luke haiekin esku-hartze espezifikoagoak egiteko. Hor dago eztabaida guzti honetan askotan eztabaidatik kanpo geratzen den puntu garrantzitsuenetako bat: zein hizkuntza politika eta baliabide jarriko ditugu erdaldunen taldeetan?

Edozein ikastetxeren lehentasunezko helburuetako batek ume erdaldunak ahalik eta lasterren eta hobekien euskalduntzea izan beharko luke, gutxienez bi arrazoirengatik. Bat, euskara gutxienik beren ikasketetarako hizkuntza izango delako. Eta euskararen ezagutza nahikorik gabe ume horiek desabantailan uzten ari gara. Euskara menperatzen ez duten bitartean, zailtasun gehiago izango dituzte arrakasta akademikorako, nahi eta nahi ez. Bigarrena, ikastaldeen nahasketa ematen denean ume guztiek ez badute euskara gaitasun minimo bat, taldekatze proposamen honek indarra galtzen du, umeen arteko hizkuntza euskara izateko aukera oso txikia litzatekeelako berriro ere.

Beraz, taldekatze hauek baliatu beharko lirateke ume zein gurasoekin esku-hartze espezifikoagoak egin eta euskalduntzean azeleratzeko. Adibidez, ikastalde erdaldunen ratioak txikituz. Talde horietan bikoizketa gehiago eginez. Esperientzia eta formakuntza gehien duten irakasleak talde erdaldunetara bideratuz. Eskolaz kanpoko euskarazko jardueretarako bekak emanez. Familia hauen euskararen aldeko jarrera aktiboa indartuz. Bertan euskararen presentzia areagotuz edo euskarazko kulturaren erreferentziak ezagutaraziz eta sustatuz.

Ertz asko geratzen zaizkit ukitzeke. Hizkuntzaren araberako ikastalde homogeneoak sortzea ez da irtenbide magikoa, ezta akaso bakarra ere. Taldekatzeak bakarrik ezer gutxi konponduko du, ikastetxean bertan neurri eta baliabide gehiago jartzen ez badira. Baina hori eginez gero, ume euskal hiztunentzat ez ezik, gainerakoentzat ere baliagarria delakoan nago.

berriarentzat egindako kolaborazioa

Euskara ume guztientzat Euskara ume guztientzat Euskara ume guztientzat

Soziologoa @Etxenike_

4 pentsamendu “Euskara ume guztientzat”-ri buruz

  • Alpargatero 2021-09-29 14:20

    Erabat ados esaten duzun guztiarekin, baina zerbait ahaztu zaizu; zer egingo dugu haur erdaldunekin? Haur erdaldunen sentimenduek ez dute garrantzirik? Askotan egoera hau izaten da: menperatzen ez duten hizkuntza batean ikastera behartzen dituzte hizkuntza horretan berean baldarki baino baldarkiago moldatzen diren irakasle batzuek. Horren emaitza, begiak irekita dauzkan edozeinentzat agerikoa den bezala, gaztelaniaz zein euskaraz ia analfabetoen moduan hitz egiten eta idazten duten gazteak. Ez al dute merezi haur horiek ere beren ama hizkuntzan eskolatuak izateko aukera? Nire ustez, horixe litzateke egokiena, haur guztiak familiatik dakarten hizkuntzan eskolatzea, lehenengo urteetan behintzat.

  • Eta zer gertatzen da gurea ez den hizkuntza bat ikastera, harremantzera eta bizitzera behartzen gaituzten milaka eta milaka euskaldunok? Ez al dugu merezi geure hizkuntzan bizitzea?

  • Semenogorri 2021-09-30 00:11

    Alpargaterori, ea Ebroz bestaldetik behera gauza behera egiten duten, zuk aipatutakoa: “haur guztiak familiatik dakarten hizkuntzan eskolatzea, lehenengo urteetan behintzat.”
    Aspertzeko beste hizkuntzarekin hala izanez gero, ze ondo Madrilen, Cuencan, Andaluzian, Extremaduran eta Gazteletan. Baietz dakartzaten hizkuntzetan eskolatu! Ziurrenik, gizajoei eta gizagaixoei esango diete Espainiara etorri direla eta hau ez dela “fandango etxea” eta han espainieraz irakasten dietela. Hor eztabaida amaituta.

  • Gure lurraldean gure hizkuntzan bizitzeko eskubidea bermatu beharko da lehenik, ezta? Eta noski, beste herrialde batzuetatik, dela Espainiatik, Marokotik edo Bulgariatik… gure hizkuntzan trabetzeko ahalik eta aukerarik onenak eskaini behar zaizkie.
    Lehen urteetan, haurrak euskara ez den euren ama-hizkuntzatan eskolatzea oso egokia litzateke pedagogikoki, baina bideraezina praktikan, espainiera ama-hizkuntza dutenen kasuan izan ezik. Ehun hizkuntzatik gora hitz egiten dira dagoeneko Euskal Herrian. Demagun ikastetxe batean 20 ama-hizkuntza ezberdin dauzkaten haurrak biltzen direla. Nola eskolatu euren ama-hizkuntzan? Ezinezkoa da.
    Besterik da dakartzaten ama-hizkuntza horiek aintzat hartzea, eta nolabait haiekiko errespetua adieraztea, ikaskideei horien berri ematea, eta abar.
    Espainieradunen kasuan zer `proposatzen duzu, Alpargatero? Guztiak A erduan matruikulatzea lehen urteetan? Eta ondotik zer? Noiz bilakatuko lirateke haur horiek euskaradun? Zergatik? Zertarako?
    Semenogorrik esan bezala, zergatik ez dira kezka hauek Ebrotik behera planteatzen?…