Euskara: nola aurre egin erasoei

euskarazHautsak harrotu ditu Isabel Zelaak eskolaz eta euskaraz esandakoak. Kopeta behar da horrelakoak gorritu gabe esateko, jakinda -seguru dakien bezala- zein den euskararen eta gazteleraren egoera erreala eta jakinda ere bi hizkuntzak parekatzeko modu bakarra diglosian gutxitua dena bereziki sustatzea eta mimatzea dela. Badaki hori guztia sailburuak, baina nik esango nuke euskara bere aurrean desagertzen ikusiko balu ere, ez lukela izango inongo bihotzeko minik.

Zuzeun bertan gai honi buruz Galder Gonzalezek idatzitako artikuluaren iruzkinetan Zelaaren garaia ere pasatuko zela eta pasatzen denean, betiko maixu-maistra serio profesional eta euskaldunen esku geratuko zela gure neska-mutilen heziketa esan nuen. Baina ez da guztiz egia. Ez da egia irakasleen eskuetan dagoela dena, eta ez da egia ere irakasle guztiak euskaldunak direla edo izan nahi dutela. Denok dakigu, gainera, oso zaila dela administrazioaren laguntzarik gabe aurrera egitea euskararen sustatze lanean. Bestalde, ez gara denboran oso urrutira joan behar, “piska bat es mucho” nahikoa zela gogoratzeko. Eta orain gaztelania euskararen mailara iristeko ahalegina egin behar omen dugu.

Ez dakit zenbat ahal izango dugun, baina nik lehenagotik erabaki nuena egiten jarraituko dut eta horretan pelma izateak ez dit lotsarik emango: esparru guztietan euskaraz hitz egiten tematuko naiz. Egingo al dugu?

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

2 pentsamendu “Euskara: nola aurre egin erasoei”-ri buruz

  • Inazio Usarralde 2009-11-16 14:56

    Goitik behera bat nator zure iruzkinarekin. Soilik amaieran diozun _euskaraz hitz egiten tematuko naiz_ horrek jo dit belarrira. Izan ere, tematu eta tematiaren kontu horrek hain ona ez den zerbait ekartzen dit akordura. Nik uste, zuk diozun modura, euskaldunok ahal dugun guztietan euskaraz hitz egin behar dugula, horrela eroso eta gustura sentitzen ari garela pareko mintzakideari erakutsiz. Horixe burura etorri zaidana zurea irakurtzean.

  • Euskaltzaindiako Orotariko Euskal Hiztegian, tematu “insistitu”, “behin eta berriz saiatu”… esan nahi duela ulertzen dut. Hori da behintzat nik erabili nahi izan dudan esanahaia.

    tematu (gral.; Lar Sup, Mg PAbVoc, Añ, H; th- SP, Ht VocGr, Lecl, VocBN, Hb ap. Lh, Dv, H). Ref.: A; Etxba Eib; Gte Erd 167.
    1. Obstinarse; empeñarse (sin sentido peyorativo). “Soutenir. Thematzen zait bere egitekoa ona duela, il me soutient que son affaire est bonne”

    Temati eta setatsu izango naizela esan nahi dut, beti irribarre eta sinpatiarik atseginenarekin, bai horixe!