Euskara lehen lerrora

Euskara lehen lerrora –

Nafarroan, ene ustez, hiru gai nagusik izan dute azken urteetan jendea mobilizatzeko gaitasun gehien: emakumeen borroka, pentsionistena (honi greba orokorreko beste hainbat aldarrikapen gehi dakioke), eta Altsasuko kasua. Euskara ez dago horien artean. Horrek ez du esan nahi mugimendu interesgarriak gertatzen ari ez direnik.

Euskara lehen lerrora
Arg: IÑIGO URIZ / FOKU (NAIZ)

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatuko da larunbat honetan Iruñean (17:00etan, Golem zinemetatik abiatuta). Manifestazioaren testuinguruan osagai askok eragiten dute:

  • Iruñeko haur eskola euskaldunen eskaria murriztuko zuela iragarri zuen Enrique Maia Iruñeko alkateak, eta egun gutxiren buruan ehunka lagunek leporaino bete zuten udaletxeko plaza euskaraz ikasteko eskubidearen alde. Baina udalean agintean dauden euskarafoboak ez dira horretara mugatu: euskararen ordenantza bertan behera utzi dute, haurren aisialdian euskarazko eskaintza murriztu dute, baita euskarazko hedabideei laguntzak kendu ere. Herritarren mobilizazioaz gain, azpimarratzekoa da ere Navarra Suma bere burua geroz eta gehiago isolatzen ari dela.
  • D ereduaren ukazioa Mendigorrian. Nahiz eta baldintzak betetzen dituzten D ereduko lerro bat zabaltzeko herriko eskolan, Nafar Gobernuak aukera hori ukatu die. Gurasoak borrokan ari dira, herritarren gehiengoa eta udala alde dauzkate, eta duela gutxi Arartekoarengana ere jo dute.
  • Antsoaingo haur-eskola. Hainbat guraso euskaltzale protestak egiten aritu dira haur eskola euskalduna izateko eskubidea aldarrikatzen; nori, eta EH Bilduko Antsoaingo alkateari, Ander Orozi. Orozek NAIZi emandako elkarrizketan bere ikuspuntua azaldu du: aurrekontuak lotzen dituen legea bitarte ezin dituzte plaza gehiago atera, eta egungo langileekin ezinezkoa da aukera hori bermatzea. Beste funtsezko aktore bat UGT da, euskara ez ikustea eskubide gisa aldarrikatu duen sindikatua. Sindikatuak Antsoaingo Udaleko lanpostu organikoen aurkako errekurtsoa jarri zuen, hain zuzen ere, euskara dela eta. “Eskuak lotuta” dauzkatela argudiatu du alkateak. Pertsonalki, agerikoa iruditzen zait EH Bilduk euskara bermatu nahi duela haur eskoletan, eta ezin direla klabe berean eman Navarra Sumaren aurkako mobilizazioak edo koalizio independentistaren kontrakoak; baina era berean oso interesgarria iruditzen zait mobilizazioak egotea honen harira Antsoainen ere. Agintariek, agintari euskaltzaleek barne, herritarren presioa sentitu behar dute gai honen inguruan, eta aldi berean jakin pauso bat aurrera emateko erabakia hartzen dutenean ez direla bakarrik egongo eta herri bat izango dutela atzetik. Euskarafoboek ez daukate inongo konplexurik euskararen aurkako neurriak hartzeko; euskaltzaleek ez ditzatela izan euskaraz ikasteko eskubidea bermatzerako garaian.
  • Euskaraz ikasteko eskubidearen aldarrikapena Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Unibertsitateko euskara taldeak manifestazioa deitu du apirilaren 2rako, eta arlo akademikoko euskaldunei zein euskal komunitate osoari zabaldu diete mobilizazioarekin bat egiteko deialdia.

  • Pirritx, Porrotx eta Marimototsen aurkako gurutzada. Gai honetan euskarafoboek eurek jarritako zepoa zapaldu dutela esango nuke. Debekuarekin lortzen dutena pailazoen ekimenetara doan jendea biderkatzea da, eta guraso zein herritatar ez-euskaltzale askok beren golkorako galderak egitea. Lizarran gertatutakoa da adibide argigarrienetako bat. Gonzalo Fuentesek alkateak (Navarra Suma) herrrian urte askotan ospatu den ekimena debekatu zuen, aitzaki merkeak erabiliz (frontoian eskolaz kanpoko kirolak zeudela eta abar…); ez zuen alternatibarik eskaini, ez eta egin zitzaizkion alternatibak onartu. Oteitzan sortu zen ekimena egiteko aukera, eta 1.000 lagun baino gehiago elkartu ziren.
  • Castejon eta PAI eredua. Hezkuntza komunitatearen eta Hezkuntza Departamenduaren artean ematen ari den arrakalaren beste adibide bat. Mendigorrian, nahita ere, ezin dela D ereduan ikasi eta Castejonen, nahi ez badute ere, PAI ereduari eutsi behar diotela. Castejongo hezkuntza komunitateak ez du PAI ereduan jarraitu nahi, arrazoi asko tarteko: ez ditu espero ziren emaitzak eman, umeek ez dute ingelera beste ereduetakoak baino hobe menperatzen, irakasleak prestatu gabe ezarri zen… PAI zerbait izan bazen D eredua frenatu eta gurasoei “ia inork hitz egiten ez duen euskara” eta “ingelera unibertsala” dikotomia faltsua saltzeko izan zen, euskaraz ikasten duten haurrek bikain ikasten baitute ere ingelera. PAI eredua zalantzan jartzeak ez die mesederik egiten martxan jarri zuten euskarafoboei (Navarra Suma eta PSN).

“Euskara eskubidea. Ez gehiago, ez gutxiago”. Hori da larunbat honetako manifestazioaren leloa, eta lelo horretan dago etorkizuneko gakoa. Pentsionisten mugimenduak arrakasta dauka eta greba orokor batera baldintzak sortu ditu gehiengo batek ulertu duelako pentsionisten arazoak ez diela soilei pentsionistei eragiten; eta Altsasukoen gazteen aldeko dinamikaren aniztasun eta indarraren oinarria da gehiengoak ulertu duela guztion eskubide demokratikoen aurkako eraso bat izan zela.

Ea euskaraz ikasteko eskubidearekin berdina gertaraztea lortzen den: lehenik euskaldunak ahalduntzea, eta jarraian, euskaldunak ez direnak ulertzea hau ez dela soilik euskaldunon arazo bat. Larunbatean Iruñera.

 

Euskara lehen lerrora

Euskara lehen lerrora  Euskara lehen lerrora

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “Euskara lehen lerrora”-ri buruz

  • Nestor Esteban 2020-02-25 13:47

    Hemen aurreko astean Antsoaingo gurasook egin genuen agerraldian azaldutakoa:

    “Antsoainen haur eskola euskalduna aldarrikatzen duen guraso taldea gara. Bi urte baino gehiago daramagu lanean.
    Orain arteko gure ibilbidea azaldu eta egun bizi dugun egoeraren berri emango dizuegu. Honi lotuta deialdi bat iragarri nahi dugu.

    Antsoaingo Udal haur eskolan ez dago euskarazko eredurik, seme-alabak euskaraz hezi nahi baditugu kanpora eraman behar ditugu. Horregatik, Udalari galdegin genion bere garaian, udal haur eskolan zergatik ez zegoen euskarazko murgiltze eredurik; eta Iruñeko haur eskola euskaldunetara haurrak eramanez gero, zergatik Iruñeko Udalak ezartzen zigun kuota-gehigarria ordaintzera beharturik ginen -83 euro gehiago hilean-.
    Udalak haur eskola euskaldunaren bidean zailtasunak zituela baina urratsak ematen ari zela esan zigun. Iruñeko Udalak ezartzen zigun kuota-gehigarriaren inguruan, gaia aztertuko zuen.

    2018-2019 ikasturteko aurrematrikulazio epea hastear zen, ez genuen haur eskola euskaldunik izango epe motzean; beraz, kuota-gehigarriaren aferan zentratu eta horri heldu genion lehentasunez: Urgentziazko batzarrak eskatu genizkion Udalari; Arartekoarengana jo genuen…Azkenean, Antsoaingo Udalak Iruñeko Udalarekin hitzarmena sinatu eta kuota-gehigarria bere gain hartzea lortu genuen. Hori bai, hitzarmena matrikula egin eta gero sinatu zen. Gurasoek ez zuten informazioa aldez aurretik eskuratzeko aukerarik izan.

    Iaz, 2019-2020 ikasturteko aurrematrikulazio epea hasi baino lehen, Udalarengana jo genuen berriz. Haur eskola euskaldunik gabe jarraituko genuen, eta Iruñeko Udalarekin hitzarmena lehenbailehen sinatzea eskatu genion. Oraingoan matrikulazio epea hasi baino lehen lortu zen. Hala ere, Udalak oraingo honetan ere, ez zituen Antsoaingo gurasoak informatu.

    Hau guztia kuota-gehigarria eta Udalen arteko hitzarmenari dagokionez. Baina….Antsoaingo udal haur eskola euskaldunari dagokionez: Bi urtetan ez dugu Udalaren aldetik aurrerapausorik ikusi.
    – 2019ko urtarrilean adibidez, gaia plenora eraman zuten –prentsatik jakin genuen- baina ez zen gaia tratatu. Alkateak berak gaia gaiordenetik kendu zuen: haur eskolan euskal adarra abian jartzeko “baldintzarik eta berme nahikorik” ez zegoela argudiatuta.
    – Udal hauteskunde garaian, alderdi politiko bakar batek ere ez zuen gaia programan jaso.
    – 2020ko Udal-aurrekontuak aurkezterakoan, haur eskola euskalduna sustatzeari ez zaio diru partidarik eskaini.
    – Udal haur eskolako eredua erdalduna bada ere, Udalaren araudiaren arabera bederatzi hezitzaileetatik seik euskaldunak (C1) beharko lukete izan. Ez da araudia betetzen.
    – Hezitzaile euskaldunak kontratatzeko lan deialdirik ez du egin Udalak hilabete hauetan guztietan. Nafarroako Gobernuak egingo balu, Udalak egingo zuela esan zitzaigun. Nafarroako Gobernuak lan deialdia egin du, Udalak ez.
    Hau guztia ikusita, aurten jauzi bat eman eta haur eskola euskaldunaren nahia eta beharra kaleratzen hastea erabaki genuen. Udalen arteko hitzarmena ez da nahikoa guretzat, herrian haur eskola euskalduna da nahi duguna.
    o Kartelekin; pankartekin; iritzi artikuluekin…hasi ginen.
    o Azaroan instantzia bat sartu genuen Udalean, alkateari “haur eskola euskaldunaren bidean zein neurri hartuko dituen Udalak eta zein epetan” galdeginez. Ez dugu oraindik erantzunik jaso. Honek ekarri du:
    1. Gurasook bitan sartu garela udaletxean haurrekin: jolastera, protesta egitera, alkateari ikatza eramatera…
    2. Abenduaren 31an udaletxean itxialdia egin genuen. Itxialdia egin eta gero, alkateak formalki erantzungo zigula hitza eman zigun. Berdin berdin jarraitzen dugu, erantzunik gabe.
    o Hil honen hasieran Arartekoarengana jo dugu berriz gure kexa aurkeztera.
    o Orain bi aste, batzar informatiboa egin dugu herrian gaia tratatzeko.

    Laster hurrengo ikasturteko aurrematrikulazio epea zabalik egongo da.
    Udalak ez digu konponbiderik eskaintzen; seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatuko dituen planik ez digu aurkezten; ez dio instantziari erantzuten… Soilik gutun bat helarazi digu gurasooi esanez, Antsoaingo udal haur eskolan ez dagoela euskarazko eredurik eta Iruñeko Udalarekin hitzarmena sinatzen saituko dela. Baina Udalen arteko hitzarmenik egongo den ez dakigu; eta hitzarmena egonda, badakigu Iruñeko Udalak euskarazko plaza kopurua murriztuko duela haur eskoletan –Hala izanez gero, Antsoaingo familiak argi eta garbi kanpo geratuko gara-. Beraz, egoera aldatzen ez bada, edo hobe esanda egoera aldatzea lortzen ez badugu, aurten seme-alabak ezingo ditugu euskarazko ereduan matrikulatu sare publikoan. Ez Antsoainen, eta ez Iruñean. Noiz arte? da gure galdera.

    Antsoaingo Udalari konponbide bat exijitzen diogu. Seme-alaben hizkuntza eskubideak bermatuko dituen konponbidea, ez dugu bigarren mailako herritarrak izaten jarraitu nahi.
    Honegatik guztiagatik, OTSAILAREN 26an 17:30ean “Antsoainen haur eskola euskalduna orain!” lelopean KONTZENTRAZIOA egingo dugu Udaletxe plazan.

    Antsoaingo guraso eta herritarrak animatu nahi ditugu bertan parte hartzera. Guztion artean HAUR ESKOLA EUSKALDUNA LORTUKO DUGU!

    Bukatzeko, gure elkartasuna adierazi nahi diogu euskarazko hezkuntzaren alde lanean ari zareten Iruñeko gurasoei, Mendigorriko gurasoei eta NUPeko ikasleei.

    Antsoainen, 2020ko otsailaren 19an.”