Euskara ikasteko liberazioak behera… euskalduntzea gora?

Mjg4OA==

Euskara ikasteko liberazioak bi sasoitan hartzen dira urtero, otsailetik ekainera eta urritik otsailera. 2008ko otsailan, 217 langilek hartu zuten liberazioa eta kopuruak gora egin zuen iaz, 220 lagun liberatu baitziren; 2008ko urrian, 216 langile liberatu ziren eta iaz berriz, 231. Eskaeren gorakadak etenik izan ez duen arren, 173 langile besterik ez dira liberatuko aurtengo urrian, joan den urtearekin alderatuz, %25ean murriztuko baitu kopurua Osakidetzak.

Murrizketa horrek zalantzan jarri ditu Rafael Bengoa Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak joan den maiatzaren 21ean egin zituen adierazpenak. Osakidetzako euskalduntze prozesuari buruz azalpenak eman zituen Bengoak, hizkuntza politika sustatzeko Jaurlaritzak finantzaketa gutxituko ez zuela ziurtatuz. 8,4 milioi euro bideratu ziren Osakidetza euskalduntzera 2009an eta aurten 8,54 milioi euro izango zirela adierazi zuen Osasun Sailburuak. 

Kontuan hartu behar da aipatu gastu osoa ez dela euskalduntzea ordaintzen egiten, horretan dabiltzan langileak ordezkatzen, baizik. Langile gastutzat har genezake beraz, Bengoak aurrekontu deitzen zuena. Edonola, liberatuen kopurua %25ean jaitsiz gero, gastu hori ere murriztu egingo dela ukaezina da.

Osakidetzak urtez urte kalkulatu izan du erakundeak zenbateko defizita onar dezakeen langileak euskalduntzeko programan, eta 8 milioi euro inguruko galera ekonomikoa aurreikusi izan du urtero.

Bestelako diru sailetan gastuari eusteko ahalegin orokorra egin arren, euskaran lehen baino gehiago inbertituko zela agindu zuen Bengoak. Hala, kontraesankortzat jo dute Jaurlaritzaren jarrera Aralar eta EA alderdiek. Osakidetzak euskalduntze behar handienak dituen unean liberazioen kopurua hain nabarmen jaistea ulertezina dela salatu du Juanjo Agirrezabalak.

Irudia | medikua kontsultan | Angela | Creative Commons By SA

kazetaria-edo