Arnaldo, Soto, Gara, euskara eta zakurraren putza

Arnaldo, Soto, Gara, euskara eta zakurraren putza

Ez dut hemen erakutsi nahi dudan argazkia aurkitzen. Zuribeltzekoa da eta bertan Arnaldo eta biok ageri gara, bizkarrean motxila astuna jantzita, eskuan makila mehe bana dugula. Ederki oroitzen naiz egun hartaz, iniziatikoa izan baitzen niretzat eta, esango nuke, baita Arnaldorentzat ere: Madarixako autobusean utzi gintuzten gurasoek eta  hamar urte inguruko ume beldurtiak baizik ez ginela, Larraskandarako bidea hartu genuen mendian bakarrik egiten genuen lehenengo espedizioan. Orduan Larraskanda ez zegoen hortxe bertan, orain dagoen bezala. Larraskanda, Amazonas baino askoz haruntzago zegoen garai hartan.

Kontua da Arnaldo eta biok lehen ikastola haietako ume izandakoak garela eta ez daukagula hura guztia ahazteko. Horretan bat gatoz bera eta ni Espainiako ultraeskuinarekin: labur esateko, ikastolen mugimenduak eutsi izan dio hemen euskaltasunari eta aberriari.  Horregatik dira heroiak Arnaldoren eta nire gurasoen belaunaldiko  euskaldunak, eta ez hainbeste ondotik etorri garenok: haiek ezinezkoa gauzatu ez balute ikastolak sortzean, gaur David Bisbalen fanklubekoak izango ginen Arnaldo, ni eta beste asko ere bai. Badakit, beraz, Arnaldok euskara maite duela, neu bezalaxe euskaraz hezia dela eta ez duela euskara gabeko Euskal Herririk buruan.

 

Arnaldo, Soto, Gara, euskara eta zakurraren putza

(Nahi dudan argazkietakoren bat aurkitu artean, tori hau, 1965 aldera izango zen Loiolan. Arnaldo ezkerretik laugarrena da bigarren lerroan, niki txuri bat jantzita. Neu goiko lerroan nago, eskuinetik hirugarrena)

Gauzak horrela, sekulako mina egin dit Iñaki Sotok idatzitako Gure erabakia izeneko artikuluak. Gauza ikaragarriak irakurri ditut bertan, gehienak euskararen bigarren mailakotasuna agerian jartzen dutenak, baita Soto bezalako abertzale eta euskaltzale baten baitan eta, beraz,  Gara bezalako agerkari abertzalean ere bai.

Hala ere, asko idatzi eta iruzkindu da artikulu horri buruz, eta ez nuke zaurian zirikatzen jarraitu nahi ez bada, beste behin ere, ortodoxia gehiegizkoaren salaketa egiteko.  Sotok dio bere ardura bakarra “gure jendeari guk hartu ditugun erabakiak zergatik hartu ditugun esplikatzea, besterik ez” dela. Alegia, nor ote du Sotok “gure jende”? Tartean ote naiz neu, esate baterako? Eta zeu, blog honen irakurle miserablea,  tartean ote zara? Batzuetan ikaragarria da historian ezagutu ditugun adibide handien usaina (Goering, Stalin, Mao, Franco, Castro, Vaticanoa…), nola identifikatzen dugun geure errealitate txikiaren lurrinetan ere: neure ezpalekoek badakite ezinbesteko salbuespenaz ari natzaiela; zu zaude isilik ez, zara nireetakoa eta; zure kritika, nire borrokaren sabotaiatzeko baizik ez da; etc. etc. Encore quelle fatigue!

Ez ditut Sotoren artikuluan aurkitutako gainerako lore handiak aipatuko, esan bezala, ZuZeun bertan ere eztabaidatuak baitaude lehendik horietako batzuk. Baina inork erantzun ez dion gauza txiki batek erre dit begia, Sotok Arnaldori buruz honakoa dioenean: “Arnaldok berak erantzun beharko luke, baina hizkuntza horretan duen zehaztasuna euskaraz ez duela nabarmena da. Eta zehaztasunak liburu honetan duen garrantzia ere nabarmena da.”

Oker ulertzen ez badut, Arnaldo ez da gauza euskaraz gaztelaniaz bezain ongi gauzak adierazteko. Areago, “liburu honek behar bezalako zehaztasuna” beharrezkoa denean, euskara baino hobea da gaztelania.

Bravo Soto! Chicuelina ederra. Portatu haiz: heuretzat bi belarriak eta isatsa ere bai. Espero diat azkar baino lehen hire hitz horiek Arnaldok ukatzea. Izan ere, mindu egin omen haiz baten batek “kolonizatzaile” deitu dianean, baina konturatzen al haiz zein barneratze maila erakusten duen adierazi duan horrek guztiak? Unamuno ez zebilen oso urruti euskara museoan gordetzekoa dela zioenean…

Zer pentsatu behar diagu euskaraz bizitzeko lana hartu dugunok eta, bizitzaren alde guztietan geure hizkuntza erabiltzen eta garatzen saiatzen garenok eta, batez ere, zer pentsatu behar diate oraindik ere bizirik dauden Arnaldo eta nire gurasoak bezalako ekintzaileek?

Haiek ere lehen pausoa ez ziaten egin euskara hutsean. Saiatu hituan kultur elkarteetan eta, gaztelaniaren alboan euskarazko ekimenak goxoki txertatzen. Baina kale. Diglosia hitza eta kontzeptua ez zizkiaten oraindik ezagutzen, baina ikusi zitean ezinezkoa zela, handiak beti  irensten duela txikia, Gara eta Naiz diglosikoetan  gaztelaniak euskara bezala. Horregatik hasi hituen ezinezkoa egiten, euskara hutsezko eskolak, elkarteak eta behar ziren gainerako trepetak eraikitzen. Baita Frente Kulturalak ere. Dena euskaraz, bere apalean: euskara baturik gabe, testo libururik gabe, hedabiderik gabe, baimenik gabe, onarpenik gabe… Ezer ere gabe. Handik gatoz gu, Arnaldo, ni eta heu ere bai, seguruenera.

Libre haiz nahi duan ereduaren alde egiteko. Ez haiz lehenengoa eta ez haiz izango azkena bere jarduera paregabearekin dena berdinduko duena. Ulertzen diat, gainera, hire testuingurua. Oso zaidak ezaguna. Baina diskurtso oso zahar eta entzuna duk hire hori euskaldunontzat: egunon/buenos días, barkatzen badidazue voy a hablar en castellano para que todos me entendais mejor…

Ordea, erosioaren mina jasotzea dagokizue. Agerikoa den kontraesanaren horzkada behar duzue sentitu. Euskaldunon haize txarrak eragindako haginkada bizi behar duzue haragitan. Jator askoak izango zarete, abertzale handiak eta hori guztia, baina ordaindu egin behar duzue geurekin batera zeuk ere aldarrikatzen zenutela pentsatzen genuen guztiarekin hain txarto portatu izana. Egindako gaitzaren ordaina jaso behar duzue. Nolabait. Ez dago beste biderik, halakorik ostera egin ez dezazuen, ez zuk, ez Arnaldok, ez Orain taldeak eta ez Ezker Abertzaleak. Ez beste inork.

Euskaldunon errespetuari kale egitearen ordaina dagokizue orain.

euskara eta zakurraren putza
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

21 pentsamendu “Arnaldo, Soto, Gara, euskara eta zakurraren putza”-ri buruz

  • Kaixo Hasier. Nik ez dut egiten duzun bigarren interpretazioa inondik ikusten Sotoren artikuluan.Ez dakit nondik atera duzun. Hau, hain zuzen: . “Areago, “liburu honek behar bezalako zehaztasuna” beharrezkoa denean, euskara baino hobea da gaztelania.” Aitzitik, zehaztasuna behar denez, Arnaldok -artikuluan esaten denaren arabera- hobeki adierazteko gaztelania hautatzen du. Gaiak zehaztasuna behar duela esaten duenean, Sotok erabaki hori ulertzen duela baino ezin dut interpretatu, gaiak zehaztasuna behar duelako. Ez dut interpretatzen Sotok gaztelania zehaztasunaren hizkuntza esaten duenik, eta euskarak hortarako balio ez duela.

    Izan ongi

  • Sotoren artikulutik “euskararen bigarren mailakotasuna” ondorioztatzea ezinezkoa iruditzen zait. Sotok esatea, Otegik gazteleraz egitearen motiboa “liburu honek behar bezalako zehaztasuna” behar zuelako izatea, ez du inondik inora ondorioztatzen euskara bigarren plano batean jartzen duenik; baizik eta argi eta sinpleki Otegik (bere belaunaldiko beste askok bezala) sakonean aritu eta pentsatzeko (bai, pentsatu ere gazteleraz egingo du, eta hori noren arazoa da?) gaztelera behar duela tresna gisa. Hori ez da balorazio bat, errealitate baten deskribapena baizik. Beraz, hor manipulatu egin duzu sotoren esana, gero ondorio zakar horiek ateratzeko. Sotoren argumentua ez da izan, ezta ere, zuk diozun “para que todos me entendais mejor…”, ez, argudio zehatzak eman ditu. Bukaerakoa ere, soberan.

    • Nik uste dut Garak eta Sotok berak euskarari zein leku ematen dioten bistakoa dela. Eta Sotoren artikuluan nabari da, baina zuzeun bertan egindako elkarrizketa honetan (https://zuzeu.eus/2012/09/07/inaki-soto-gara-rik-gabe-gaur-egungo-eszenatoki-politikoa-ezinezkoa-litzateke/), 8 eta 9. galderei emandako erantzunetan are argiago geratzen da euskararen eta euskaldunen errealitatearekiko urruntasuna, zenbait komentario iraingarri egiteaz gainera (Kibutz eta Bantustanena, adibidez). Garako gidariek antza denez uste dute erdaraz euskaldunduko dutela “herri osoa”, euron euskaraz bizitzeko grina “egoistari ” izkin eginez. Eta dirudienez, soilik ekarpen positiboak egiten dizkiote euskarari (Gaur 8 eta abar), erdarazko jarduna kontabilizatu gabe geratzen delarik.
      Bada, Garak erdaldundu egiten du gehienbat. Asteburuetan eta tarteka-marteka euskalduntzen duena baino askoz ere gehiago. Garako erosle eta irakurle gehienak elebidunak baitira (Ni neu ere banaiz Gararen irakurle, eta batzuetan erosle), euskaldunak bestela esanda, hedabide erdaldun bat kontsumitzen duten euskaldunak, alegia.
      Ni ez naiz nor Garari edo Sotori zer egin behar duten esateko, baina euskararen berreskurapenaren balantzan, Garak (eta Naizek) kendu egiten dute, eman baino askoz ere gehiago.
      Eta ez nuke nahi iritzi hau eraso gisa hartua izan dadin, hausnarketarako gai gisa baizik. Hausnarketa urjenterako gai.

  • Bixente Serrano Izko 2012-09-29 21:51

    Bai, Hasier, zu bezain harritu eta mindurik nago Arnaldoren liburua gazteleraz atera izanaren justifikazioengatik. Euskalgintza arlo guztietara eraman beharreko egoera honetan, ez nuen espero horrelako justifikaziorik hain erreferentzialak diren Arnaldo politikari eta Iñaki Soto kazetariaren aldetik, hain zuzen ere zein ildokoak diren kontuan harturik (erreferentzialak, diot, euskararen balioztapenari dagokionez, ez bakarrik euren ildo politikokoentzat, bertze batzuontzat ere). Bai, Andoni Olariagak dioen bezala, “errealitate baten deskribapena” izan daiteke, baina horixe tristeena, erran nahi baita tristeena dela kazetariak eman duen justifikazioa, Arnaldok eta berak, hain zuzen ere, eredu izan beharko luketenean errealitate horri aurre egiterakoan. Eta ez dut erran nahi euskaraz izan beharko lukeela derrigorrez liburuak (gustatuko litzaidakeen arren), erran nahi dudana da, ba, ziur aski bertze arrazoi motek justifika dezaketela hori (ez dakit, gehien bat erdaldunentzako arrazoinamenduak garatu nahi izan dituelako, adibidez), baina inolaz ere ez mingarri egiten zaidan emanikoa.

  • Xabier Makazaga 2012-10-02 12:51

    Iñaki Sotok esan zuen bere nahia “hartu ditugun erabakiak zergatik hartu ditugun esplikatzea, besterik ez” zela, baina batzuei azalpenak ematea alfer-alferrikakoa zenez, haiei ez zela zuzentzen. Sotoren hitzetan, horiek “Arnaldo jomuga dutenak” eta “Garari herra diotenak” ziren.
    .
    Oso argi esan zian, Hasier. Beraz, ez zekiat zertara datorren hik galdetzea ea azalpenak hiri ere zuzenduak ote zeuden. Jakina ezetz, argi eta garbi berak aipatu bigarren multzoan baihago, “Garari herra diotenak”. Ikusi besterik ez idatzi hituan guztiak Garakoek “Gaur8” martxan jarri zutenean. Besteak beste, hauek: http://sustatu.com/1173099513
    .
    A! Oso ona sarrera luze hori, gero nahi duan pozoi guztia botatzeko. Horretan oso abila haizela aitortu behar.

  • Eneko Garaialde Etxaburu 2012-10-02 17:18

    Nik ez dut Arnaldo jomugan, eta Garari herrarik ez diot. Tira, ez dut esango oso gogoko dudanik, baina herrarik ez diot. Dena dela, zergatik jende askok, nik bezala, ez du oso gogoko Gara? Ildo editorialarengatik ez da, ziur. Alde horretatik, gustatzen zait Gara, oro har. Akaso, darabilen hizkuntz politikarengatik izango da. Bai, ziur naiz.
    Zer nolako artikulu luzea Iñakik, espainieraren erabilera justifikatzeko! Zenbat argudio espainieraren erabileraren alde!
    Gero, noski, filak estu! Eta betikoak beren kideak defendatzen grabitatearen aurka. Kontxo, kritika merezi badu, merezi du.
    Zer kalte egingo lioke liburuari bi aste lehenago euskaraz argitaratzeak? Inor geldituko al litzateke irakurri gabe, lehenengo bertsioa ulertzen ez duelako? Ez dut uste. Orain, euskaraz irakurriko lukeen jende askok erdaraz irakurrita izango du, euskaraz argitaratzen denerako. Bi liburu idatz ditzakete azalpenak ematen, baina ez dut ikusten euskarari zertan egiten dion onura jokabide horrek. Beharbada hiperhisterizatuta nago.
    Garak darabilen euskara kuotarekin gertatzen da arkumearen prezioarekin bezala: azken hogeita hamar urteetan ez da aldatu. Egin argitaratzen zenetik Gara kaleratzen den garaira euskara munduak aldaketarik izan ez balu bezala.

  • Pruden Gartzia 2012-10-02 17:21

    Otegirena itzali gabe dagoenean, Gipuzkoako Aldundiak euskararen alde hartutako erabaki tinkoen berri ematen digu. Zer pentsatu behar dugu?

    Beste modu batean galdetuko dut: zer da funtsezkoa eta zer anekdotikoa?

    Geroak erranen, esaten dute Iparraldean. Momentuz ikusteko dago Bilduk hartu duen erabaki guztiz ausartari eusteko kemena duen (eta zein neurritan, eta zenbat denbora). Hori hola bada, Otegirena anekdota izango da. Gusto txarra utzi digun anekdota, bide batez, baina besterik ez.

    Baina ni neu ez nago oso ziur Bilduk eusteko indarrik izango ote duen. Tamalez, Gipuzkoan bertan ezinezkoa da politikagintza normalik egitea gaztelania gabe (eta ez Bilduren erruz, noski). Eta azkar (edo oso azkar) amore ematen ikusten baditugu, seinalea izango da Otegik arrazoi duela, eta euskarak, oraingoz, gauza batzuetarako baino ez duela balio (ikastola eta irakaskuntza orobat, hortik aurrera, oso gutxi). Tamalez.

    Zorionak, Bildu. Bidean amore ematen ikusten bazaituztegu ere, ahalegina ez dugu ahaztuko, intentzioa, kemena. Zorionak, benetan.

    Oharra Hasierrentzat: neuk ere zeuk aipatzen duzun esaldiari erreparatu nion Sotoren artikuluan.

  • Xabier Makazaga 2012-10-02 19:27

    “Zer nolako artikulu luzea Iñakik, espainieraren erabilera justifikatzeko! Zenbat argudio espainieraren erabileraren alde!”
    .
    Edo ez duzu Iñakiren artikulu osoa irakurri edo zuk nahi duzuna besterik ez duzu irakurri, Eneko. Bestela ez zenukeen jarraian egin duzun galdera egingo: “Zer kalte egingo lioke liburuari bi aste lehenago euskaraz argitaratzeak? Inor geldituko al litzateke irakurri gabe, lehenengo bertsioa ulertzen ez duelako? Ez dut uste.”
    .
    Beno, beste aukera bat ere badago. Iñakik edozein azalpen emanda ere, berdin-berdin botako zenituela hain barruan dituzun horiek guztiak. Hori Gara oso gogoko ez izatetik dezente haratago doalakoan nago. Hala iruditu zait behintzat zure iruzkina irakurriaz. Arnaldo beharbada ez, baina Gara jomuga duzula.

  • Izarpezelai 2012-10-02 19:41

    Ondo, Hasier, arrazoia besterik ezin dizut eman. Sotoren erantzuna irakurri nuen eta guztiz desegokia iruditu zitzaidan, Arnaldo oso toki txarrean utzi baitzuen (euskarari dagokionez). Gezurra badirudi ere, XXI. mendean batzuek oraindik zinez sinisten dute euskarak ez duela balio gauza sakonak edo oso teknikoak azaltzeko (¿”Fisica nuclear en euskara”? galdetu zuen irrifarrez behin Suarez izeneko batek, gogoratzen?). Diglosiaren apologistak dira, eta okerrena da beren burua abertzaletzat jotzen dutela (??) . Patetikoa.

  • Xabier Makazaga 2012-10-02 21:46

    Hasierrek «Oker ulertzen ez badut» esaldia erabili du Iñakiren hitzetatik atera dituen bi ondorioak azaltzeko. Ulertzekoa da zergatik egin duen, bigarrena nondik atera duen azaltzea zaila baita benetan.
    .
    Iñakik irudikatu omen du euskara baino hobea dela gaztelania “liburu honek behar bezalako zehaztasuna” izateko. Nondik atera du hori??!!
    .
    Ez, nekez sinets dezaket Hasierrena gaizki ulertzea izan denik eta are gutxiago sinets dezaket Izarpezelaik bota dituenak oso fede txarrez bota ez dituenik: «Gezurra badirudi ere, XXI. mendean batzuek oraindik zinez sinisten dute euskarak ez duela balio gauza sakonak edo oso teknikoak azaltzeko (¿”Fisica nuclear en euskara”? galdetu zuen irrifarrez behin Suarez izeneko batek, gogoratzen?). Diglosiaren apologistak dira, eta okerrena da beren burua abertzaletzat jotzen dutela (??) . Patetikoa.»
    .
    Gezurra dirudiena da batzuek zein erraz botatzen dituzten, batere arrazoitu gabe, halako salaketa larriak. Eta patetikoa ere bai.

  • Ez naiz IñakiSoto-zalea, ezta Arnaldo-zalea ere, baina Iñakiren argudioak irakurrita (irakurri gabe nuen bere artikulua), demasa iruditu zaizkit Hasierren argudioak eta, bereziki, Hasierrek egiten dituen Sotoren hitzen interpretazioa. Sotok azaltzen zuenean nori zuzentzen zion artikulua, argi da, Hasier bezalako jendea aurretik buruan zuela: edozein gauza esanik ere, egurtu, egurtuko zutela. Eta asmatu ere, asmatu egin du horretan. Ez dakit zein punturaino egia den zera, kartzelatik testua ateratzeko ezinbestez erdaraz idazteko beharra zegoela.. edo, besterik gabe, Iñaki Sotok iradokitzen duen moduan, Otegik erraztasun gehiago duela gaztelaniaz euskaraz baino. Hasierrek Arnaldo hain ongi ezagutzen badu, jakin beharko luke horrela dela, Arnaldo euskaraz ederki aritu arren, gaztelanian are baliabide gehiago dituela. Bitxia izanen da batzuentzat, kontraesangarria beste batzuentzat… baina, niretzat, hain zuzen ere, Hasierrek aipatzen duen “diglosiaren” ondorio sinple bat besterik ez da izanen. Niri, berriz, bitxia iruditzen zait Hasier bezalako euskaldun kontsekuente baten hausnarketa hori ez izatea (gai hori, kurioski, gainetik pasatu du, nonbait Arnaldo bere lagunaren kontra zuzenki ez aritzeko edo…). Hasieran esan bezala, ni ez naiz bereziki Arnaldo-zalea, ezta gutxiago ere Soto-zalea ere, baina Hasierren aldetik aurre-jarrera nabarmena ikusten dut, ezker abertzalea egurtzeko gogoa.

  • Martin Rezola 2012-10-03 08:10

    Pozoia ez, aire freskoa iruditzen zait niri Hasierren artikulua. Bejondeizula!

    Behin eta berriz irakurtzen ari naiz Otegik erraztasun/zehaztasun/baliabide gehiago dituela gaztelaniaz euskaraz baino. Hara! Nik bezala; euskaldun gehienok bezala; agian Hasier Etxeberriak berak bezala. Baina koxka ez da hori, kontua da elkarrizketa-liburua bai euskaraz bai gaztelaniaz egiteko adinako gaitasuna duen ala ez. Nik uste baietz. Eta hortik aurrera, egiten den aukera. Ez dugu beti jotzen hobekien menderatzen dugun hizkuntzaren alde; beste faktore batzuk ere erabakigarriak dira. Jarri balantzan daukazun konpetentzia linguistikoa, eta bestean mugiarazten zaituzten motibazio emozional, ideologiko edo nortasunaren aldekoak, eta agian “zehaztasunean” galdu dezakezun apurra erraz konpentsatzen da euskarari eta euskaldungoari ematen diozun prestigioarekin, kohesioarekin eta indarrarekin. Askok egiten dugu hautu horren alde eguneroko bizitzan, eta erabaki “ez hain pragmatikoaren” emaitzak aberatsagoak dira.

    • Gauza askotan ados egon ninteke zure argudio eta hausnarketekin, Martin. Baina bereziki errespetagarria iruditzen zait zure kritikaren tonua. Aitzitik, zeuk txalotzen duzun Hasierren artikuluan bestelako tonua sumatu dut, eta hori da neuk deitoratzen dudana, kritika horretatik Ezker Abertzalearen kontra kritika orokorra egiteko. Bitxia zuretzat artikulua haize freskoa dela esatea. Zergatik, Ezker Abertzaleari faktura pasatzea desiratzeagatik? Berriz diot, ados zure kritikekin, demasa iruditzen zait tonua.

  • Behin baino gehiagotan irakurri dut hemen “Ezker Abertzalearen/ Gararen aurka aritzeko” bakarrik kritikatzen direla beraien hizkuntza politikak. Leporatze hori froga edota argudiorik gabe geratzen denez, ezin dut ulertu. Norbait kritikatzen baduzu, haren aurka zabiltza ezinbestez ala? Ez ba! Badaude bi motako kritikak: eraikitzaileak eta ez-eraikitzaileak. Ez-eraikitzaileek, bai, kontra egiteko beste ezertarako ez dute balio. Eraikitzaileek, ordea, hurrengoan hobeto egiteko aukera ematen diote kritikatutakoari, lagungarriak dira beraz eta ez dira inolaz ere besteari kalte egiteko egiten, alderantziz. Eta nire ustez bistan dago Garari eta Otegiri egindako kritikak eraikitzaileen multzo horretakoak direla, zerbait hobeto egitea eskatzen baitute argi eta garbi, euskarari garrantzi gehiago ematea alegia. Eta niri, egia esan, zilegi eta beharrezkoa iruditzen zait hori. Kontuan hartu dezatela. Orduan Garari “herra” diotenak gutxiago izango dira seguru. (Gara hain sutsu defendatzen duzuen horiek, badirudi ez duzuela inoiz pentsatu zergatik ez ote duten oso gogoko batzuek. Arrazoirik gabeko batzuen maltzurkeria ematen du zuen hitzetan.)

    Bide batez, zehaztasunari dagokionez: ni alemaniarra naiz eta euskara ez da beraz ondoen dakidan hizkuntza. Hala ere iruditzen zait nahikoa zehaztasunez adieraztea lortu dudala.
    Bat nator Martinekin, konpetentzia linguistikoa ez da gauza erabakior bakarra.

    • Xabier Makazaga 2012-10-05 10:16

      Silvie, non irakurri duzu hemen “Ezker Abertzalearen/ Gararen aurka aritzeko” bakarrik kritikatzen direla beraien hizkuntza politikak? Inork ez du horrelakorik esan. Are gehiago, nik argi utzi dut ZuZeun kritikak egin dituzten gehientsuenek fede onez egin dituztela. Gutxi batzuk direla zuk esan bezala jokatu dutenak. Adibidez, Hasierrek, eta hori frogatzeko Gaur8 atera zutenean esan eta egin zituenak jarri ditut froga gisa.
      .
      Ni sartu aurretik Andoni Olariagak jada garbi esan zuen Hasierrek Iñakiren hitzetatik atera zuen bigarren ondorioa, euskara gutxieztearena gaztelerarekin alderatuz, asmazio hutsa zela. Eta gezur horri jarraitu zion Izarpezelaik are handiagoak botaz.
      .
      Gauza bat da egin beharreko kritikak gogor egitea eta beste gauza bat hori. Lortu nahi dutena benetan Soto, Arnaldo, Garak eta abar gaizki egindakoari buruz ondo hausnartzea baldin bada (testuingurua eta baldintzak halakoxeak izan dira, hori bai), jakin badakite beste modu batzuk askoz ere eraginkorragoak direla. Beren helburua oso bestelakoa bada, ordea, normala botatzen dituztenak botatzea.

    • Txapeau Silvie, ertz guztietatik.

  • Ja, ja, ja!!! parregarria izango litzateke kontu hau guztia, horren tristea izango ez balitz. Sotok erabili dituen argudio horiek guztiak, Gasteizko parlamentuan erabili ahalko lirateke, edota bestela zergatik derrigortzen ditugu edo jipoitzen ditugu espainol hutsean bakarrik dakiten parlamentariak? Horiek ere belaunaldi horietakoak dira, eta noski zehaztasunez, are gehiago legeak egin behar direnean, hitz eta lan egin beharra dute. Bejandeiala Soto!
    Utz dezagun politika alde batera, utz badaiteke. Sotok egin duena justifikazio hutsa besterik ez da, Garako edo Diario Vascoko zuzendari bazen ere. Horrelakoak esateko, gauza nahiko pobreak eta euskaldunon artean gaindituak genituela uste genituenak, kalera ateratzea badagokio pekatuan dagoelako da, bestela beharrik ez zuen izango.
    Gara, ezker abertzalea, politika… kaka guztiak nahastea puntumira nahita aldatzea da. Hemen dagoen gauza bakarra zera da, diskriminazio positiborik ez dela egon eta euskaldunak izanik ere, trebetasun gehiago dagoenez erdara irakurtzera, euskarazko bertsioa (itzulpen hutsa esan nahi duena), militantismora baztertzen duela, hau da, Durangoko Azokara. Badut gogoan Durangoko edizio bat zeinetan poesia liburu bat, Sarrionaindiarena zela uste dut, gehien saldu zen liburua izan zela. Poesia? nork irakurtzen du poesia?
    Arnaldoren liburuarekin atera kontuak, apalean ederki geratuko zait euskarazko bertsioa!!!! Edo, jajoa naizenez euskaraz eta irakurtzeko konpetentzia badudanez, euskarazko zein eradarazko bertsioa konparatuko ditut ea “itzultzaileak” bere lana ondo egin duen jakiteko eta Arnaldoren ñabardura eta matizak ondo itzuli dituen jakiteko.

    Por si alguien no está acostumbrado a leer en euskera a pesar de ser euskaldun: Lo de Soto no es más que una ¡justificación!

  • Ba nik Le Journal du Pays Basque irakurtzen det, frantsesez! pentsa!

    Eta Hernani (Gipuzkoa)-n bizi naiz. Hernanin gainera Kronika degu, herriko egunerokoa euskara hutsean. Orduan irakurketa euskara eta frantsesez egiteko aukera det.

    Erdibide batek (euskara-erdara %50) euskarari bultzadatxo bat emango liokeela; baino hau gertatuko da hemendik urte batzuetara, masa soziala euskaldunagoa izaten den heinean. Orain EHKE taldeak erdara behar du herriarengana iristeko, askok oraindik euskara ez baitute eskolan… ikasi.

  • Hasier Etxeberria

    […] ematen diegu azalpena, beste inori ez”.Minduta agertu zen Hasier Etxeberria, besteak beste: Arnaldo, Soto, Gara, euskara eta zakurraren putza.Ez da Arnaldorena soilik. Ibarretxek ere liburu berria kaleratu du egun hauetan: El caso […]

  • Mikel Indart 2012-10-08 20:33

    Niri ere penagarria iruditu zait Arnaldoren liburuarena. Ezin sinesteko kontua. Abertzaleok beti euskararen alde borrokatzen eta gero, gauza garrantzitsuak erdaraz esan behar eta euskaldunontzat oraindik atera ez den ITZULPENA.
    Sotok Garan ateratako zuriketa are penagarriagoa oraindik.

    Zertarako ikastolak? Zertarako ari gara egunero euskaraz bizi nahian? Zer ari gara egunero antzezten? Ba al gara, edo ez gara deus? Ez nuen hori Arnaldoren aldetik espero.

    Ez badiogu gure egunerokoan euskarari lehentasuna ematen gureak egin du.
    Pena handia ematen dit, baina liburu hori ez irakurtzea erabaki dut.

    • “…ez nuen hori Arnaldoren aldetik espero”.
      Butakatxo bigunean ezin kabituta, altxatu egin da, urteak joan urteak etorri politikagintzan ibiltzeagatik bere hezurrak kartzelan umeltzen ari zaizkion Arnaldo Otegiri kargu hartzeko. Eredugarri behar duenari, eredugarri izatea eskatu eta exijitu behar zaio… butakatxo bigunetik.
      Batzuek inoren kontraesanetan haztaka ibiltzea maite, beren mixeria denon mixeria dela sinisteko. Ber gauza gertatu da Willy Toledorekin, Radiohead-ekin… Ai, nola gustatzen zaigun besteen kontraesanak haizatzea! Ausardia handiz betiere: gure butakatxo bigunetik, urteak joan urteak etorri kartzelan dirauenari kargu hartuz.
      Baliente asko, bazterretan.