Euskara eta politika

Euskara eta politika

Behin batean Sabino Alonso Fueyok, Arriba periodiko falangistaren zuzendariak, bere arrangura adierazi zion Francisco Franco diktadore faxistari, sufritzen zituen presioak eta jazarpena zirela kausa. Mugimendu Nazionaleko sektore batzuek Arriba egunkarian argitaratzen ziren zenbait notizi eta iruzkin ez baitzituzten gustuko. Diktadoreak, kexa hura entzun ondoren, kazetariari ihardetsi zion: Zuk nire modura jokatu eta ez murgildu politikagintzan. Aspaldian entzuna nengoen pasadizo hori; diktadore faxistaren txantxa nardagarria har genezake, goren mailako agintari politikoak politikagintza arbuiatzea.

Diktadura ezagutu genuenok ondo ulertu genuen diktadoreak esan nahi zuena, politikagintza eremu debekatua zela, batzuentzat mugatua eta arriskutsua, alegia. Urteak joan eta urteak etorri, urte asko etorri ondoren, Euskara eta politikaGipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako goi mailako kargu politikoak Berrian idatzi berri du: Euskara eraginkorragoa izan dadin …/… lehia politikotik babestuta garatu behar dugula. Barkatuko dit Mikel Irizar adiskideak, baina harrigarri begitantzen zait ardura handiko kargu politikoak euskara lehia politikotik atera behar dugula esatea. Are harrigarriagoa, kargu politikoa hartu berriaren lehenengo erabakia zerbitzuaren izena aldatzea denean ildo politiko berriaren izana azpimarratzeko edo. Hizkuntza politika, jarduera garrantzitsuegia da soil-soilki kargu politikoen eskuetan uzteko.

Hizkuntza politika, gure ustez, ez da gestio hutsez kudea daitekeen gaia. Egia da, behin baino gehiagotan liskarrak eta tentsioak sortzen direla, batez ere, euskara baztertu eta zokoratu nahi duten horien erasoak direla zio. Baina ez da oso desberdin, adibidez, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) gaiarekin gertatzen dena. Gaude, politikagintza dela modurik eraginkorrena gizarte gaiak hobetzeko eta kudeatzeko, hizkuntza normalizazioarena ere. Euskara lehia politikotik ateratzeko estatu politika egitea proposatzen zaigu: alderdien artean, erakunde publikoen eta herri erakundeen artean adostasuna bilatzea. Edozein kasutan, euskara lehia politikoetatik atera baino lehenago, badaezpada ere, hurrengo zerrendakoak adostea eta egitea eskatuko nuke:

  • Euskararen ahozko eredu estandarra adostu (Euskaltzaindia), sustatu eta zabaldu.
  • Euskararen aurrekontuak emendatzea hizkuntza politika eraginkorra egin ahal izateko.
  • Euskalgintza prekarietate egoeratik atera.
  • Euskararen hiztun elkarte osoko hedabideak, ikus-entzunezkoak, egunkaria edo Internetekoak izan, babestea eta sustatzea.
  • Euskararen ezagutza unibertsalizatu: helduen euskalduntzearen doakotasuna eta, derrigorrezko eskolaldian, murgiltze eredua.
  • Erakunde publikoen eta euskalgintzako erakundeen arteko bikoiztasun antzuak bideratzea.
  • Euskararen arnasa-guneak babestu eta indartu. UEMA zabaldu eta sendotu.
  • Euskal Unibertsitatea eraiki.
  • Euskararen hiztun elkartearen eta euskaldunen hizkuntza eskubideak indarrean jarri eta babestu. Horretarako, euskararen erabilera bermatzeko araubideak, sustapen neurriak eta zehapenak, ezarri bai eremu publikoan zein pribatuan.

Zerrenda luzeago izan zitekeen, jakina, laburragoa nekez. Baina hori aski izan daiteke euskara lehia politikotik ateratzeko lasai asko. Lortu ezean, bien bitartean, nago, politikagintzan galtzak bete lan jardun behar izango dugula. Lortuta ere, agian. Gero gerokoa.

Euskara eta politika
euskara, politika, Xabier Isasi

11 pentsamendu “Euskara eta politika”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2015-12-10 21:21

    Erabat ados zurekin Xabier.

    Espainian, Frantzian,…beraien hizkuntza politika “estatu-gaia” da. Alegia, Ezker,eskuin eta erdikoek borroka politikotik kanpo dute, beraien barne-kohesiorako elementu ideologiko funtsezkoenetakoa delako, ukiezina. Gurean ere hala beharko luke, jakina. Baina nola estatu egiturarik izan gabe? Nola onarrizko adostasunik izan gabe? Nola zuk goian aipatu dituzun horiek argi izan gabe?
    Nola euskal herritar batzuk Euskeraren aurka daudela jakinda?
    Hizkuntza berriak mundu ikuskera berria ematen du. Lehenago ikusten ez zena ikusteko gaitasuna. Hortaz errealitate eta ideia berriak ezagutu eta geureganatzeko aukera ematen digu mintzaira edo kode berri horrek. Gurean bada jendea hori onartzen ez duena. Edota horri beldur izugarria diona. Edo zergatik ez jendeak hizkuntzarekin batera pentsatzeko era ere aldatuko duenari izua diote zenbaitzuk. Horrekin bere pribilejio edo botere esparruak galtzeko arriskua ekar ditzakela uste du.
    Kudeaketa soilarekin horiek Euskerara erakarri? Hizkuntza politikarik egiteke hizkuntza kudeaketa soila egin? Estrategia intelijentea? Nere zalantzak ditut.

    Nere ustez euskera, gutxienez arnasguneetan derrigorrezkoa ez bada, hau da, hiztunek ezagutzeko BEHARRA nozitzen ez duten artean, zaila izango da gure hizkuntzaren etorkizuna ziurtatzea. Eta hori erabaki politikoa da. Izan ere inoiz ez baita 100%ren adostasunik izango horrelako neurri bat hartzeko garaian.

  • Hobeto irakurtzen hasi beharko dugu…

    Irizarrek ez du esan euskara politikatik kanpo uzteko, lehia politikotik ateratzeko baizik.
    Ez du esaten politika ez egiteko euskararekin, politikakeria saihesteko baizik.

    Berdintasuna erabiltzea balekotzat jotzen dut, bestalde. Ez baita kontua hizkuntzak berdin tratatzea, eskubide eta funtzio berberak izan ditzan lan egitea baizik.

    • Xabier Isasi
      Xabier Isasi 2015-12-12 21:16

      Eskerrik asko Aitor. Interesgarria egiten duzun interpretazioa. Irizarri irakurri diot hitzez hitz: lehia politikotik babestua garatzea eta jarraian Politikak bere berea du lehia. Edozein kasutan, asko irrikitan gaude euskararen gaineko akordio politikoa lortzeko, bagabiltza ibili eta oraindik ez dugu lortu. Politikakeria? Nork? Nola? Zer da politikakeria?

  • Asko gustatuko litzaidake niri euskararen aldeko Estatu-politika zantzuak ikustea, baina ez dut horrelakorik sumatzen. Alderantziz.
    Adibidez, telebista publikoa “Estatu-hedabidea” izaki, eta “Estatu-politika” guztien tresna garrantzitsuenetako bat delarik, euskarazko katearen ikusentzuleria minimo historikoetan dago, eta oso etorkizun iluna begibistan (zenbat eta gazteago, ikusle gutxiago). Horra indarreko Estatu-politikaren adibide argigarri bat. Eta ez dirudi “oposizioa” kezkatuegia dagoenik euskarazko kate generalista bakarraren gainbehera itzelarekin ere.
    Bestalde, PP-k edo UPyD-k gerra egiten diote euskararen normalizaziora bideratutako urratsik txikienari ere, eta PSOEko Idoia Mendiak esana du “euskara normalizatuta dagoela” dagoeneko, eta oso eskuzabal jokatu dutela euskaldunokin, eta ez daudela prest urrats gehiagorik egiteko.
    Iruditzen zait adostasunik erdiestekotan, EAJ eta EHBilduren artean beharko duela, eta hain urrun daude elkarrengandik, atzeak atzeari…

  • Uneotan, zapatu gaueko praimtaim betean, folklore saio ikusgarria ETB1en, beste kateetara lotuta dauden euskaldunak erakartzeko duda barik. “Estatu-politika bikaina” EAJrena. Isiltasun harrigarria, EHBildurena.

    • Xabier Isasi
      Xabier Isasi 2015-12-14 16:22

      Ezin etzun izanarena gauza bat da eta bestea isilik egotea. Ari bira, adiskidea. Honetan hizketan hasteak zerikusirik dauka ezarritako mututasuna haustearekin. Ondo segi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude