"Euskara biziago ikastetxeetan" jardunaldiak aurkeztu ditu Kontseiluak

Urteak daramatza Kontseiluak hezkuntza-arloko proposamenak kaleratzen. 2006an, EAEko Hezkuntza Sailetik abiatutako elebiko irakastereduen azterketaren barruan ekarpena bideratu zuen Kontseiluak, ele biko irakastereduen inguruan azterketa juridiko-legala, soziolinguistikoa, psikolinguistiko, glotodidaktikoa eta operatiboa eginez.

Azterketaren emaitza Ikasle guztiak euskalduntzeko Kontseiluak egiten duen proposamena izan zen, eta 2006ko azaroan aurkeztu zuen.. Bestalde, 2008ko abenduan osatutako Ikasle euskaldun eleanitzak sortzen proposamena ere egin zuen Kontseiluak, Hezkuntza arloko bazkide guztien babesarekin; Hik Hasi, Euskal Herriko Ikastolak, Sortzen-Ikasbatuaz, EHIGE eta Kristau Eskolak hain zuzen ere.

Hauxe izan zen EAEko Hezkuntza Sailak 2007an osatutako ‘Hizkuntzak irakatsi eta ikasteko markoa EAEn’ legearen garapenerako Kontseiluaren proposamena, Bilbon 2008ko maiatzean aurkeztu zena. 2009an ere, ildo horretan ekarpena egin zuen Kontseiluak; batetik, Ikastetxetik abiatuta euskararen erabilera areagotzen jardunaldia antolatuz eta bestetik, hiru hizkuntzatan idatzitako Euskararen erabilera areagotzeko estrategiak eskolatik abiatuta argitalpena kaleratuz.  

Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu duenez, “euskararen normalizazioari begira, ikastetxeek paper garrantzitsua betetzen dute, baina hala ere, ezin zaio erantzukizun osoa eskolari eskatu. Eskolak bere funtzioa betetzen du, baina normalizazio prozesuan ez da soilik hori beharrezkoa,  gainontzeko bizitzako esparruek ere zeinek bere papera bete behar du normalizazio prozesuan”.

Bestalde, Bilbaok, Kontseiluak ikasle guztiak euskalduntzeko egina duen proposamena aipatu du. Zeinaren helburu nagusia, derrigorrezko irakaskuntzak ikasle euskaldun eleanitzak sortzea den, hau da, 16 urterekin euskaraz B2 maila egiaztatzea.   Bilbaok azaldu duenez, gaur egun ez dago bermatuta ikasleek euskara maila egokia lortuko dutenik eta horri erantzun nahian osatu zen aurretik aipatutako proposamena. Gainera, azken garaian eztabaida beste parametro batzuetan kokatzen ari da; alegia, ziurtagiriak ematearen aukeran zentratzen  ari da eztabaida. Horren harira, zera azaldu du Bilbaok: “Ziurtagiriek hizkuntza-gaitasun zehatzak egiaztatzen dituzte.

Egun, hezkuntza-sisteman ez dago ezarrita zein hizkuntza-gaitasuna izan behar duten ikasleek derrigorrezko hezkuntza amaitutakoan; hortaz, ez du logikarik helburu zehatzik ezarrita ez duen sisteman hizkuntza-gaitasunak indiskriminatuki kreditatzea. ISEIk 2004an egindako ebaluazioaren datu kezkagarriek zer pentsa eman beharko lukete, eta hor jarri beharko litzateke arreta guztia, ikasleek gaitasun egokia lortzeari begira.

Dena den, gogoratu beharko genuke D eredua dela ikasle euskaldun eleaniztasunak sortzeko ereduari gehien hurbiltzen zaiona”, esan du Bilbaok.   Jardunaldia abenduaren 17an egingo da Donostiako Miramar Jauregian, goizeko 9:15etik aurrera. Parte-hartzea doakoa izango da eta kontseilua@kontseilua.org helbidean egin beharko da izen-ematea. 

Halaber, aipatu jardunaldian Eskolatik abiatuta euskararen erabilera areagotzeko zenbait programa liburua ere aurkeztuko du Kontseiluak.     Hik Hasiko kide Arantxa Urbek eman du jardunaldiaren egitarauaren berri. Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbaok ikasleak euskalduntzeko Kontseiluak egiten duen proposamena azalduko du.

Bestalde, ikastetxeetan hezkuntza-normalizaziorako proiektuak nola landu izango da aztergai. Horrekin batera, esperientzia ezberdinak aurkeztuko dira. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko Neus San Martik, Curriculumeko gainontzeko gaietatik ere hizkuntza lantzea beharrezkoa dela azalduko du jardunaldian.   Kontseiluko idazkari nagusiak eskerrak eman nahi izan dizkio Hik Hasiri antolaketa teknikoaren ardura euren gain hartu dutelako. Bestetik, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak diruz lagundu duela aipatu du Paul Bilbaok.

Koldo Mitxelenan egindako agerraldia

Irudia | Koldo Mitxelenan egindako agerraldia | kontseilua | Creative Commons By SA

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.