Titipuntak Pentsagai Onak Dira (Berriz Ere Euskara Batua Eta Euskalkien Arteko Fucking Afera Horretaz)

Euskara Batua

Stanley Donen-en Charade filmeko pasarte gogoangarri batean, Audrey Hepburn-ek Cary Grant-en kokots partitua bere behatz fin luze batekin ukitu eta zera galdegin dio: nola egiten duzu hor bizarra egiteko? Gaur egun, akaso, Cary Grant hipsterra zatekeen, eta, hortaz, galdera hori bertze manera bortxatuago batean egin beharko litzateke –“noizbait bizar zaindu eta eder hori moztuko bazenu, nola eginen zenuke ikusi ez baina igartzen dizudan kokots partitu horretan ileak kentzeko?”, edo horrelako zer edo zer–, baina filma bizarrak nagusitu baino lehenagoko tenorean egin zenez, galdemodu hura naturala iduritzen zaigu Hepburnen pertsonaiaren ahoan.

Kokotsak –erakargarriki partituak ala aspergarriki borobilak– alde batera utzita, bertzelako duda izan dute zenbaitek aspaldi honetan: euskarazko fikzio zinematografikoan, euskarazko film eta telesailetan, zer baliatu beharko genuke, euskara batua edo euskalkia? Naturaltasunaren izenean, euskalkia izan da nik gehien aditu dudan erantzuna. Pertsonaiak sinesgarriak izatekotan, euskalkian egin beharko lukete baitezpada, ez euskara batuan.

Betidanik naturaltasuna arrunt argudio eskasa iduritu zait, edo argudioa baino gehiago, puzkerrak nonahi eta noiznahi botatzea edo bazkaldu bitartean txiste eskatologikoak kontatzea gogoko dutenen aitzakia merkea, eta desodoranterik erabiltzea maite ez dutenen desenkusa pobrea: benetakotasuna, epe ertainean –eta, maiz, epe motzean– nork bere urrin txarra disimulatzeko erabiltzen den eufemismoa izaten da. Irudimen mugatuaren seinalea ere bada, zeren naturaltasunaren izenean euskara batua kondenatzen dutenek nonbait fikzio errealista bertzerik ez dute buruan: noizbait zientzia fikzioa euskaraz filmatuko bagenu, nahitaez euskalkiak erabili beharko genituzke, errealismoaren izenean? Balizko euskal Spock kapitainak baztaneraz egin beharko luke? “Neu naz zure atta” erran beharko luke alegiazko euskal Darth Vader batek?

Duela urte batzuk, artikulu batean, Terenci Moixek kontatzen zuen sekulako telebista erosia zuela: zinema sobera estimatzen ez zuen jendilajeak –oro har– sosa autotzarrak erosten xahutzen zuen bezala, Moixek nahiago izan zuen alimaleko pantaila paratu bere etxean: horrela, DVDri esker, irudia geldiarazi eta orduak ematen omen zituen Johnny Weissmüller-en –a.k.a. Tarzan– titiburu erraldoiei begira. Ni ados nago Moixekin: titipuntak pentsagai onak dira. Nik ere behin baino gehiagotan buruan ibili ditut Kirk Douglas-en titiburu ikusezinak Spartacus-en (bai eta haren kokotsa ere, maskulino eta oldarkorra, zulo horrekin erdi-erdian, ez Grantena bezala, xarmagarria eta lotsatia); eta maiz oroitu naiz Quentin Dean neska aktore gaztearen titi izugarri puntadunekin, zinez traumatizatu baininduten In the heat of the night filmean. Oroitu, baina ez modu lizunean, modu antropologikoan baizik: akaso niri arraro egiten zaizkidan gorputz horiek, arrotz egiten zaizkidan edertasun kanon horiek, naturalak ziren. Naturaltasuna, bizarra moztea edo bizarra uztea bezala –eta utziz gero, bizarra zaintzea edo ez zaintzea bezala– konbentzio bat da, gizartean onartzen den arau multzo bat. Gorputza bera ere, Kirk Douglasen itxura fisiko –nire ikuspuntutik– xelebreak erakusten duen bezala, konbentzio bat da.

spartacus

Beharbada, jatortasuna baino gehiago –anitzetan jatortasuna izaten baita naturaltasunaren mozorropean altxatzen dena– euskaraz hizkera zinematografiko konbentzionala behar dugu, eta astia hizkera horretara jartzeko. Konbentzio onargarri bat aurkituz gero, naturala dela erranen dugu: espainolera bikoiztutako filmetan, adibidez, ez dugu zirkinik ere egiten pertsonaia batek “quita tus jodidos pies de la jodida mesa” erraten duenean –ez preseski nire inguruan erdara “naturalean” gehiegitan aditzen dudan esaldia–. Zeregin horretan euskalkiek badute tokia doike; izan ere, harrigarriena zera da: zeinen agudo eta zeinen erraz kondenatu duten batzuek euskara batua euskal zinemagintzatik kanpo gelditzera. Tira, ez hain harrigarria, modan baitago azken bolada honetan euskara batuaren ezintasuna azpimarratzea.

Aspaldian, Rafael Contek, literatura kritikaria zela erraten baitzuen, iruzkina egin zion El País-en Ramiro Pinilla-ren Verdes valles, colinas rojas trilogiaren lehen atalari. Liburua potolo samarra denez, Contek naski pentsatu zuen, hura komentatu beharrean, hobe izanen zela euskarazko literaturari egurra ematea, eta halaxe egin zuen: ustezko kritikari horren iduriko, Euskal Herriko egiazko literatura erdaraz idatzitakoa da: Unamuno, Baroja, Maeztu, edo Pinilla bera. Motiboa ere aipatzen zuen: euskarak ez du ematen nobela on bat –edo, oro har, literatura ona– egiteko; beraz, Conteren ustez, euskaraz ez da literatura onik, eta, hala bada –Axularren dictum famatuari buelta emanez–, euskarak du falta, eta ez euskaldunek. Ez dakit garai hartan inork arrapostua eman ote zion erdipurdiko kritikari hari, baina susmoa dut –gero eta susmo handiagoa, gainera– gaur egun graziosu bat baino gehiago bat heldu direla Conteren ikuspuntuarekin euskara batuari dagokionez.

Euskara batuaren 50. urteurrena dela-eta, Iñaki Segurolak hauxe erran du Iruñerriko aldizkari ttiki batean, Karrika-n: “Batua besterik ez dagoen tokietan erdarak hartzen du hizkuntza biziaren tokia. Euskal Herri edo Deserriaren soziolinguistika halakoxea delako. Nolanahi ere, esan beharra dago batuak ez duela gaizki ematen inprimakietan, literaturan, fedabideetan eta idazten den bezala hitz egiten den leku solemne eta ofizialetan; orobat Euskal Deserriko kaleetan erdararen ordez Batua aditzeak gaitzerdiko sentimendu on bat dakarkit gehienetan”.

Handitan, nik ere anti-intelektuala izan nahi dut, eta literatura eta hizkuntza idatzia arbuiatu. Bitartean, Euskal Deserriko Hiri Buruzagian –Iruñean, alegia– lagun batekilan gelditzen naiz tarteka kafetto bat hartzeko: hoberik ezean –gizajoak gu– euskara batuan aritzen gara, baina isildu ere isiltzen gara noizbehinka, ohartzen baikara fikzio errealistaren arauak urratzen ari garela, gu –bi lagun, Iruñeko Deserri erdaldunean, euskara batuan egiten– ez garela existitzen, ez ginatekeela sinesgarriak izanen film batean, lekuz kanpo gaudela, benetakotasunaren apezen gurasokeria bertzerik ez dugula merezi. Halere, berehala hasten gara berriz solasean, ez baitugu errealismoa gustuko. Gustuko bagenu, erdaraz –erdara batuan, hain zuzen– eginen baikenuke.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Berriz Ere Euskara Batua Eta Euskalkien Arteko Fucking Afera Horretaz
Euskara Batua
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

6 pentsamendu “Titipuntak Pentsagai Onak Dira (Berriz Ere Euskara Batua Eta Euskalkien Arteko Fucking Afera Horretaz)”-ri buruz

  • iñaki barandiaran 2014-12-10 16:58

    Zorionak santi! Are gehiago semeei ERE batuan egiten diegu…txairo era xalo!

  • Oso ona, Santi, titipuntetan nuena bete-betean esaten asmatu duzu. Hau ere aparteko karpetatxoan gordeko dut. Ea noiz aukeratzen eta apailatzen duzun Zuzeun argitaratutako artikulu mordoxka eder bat eta liburu batean paratu. Nik eta, nik bezala, beste askok ere biziki estimatuko dizugu, liburuak halako “enpakea” ematen baitio idatzizko produkzioari. Datorren urteko Durangoko azokan liburua sinatuko didazulakoan…

  • Neu ere elkartzen naiz Bilbon kafe baten bueltan lagunekin titipuntez aritzeko.Emon eurre, Xanti!!

  • naturala zer den eta zer ez, primeran definitu duzu Santi. Orain, ni banaiz euskalkia ere erabili behar dela dioen zoro horietako bat. Uste dut batak ez duela bestea kentzen… Niri ere ez litzaidake naturala egingo Leitzako nire osaba batuan entzutea telebistan, baina bai Leitzako nire lagun euskaldun ez hain berria batuan aritzea… eta biak ikusiko nituzke gustura telebistan. Spok euskaraz aritzea bera egingo litzaidake niri antinaturala… extralurtarrak euskaraz!?!?! euskaldunak ere ez dugu ta egiten askotan!!!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude