Euskara alderdien hauteskunde-programetan: PSE-EE-PSOE


Eusko legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratu dituzte, baina uste izatekoa da larrialdi egoera gainditzean, laster egingo digutela botoa emateko deia, eta horregatik jarraituko dugu hauteskunde-programei erreparatzen. Oraingoan EAEko Legebiltzarreko laugarren talde politikoak (PSE-PSOE) 2016ko bozetarako aurkeztutakoari, eta berriki argitaratutakoari ere.

Egitaraua gaztelaniaz soilik.

PSE-PSOEren 2016ko jatorrizko egitaraua erdara hutsez zegoen. Geuk euskaratu ditugu hona ekarritako pasarteak. Oso esanguratsua iruditzen zaigu. Egitarauan jasotako ustezko “asmo onak” ezerezean uzten dituen ariketa.2016ko programaren hasiera bera ere, oso argigarria da: Euskara bultzatzea herritarren nahiagotasun linguistikoak errespetatuz. Euskara bultzatu askatasunean”.

Kontuan izanik gaztelania derrigorrezkoa dela estatu guztian, PSEk dioena da gaztelania derrigortzea normala dela EAEn, baina gauza bera ezin dela egin berezko hizkuntza zapalduarekin, euskararekin. Euskaldunekiko begirunerik eza adierazten dute hitz horiek ere, egitaraua euskaratzeko lanik hartu ez izanak bezalaxe, eta gaztelaniaren inposaketaren aldeko jarrera. Ikuspegi orokor horren berresle eta bermatzaile da ikuspegi hau ere: “Era berean ezinbestekoa da euskaltzalearen nozioa usadioz ikuspegi abertzale edo nazionalistatik esleitu zaizkion edukietatik bereiztea. Euskara lantzea eta aztertzea ez daude izatez ideologia jakin bati lotuak.”

Eta galdera da: nork eragotzi dio PSE-PSOEri euskara lantzea eta “bere” egitea?

Zergatik utzi du euskara bazterrera beti? Bere esku egon da eta dago euskara lantzea eta sustatzea. Jakina, norbanakoen kontu gisa hartuz gero hizkuntza, orduan bai, horrela izan liteke; alabaina fenomeno indibiduala bezainbat guztiz soziala denez gero hizkuntza, gorago esandakoa errepikatu beharrean gaude.

Kohesio sozialerako balio behar duela euskarak zioten, eta ez zatiketarako. Dena ildo berean.
Euskara euskaldunen arteko kohesiorako tresna da, eta izan da beti, gaztelera espainiarren arteko kohesiorakoa, edota frantsesa frantsesen arteko kohesiorako tresna izan den bezala.

EAJk bultzaturiko hizkuntza-politikei kritika egiten zieten:

Garrantzizkoa da ebaluazio eztabaida bat irekitzea autogobernuaren hastetik gaurdaino hizkuntza-politikek egin duten ekarpenari buruz, zeren lortutako emaitzak –espektatibetatik asko ez dituzte bete- ez datoz bat eskaini zaizkien baliabide garrantzitsuekin”.

Baina egin beharreko delako ebaluazio hori euskararen alderako eskakizunak beheratzeko zen, zeren horren ondotik, Patxi Lopezen garaiko “lorpenak” zerrendatzen zituzten, denak euskararen galdekizuna biguntzearen aldekoak:

Apirilaren 3ko 47/2012 dekretuaren onarpenarekin salbuetsi ziren hizkuntza-egiaztapena egin behar izatetik euren ikasketa ofizialak euskaraz egin zituzten pertsona guztiak. Jarraitzen dugu Euskararen Erabilera normalizatzeko Legearekin 1982an lortutako zehar akordioa defendatzen. Egitateen bidez une oro hausten edo errespetatzen ari ez diren akordioa.” 

Orain arte aztertutako egitarauen artean, euskaldunontzat kaxkarrena da PSE-PSOErena, gaztelaniaren nagusitasuna eta euskararen bazterreko egoera betikotzera datorrena.

Zer duzu buruan “Euskara alderdien hauteskunde-programetan: PSE-EE-PSOE”-ri buruz

  • Pello Santxez 2020-04-29 00:26

    PSOEk bere ezaugarri ia guztiak galdu ditu bidean: errepublikazalea zen eta monarkiazale bilakatu da. Sozialista zen eta neoliberal bihurtu da. Federalista omen zen baina demaseko zentralista dihardu.
    Galdu ez dituen ezaugarri bakarrak, euskarari beti izan dion erdeinua eta gorrotoa dira.