‘Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak’ aurkeztu da gaur Bilbon
Hiztegi hau Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak batera argitaratu dute
Hiztegi Batuaren osatze bat da, definizioz eta erabilera-adibidez
Gaur, urriaren 3an, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak aurkeztu da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Lan hori euskara-euskara hiztegia da eta Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak batera argitaratu dute, elkarlanean. Lanaren oinarria Euskaltzaindiak onartua duen Hiztegi Batua da, lehen itzulian argitaratutako hitzak.
Gaur, urriaren 3an, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak aurkeztu da Bilbon, Euskaltzaindiaren egoitzan. Lan hori euskara-euskara hiztegia da eta Euskaltzaindiak, Elkar argitaletxeak eta Elhuyar Fundazioak batera argitaratu dute, elkarlanean. Lanaren oinarria Euskaltzaindiak onartua duen Hiztegi Batua da, lehen itzulian argitaratutako hitzak. Lan berriak, ordea, askoz informazio gehiago eskaintzen du: Hiztegi Batuko lehen 20.000 hitzak dauzka, beren definizio, kategoria gramatikal, espezialitate-, erregistro- eta euskalki-markekin, aditz-erregimenekin, eta benetako erabileratik jasotako adibideekin, hots, irakurleari euskal hitzak egoki erabiltzen lagunduko dioten informazio guztiekin.
“Mugarri berri bat euskararentzat eta Euskaltzaindiarentzat”. Horrela definitu du Andres Urrutia euskaltzainburuak gaur aurkeztu den lana. Izan ere, Akademiak “euskara-euskara hiztegia lehenez argitaratu du, beste hizkuntzetan ohikoa dena gurean ere plazaratuz, hots, euskararen hitzek dituzten adierak eta adibideak euskararen bidez emanik”.
Andres Urrutiarekin batera, hiztegiaren edizioan parte hartu duten hiru erakundeotako ordezkariak izan dira: Olatz Osa, Elkar argitaletxeko zuzendaria; Itziar Nogeras, Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia; eta baita Andoni Sagarna, Euskaltzaindiko Iker sailburua eta Ibon Sarasola, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak egitasmoaren zuzendaria ere.
Hiztegigintzaren eremuan dauden erronkei erantzuteko, aliantza sendoen premiaz eta egitasmoak partekatu beharraz jardun dute guzti-guztiek. Horiek horrela, euskararen normalizazio eta normatibizazioaren bidean, garrantzi handiko urratsa eman da, gaur aurkeztu den hiztegiari esker. Horren oinarria Euskaltzaindiak onartua duen Hiztegi Batua da, lehen itzulian argitaratutako hitzak. Ibon Sarasolak gogora ekarri duenez, “hogei bat mila hitzeko hitz zerrenda zen, hitz horien ortografia batua adierazten zuena batez ere. Euskaltzaindiak orain argitaratzen duen Euskaltzaindiaren Hiztegia, 20.000 hitz haiei dagokien “hiztegi osoa” da, hots, haietako hitz bakoitza adierez, definizioz eta adibidez hornitzen duena”.
Urte askotako lana
Hala, bada, Euskaltzaindiaren Hiztegia Euskaltzaindiak hiztegi-arloan duen “egitasmo-katearen azken maila da oraingoz”, Andoni Sagarnaren hitzetan. Lan horren aurrekariak, hona heltzeko ezinbesteko gertatu direnak, aipatu ditu Iker sailburuak: 1968an, Koldo Mitxelenak, euskal hitzak euskaraz deskribatu zituen hiztegi bat lantzeko, kontuan izan beharreko irizpideak finkatu zituen. Orotariko Euskal Hiztegia etorri zen ondoren: hamasei liburuki eta 14.000 orrialde dituen lan erraldoia, 2005ean bukatu zen argitaratzen paperean.
Horren ostean, Euskaltzaindiak beste bi eginkizun abiarazi zituen: lexikologia-irizpideak finkatzea eta egungo lexikoa sistematikoki biltzea, hiztegi arauemailea eta terminologia teknikoak landu ahal izateko. Egungo Euskararen Bilketa-lan Sistematikoak 4.655.300 testu-hitzeko corpus bat eman zuen. Hortik abiatuz, 40.000 hitzen formak arautu eta Hiztegi Batuan argitara eman dira. Andoni Sagarnak gaineratu duenez, “tresna horiek guztiek orain argitara eman den hiztegiaren oinarria sortu zuten. Etxe baten eraikuntza balitz, ereinotz-adarra gailurrean jartzeko unea litzateke oraingo hau”.
Erabilera-adibideak
Esan bezala, Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lanak Hiztegi Batuko lehen 20.000 hitzak dauzka, beren definizio, kategoria gramatikal, espezialitate-, erregistro- eta euskalki-markekin, aditz-erregimenekin, eta benetako erabileratik jasotako adibideekin. Ibon Sarasolak azaldutakoaren arabera, azken urteetan argitaratu diren euskal hiztegi elebakarrak kontuan hartu dira. “Gaur egungo teoria eta teknika lexikografikoaren arabera egin da -esan du-. Ildo horretan, garrantzia handia eman zaie hitzen adierei eta, batez ere, erabilera-adibideei”.
Egitasmoaren zuzendariaren esanetan, Euskaltzaindiaren Hiztegia “ez da pentsatua izan hizkuntzalarientzat, are gutxiago hiztegigileentzat, baizik eta idazle, irakasle edo teknikarientzat, futbolari nahiz ekonomilarientzat. Eta kontuan hartu dugu hiztegien erabiltzaileek, oro har, hizkuntzalariek uste duten baino gramatika-ezaguera askoz ere urriagoa dutela. Horiek horrela, gramatika kategoriei buruzko informazio horiek adibideen bidez ere ematen saiatu gara”.
Hain zuzen ere, erabilera-adibideen arloan egin da ahaleginik handiena. Sarasolak esan bezala, “erabilera-adibide hauek euskararen literatura-tradiziotik eta egungo testu eredugarrietatik atera dira, bi horien artean oreka egokia bilatzen saiatuz. Horrela, joskera-eredu guztien argazki moduko bat eratu da, eredu bakoitzari bere pisua, maiztasunaren edo egokitasunaren arabera, ematen saiatuz”.
Horiek horrela, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren lehen edizioa da hau, hurrengo urteetan hitz, adiera eta adibide gehiagoz etengabe osatuz joango dena. Andres Urrutiak esan bezala, “inon bada hizkuntza akademia baten eginkizunik behinena, honexetan da, hain zuzen ere, hizkuntzaren lexikografiari bultzada ematen, estandar baten osatze eta mamitze aldera. Hiztegigintza -gaineratu du- bukaerarik gabeko jarduera da, hizkuntza etengabe biziberritzen delako seinalea”. Hain zuzen ere, Andoni Sagarnak iragarri du hiztegia aberastuko duten hurrengo 20.000 sarreren idazketa aurrera doala. “Zimenduak –adierazi du, pozez– sendoak dira, egitura eraikia eta teilatua emanda daude, eta barruan lanean ari gara”.