Euskalkiak berriro jomugan

euskera1968an euskara batua sortu zenetik, eztabaida iturri agortezina izan da batua vs euskalkia dikotomia. 50 urte egiteko bidean den honetan ere, defendatzaileak zein etsaiak ditu hautu bakoitzak, eta badira, nola ez, bien arteko orekaren aldekoak ere. Bistan da: euskaldunok eta euskalzaleok ez dugu oraindik estrategia linguistikorik adostu, eta itxuraz, ez dirudi epe motzean adostasun zabalik lortuko dugunik. Azken asteotan gaiaren karietara zabaldu diren hiruzpalau artikuluk eta horiek piztutako erreakzioek hala iradokitzen dute.

Idatzian batua, ahozkoan euskalkia?

Adostasunaren aldekoen proposamena hori da: idatzizkoan batua, ahozkoan (lagun-artean bereziki) euskalkia edo dena-delakoa. Baina irizpide horrek ez du eztabaida erabat argitzen. Leire Barrenak duela hilabete inguru Zuzeun idatzitako artikuluan zioenez, zer gertatzen da iruzkinekin? Eta sare sozialetan, zein da erabili behar litzakeen euskara? Balio al du euskalkiak irrati edo telebista nazional batean parte hartzeko?

Gutxi balitz, euskalkiaren defendatzaileek zein batuaren ezinbestekotasuna azpimarratzen dutenek, ez dute bat egiten ahozkoa eta idatzizkoa banatzen dituen proposamenarekin. Aberastasuna dute batzuek aitzaki (edo arrazoi), besteek ordea, konpetitibitatea eta normalizazioa.

Aberastasunaren alde

Maddi Sarasua itsasuarrak eztabaida hau bera izan du ardatz Topatun duen blogeko estreineko artikuluan (“Nola mintzatu zurekin?”),  eta makina bat euskalki biltzeaz gain, (gutxienez) bi ikuspegiak ere batu ditu. Hegoaldezentriston mesederako, Ipar Euskal Herriko euskaldun baten bizipenetatik idatzi du gainera:

“Beti denek batuan idatzi behar duguia? Zonbat aldiz pleñitu tutxu ene ingurukoak: nahio frantsesez irakurri, ‘hegoaldeko euskara arrotz hortan’ baino. Ta mintzatzen ere doi-doi iten tutxun euskalki hoiek zer? Nola ikasi, nola biziberritu? idatziz ere ez batutxu atxikitzen ahal. (…) Batu eta berdindu nahian ez ote dixiu gure mintzairaren aniztasuna pobretu?”

Antzeko iritzia du Leire Barrenaren artikuluan iruzkina utzi zuen Sugarrek ere. Aldizkarietan artikulu batzuk euskalkian idatziak izatea gustatuko litzaiokeela dio, “hizkuntzaren aldetik aberastuko nintzatekelako”.

Konpetitibitatearen alde

Beste batzuek aldiz, idatziz zein ahozko solasaldietan euskara batua erabiltzea lehenetsi behar dela uste dute, hala euskararen normalizazioa eta biziraupena ziurtatzea errazagoa izango delakoan. Orioko kilometroen abestiak eta lemak (Erria txikota) asaldatu ditu, eta horren harira, Karlos Gorrindok artikulua idatzi du Argian.

Bere arabera, euskara batua “arrotz da” egungo gazte euskaldunentzat ere, eta asko eta askok uko egiten diote “euskaldun orok elkarri ulertzeko bultzatutako asmo aspaldikoari, norberaren idiosinkrasiari aldez edo moldez eutsi behar zaiolakoan”.  Eta hala gehitzen du gero: “Denontzat euskara bat eta mundu guztiak ulertzeko modukoa indartu behar dugu, gizarte maila eta estamentu guztietan”.

Zuzeuko iruzkinetan ere asko dira euskalkien erabilera kritikatu dutenak, idatzizkoan batez ere: “Edozer jokatuko nuke, Europa osoko hizkuntza inprtanteen artean ez dela gurea bezalako hizkuntza-komunitaterik, hain txokozalea, “jatorrista” eta probintzianoa. Izan ere, uste dut hor dela arazoa: edozein testuingurutan nork bere bailarako hizkeran idaztea eta hitz egitea, mentalitate probintziano batetik dator. Badirudi laburutarra izanda emailak Leaburuko euskaran idazten baduzu, putoamoa zarela. Eta ez zara”.

Dirudienez, eztabaidak emango du beste 50 urterako ere.

euskalkiak

20 pentsamendu “Euskalkiak berriro jomugan”-ri buruz

  • Emoiztazuz Sesiyuak 2014-10-02 10:25

    1) Nik argi dut, eta uste dut argi eduki beharko litzatekeela, euskara batua dela elkar ulertzeko euskara eta, beraz, komunikazio ireki eta publikoetan euskara batua erabili behar dela (baldin eta entzulego/irakurlegoa lokala ez bada).
    2) Zer da aberastasuna? Euskara batuan lasai-lasai sartzen dira euskalkietako hitzak eta esapideak; ez ordea aditz laguntzaile lokalak eta flexio-atzizki lokalak. Euskalkia ez erabiltzeak euskara pobretzen duela esateak agerian uzte du euskaldunon pobrezia, ez euskara batuarena.
    3) Kuriosoa ere bada, baina Erria Txikota kantarekin sortu den debate hau ez zen sortu talde (kasualitatez oriotar) batek “emoiztasuz musutxuek” hasten zen kanta kaleratu zuenean. Orduan, txalotu egiten zen Maiaren testua, hitz goxoak eta euskara aberatsaren eredu; orain ordea, erria txikota ez da “amaren semerik ulertuko duenik”. Gipuzkoarzentrismoa eta gipuzkoarfobia elkarri tiraka.

  • Nire kasuan, zera egiten dot: Batua berba egiten dot Bizkaitarra ez dan edonogaz edo eskatzen daustanagaz. Idazten, orokorrean, Bizkaiera erabiltzen dot be bai baina, uste dodanean norbaitek Euskal Herriko edozein lekutan adituko ez leukela, orduan Batua erabiltzen dot.

    “Emoiztazuz Sesiyuak” esan dauanez, Batua alkar ulertzeko Euskalki bat da, ez “hobesteko” edo “aberastasuna” adierazteko. Aberastasuna, niretzat, euskalkien ezberdintasunetan dago. Nire buruari itauten dautsat zergatik batzuek uste daben betiko euskalkiak ez diran Batua bezain aberatsak. Gogoratzen badogu, Batua batez be Lapurtera, Gipuzkera eta Goi Nafarrera nahastuta da.

  • Emoiztazuz Sesiyuak 2014-10-02 14:57

    Joxean. Adibidez, ez dut ulertzen zergatik den egoki niri (ere, hau da, denoi) bizkaieraz egitea. Elkar ulertzeko euskara batua dagoenean. Hori esan nahi nuen.

    Aberastasunari buruz: lehen ere esan dut batuak barnean har ditzakeela bizkaierazko edo lapurterazko hitzak. Edo berbak. Denak dira euskara batuan erabiltzeko modukoak, eta horiek batua aberasten dute.

    Azken batean, zuk idatzitako testuan dot > dut, daben > duten, leukela > lukeela moduko aldaketa txikiak gorabehera, euskara batuan idatzi izan bazenu bezain aberatsa edo pobrea da testu hori. (Aditz laguntzailearen kasuan bat finkatu beharra zegoen, elkar ulertuko bagenuen… baina hor ere ez pentsa bizkaiera denik batutik aldentzen den bakarra, ez pentsa adibidez gipuzkeraz “dudala” edo “diezadake” esaten denik ).

    • Niri galdera pare bat piztu zaizkit barrenean:
      -Benetan pentsatzen duzue Joxeani ulertzeko zailtasunak izango dituela bateren batek? zer eta bizkaieraz idatzi duelako?
      -Ez al da aberasgarria ikustea nire herrian “det” esaten duguna, bizkaian “dot” esaten dela? ahozkoan aberasgarritzat daukaguna zergatik ez da ba idatzizkoan?

      • Emoiztazuz sesiyuak 2014-10-03 12:06

        Urko, orduan zertarako da euskara batua?

        • Idatzizko hizkuntza estandarizatu bat izatea ona da. Eta adibidez, erabilira administratibo orokorrean guztiz aplikagarria. Bai ahoz, bai idatziz. Eta nola ez, nahi duenak nahi duen leku eta momentua erabiltzeko guztiz zilegia, edarra eta aberatsa izan daiteke.

          Ez dut uste administrazioak euskalkia erabili behar lukeenik, adibidez, hiritarrok erabili behar ditugun tramitazio dokumentuetan. Baina oso bestelakoa da nire ustez, norbanako partikularrak interneten erabili beharreko euskara arautzea. Iruditzen zait gutxi garela idazten dugunak, gainetik elkarri leporatzen hasteko “horrela ez zenuke idatzi behar eta horrela bai”.

          Garai batean ez dakit, baina gaur egun, euskalki denak zaizkigu ezagunak, eta hitz egiteko gaitasunik izan ez arren, denak zaizkigu ulergarri, eta nire iritziz, aberasgarri. Batua ere aberasgarri izan daitekeen bezala.

          • Emoiztazuz sesiyuak 2014-10-03 13:01

            Hain zuzen, euskara estandarizatua izatea ona da. Eta erregistro lokalak izatea ere ona da. Dena baita aberasgarri.

            Hain zuzen, aberastasun aukera horretatik Zuzeu moduko batean zein erregistro erabili beharko litzatekeen ari gara eztabaidatzen. Zuzeu ez baita lagunartean erabiltzen den Facebook bat. Eta erdaraz Tumismo izeneko maila honetako eztabaida foro batean ez litzaiguke burutik ere pasatuko lokalismo aberasgarriak aldarrikatzea.

            Azkenik, oso optimista zara “euskalki denak zaizkigu ulergarri” esatean. Bestela, zertara dator amaren semerik ulertzen ez omen duen Erria Txikotarekin sortu den iskanbila? Hasi behar al dugu euskalkiak deszifratzen (gehiago edo gutxiago), denon elkar ulermenerako sortu den estandarizatua arbuiatuz?

  • Euskara aberastu nahi bada erabil dezagun beste euskalkien hitzak edo esamoldeak batura euskaratuta. Adibidez, urdaia eta xingarra erabiliz, futbola eta zangobaloia erabiliz, etab. Baita Hegoalde eta Iparralderen arteko komunikazio hobetzeko euskara neutro bat finkatu behar da, adibidez “arotza” aipatutako bi eremuetan esanahi ezberdinak dituzte, egur-langilea/zur-langilea eta burdin-langilea hain zuzen ere.

  • Amonamantangorri 2014-10-03 13:53

    Aberastasuna: usurbildarrak “det” idaztea, eta eibartarrak “dot”. Hizkuntza aberatsa hori da. Bravissimo.

  • Emoiztazuz sesiyuak
    Iritzi berekoak gara beraz. Izan ere, batua eta euskalkiak, biak ikusten ditugu beharrezko. Iritzi desberdina dugu ordea zer non erabili behar den iradokitzean. Nik ez diot hemen euskalkia bakarrik erabili behar denik batua arbuiatuz. Nik diot hemen denak behar lukeela lekua, arrazoi bat eman dizut: “Iruditzen zait gutxi garela idazten dugunak, gainetik elkarri leporatzen hasteko “horrela ez zenuke idatzi behar eta horrela bai”. ”

    Eta ulermenaren inguruan, iruditzen zait, idatzizko formatuaz ari bagara, euskalki guztiak direla ulergarri. Agian, optimistegia izango naiz? ez dakit.

    Amonamantangorri
    Nik ez dut holakorik aipatu. Euskalkian idatzi daiteke ongi ala gaizki, eta batuan idatzi daiteke ongi ala gaizki. Baina euskalki desberdinek aberastu dezakete, semantikoki ez sakoneran, baina bai zabaleran.

    • Amonamantangorri 2014-10-06 12:58

      Niretzat hizkuntza-aberastasuna ez da hori. Argentinarrak -eta latinoamerikarrak oro har- gaztelaniaz mintzatzen entzun izan ditudanean, nabaritu dut haien mintzoa Espainia aldean jende gehienak darabilgun gaztelania informala baino askoz ere aberatsagoa, adierazkorragoa dela, baliabide lexiko eta sintaktiko gehiagokoa. Aberastasuna ez da lekuan lekuko fonetismo, aditz-morfema eta hitz sinonimoen aniztasun kontua (bakarrik), beste zerbait gehiago da.
      .
      Guk dibertsitate morfo-sintaktiko eta lexikoa badaukagu geografikoki, eta gainera ikaragarri harro gaude horretaz eta aukera dugun aldioro aldarrikatzen dugu; baliabidez, ordea, hiztun gehienak pobre.

  • Emoiztazuz sesiyuak 2014-10-03 15:41

    Urko, nik ere eman dizut arrazoia (erregistro bakoitzaren eremua). Eta beste arrazoi bat ere eman dizut, orain zure esaldi hori birformulatuz azalduko dizudana: “Iruditzen zait gutxi garela idazten dugunak, besteen euskara lokalistak deszifratzen ibili behar izaten aritzeko, zergatik eta elkar ulertzeko eratu den hizkera estandarizatuak eskaintzen digun bide komuna baztertzen delako, norbere txokokoa aberasgarri delakoan une eta leku orotan”

  • Emoiztazuz sesiyuak 2014-10-03 15:43

    Eta Urko, beste gauza bat…” idatzizko formatuan” diozu; eta nik berriro erantzun: Erria Txikota idatziz eskaini eta hori amaren semerik ulertuko duenik ez dela esan da egunotan.

    Batzuentzat izango da ulergarri, beste batzuentzat ez. Kontua da euskara batua denok ulertzen dugula… Eta Zuzeu moduko foroak euskaldun guztiak elkarrekin jarduteko sortuak direla, hain zuzen,

    • Euskera Batua beti ez da ulergarria. Hamaika arazo eduki dodaz, adibidez, batuera egiten Xiberoan edo nire Bizkaiko lagunakaz txikitatik egin dabelako berba Bizkaieraz eta Batuera eurentzat “klaseko zeozer” dalako (bide batez, hori ez da nire iritzia Batuerari buruz, baina bai nire lagun batzuena). Sinistu gura dogu guztiok aditzen dogula Batuera, baina askotan ez da halan.

    • Nire ustez Zuzeu moduko guneek badute abantaila bat: idatzitakoa hortxe gelditzen da eta ez dago momentuan ulertu eta erantzun beharrik. Interesa duenak bere denbora har dezake, adibidez, erria txikota letrak zer esan nahi duen ikasteko. Eta prozesu aberasgarri horren ostean erantzun. Niri ilusioa egingo lidake bateren batek hemen zuberotarrez idazteak, eta gaizki iruditzen zait gainera, horregatik asaldatu eta batuan idatzi behar dela eskatzea.

      Beno, eskatzea libre da, baina ez ematea ere bai. Gauza bat da bateren batek euskalkian zerbait idatzi eta, irakurleren batek hura ezin ulerturik esplikazio eske idaztea. Baina, esatea “zuzeun idatzi batuan denok uler dezagun”… ez dakit ba… beste honen antza hartzen ez diodan “hablar en castellano para que entendamos todos”

      • Emoiztazuz sesiyuek 2014-10-06 13:45

        Urko, ni ez naiz asaldatzen. Nire iritzia ematen ari naiz, plaza bakoitzean plazaratzeko euskara erregistroari buruz. Espero dut zu ere asaldatu gabe ariko zarela defendatzen zure iritzia.

        Agian norbait ados egongo da administrazioan edo ETBn euskalkiak erabiltzean. Iritziak dira. Zu hor igual ez zeundeke ados, edo igual bai. Nik ez nengoke ados, eta horregatik ez nengoke asaldatuta. Iritzi bat ematen baizik.

        Bestalde, “hablar castellano” eta horrelakoak sobran daudela uste dut. Zinez.

  • Gainera, iruditzen zait zuzeu moduko lekuetan egiten diren iruzkinetan euskalkia erabiltzeak ez diola batuari kalte egiten. Batua ere irakurriko delako zuzeun. Batua ere ikasiko delako eskoletan, eta orokorrean bere espazioa irabazia duelako gizartean. Ez direlako nire ustez kontrako korronteak, elkar elikatzen direnak baizik.

    • Emoiztazuz sesiyuek 2014-10-06 13:48

      Joxeanen lagun horiek erakusten dizute batuak ez duela bere espazioa irabazia. Eta euskaldun guztiei iristeko bokazioa duten elkargune hauetan ere ez bazaio bere leku naturala aitortzen batuari, ea zein espazio utziko diogun (administrazioa eta Euzkitze, antza).

  • Emoiztazuz sesiyuek 2014-10-06 13:39

    Joxean, eta ez al duzu uste Xiberoan arazo handiagoak izango zenituzkeela bizkaieraz egin izan bazenie batuaren ordez? ez al duzu uste xiberotar horrek kasualitatez Zuzeu irakurriko balu askoz nekezago ulertuko lukeela bizkaieraz diozuna batuaz zeniokeena baino?

    Elkar ulertzeko sortu den hizkera estandarra batzuek/batzuetan ez dela ulertzen esanaz defendatu nahi dugu euskaldunen masa osoarentzat ulerkaitzagoak diren lokalismoen erabilera? (Zuzeu bezalako elkarguneez ari naiz betiere). Ez diot zentzu handirik ikusten.

    Bizkaiko lagunekin berdin… zailtasunak badituzte batuarekin, askoz gehiago gipuzketa itxiarekin edo xibererarekin.

    Dena dela, Bizkaiko lagun horiez ari zarela, hasierako irakurketa batean gaizki ulertu, eta ulertu dut adineko pertsonez ari zinela (batuan hezi edo alfabetatu ez zirenez euskalkia baizik ezagutzen ez dutenez); baina gero ikusi dut ezetz, “klaseko zeozer” aipatu duzu; hau da, batua hezkuntza sistema bidez (ere) jaso duten pertsonez ari zara.

    Barkatu esatea, baina lagunekin txikitatik berba egiteaz aparte (eta ez da gutxi hori, ez horixe) pertsona horiek egiten dute beste ezer euskaraz? Herriko lagunak ez diren inorekin ez dute harremanik euskaraz? Ez dute libururik irakurtzen? Ez dute egunkaririk irakurtzen? Ez dute telebista edo irratia entzuten?…. Egiten ez badute, normala euskara batua arrotza eta “klaseko zeozer” soilik iruditzea… baina, horrelako pertsonek Zuzeu irakurtzen dutela uste duzu? Alegia, zertarako haientzat bizkaieraz idatzi, ez dizute irakurriko-eta…. ederrak daude, gero, gipuzkera itxi aberasgarrian edo xiberoko euskaran ezer ulertzeko…

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude