Euskalduntasunaz

Euskalduntasunaz –

2015-07-13

Euskalduntasunaz

Adelbert von Chamissok itzala galtzen zuen hankabiko bati buruz idatzi zuen. Gizabanakoari atxikirik dagoen atributua da itzala, halabeharrezkoa; identitatearen irudikapen metaforikoa. Euskalduna euskaraduna dela ero-moduan sinesten duenak ez du askoren itzala ikusi (nahi). Edo okerragoa dena, horiek ilunpera kondenatzen dabil

Euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskaraduna da euskalduna. Esatea ondo dago; harenga gisa-edo. Esatetik sinestera badago tartea. Gure inguruetako egungo koadro identitarioa deskribatzeko eskatu ostean euskaldun kondizioa hizkuntza-fakultateetara mugatzen duenak (ariketa hori serioski egiten duelarik) ahalmen analitiko eskasa duela bistakoa da. Euskalduna, gaur egun, euskaraz diharduena dela baieztatzen duenari arreta gehiegi ez jartzea komeni da, beraz, erro-errotik erratzen baita analisian. Ez nuke espazio gehiegi galdu (bai, galdu) nahi aurreko argumentu gabe hori desmuntatzeko.

Joan Itzaltzura, Otsagabiara, Aribera, Orreagara. Joan Oreretara eta mintzo bertako rasta eta belarritakodun gazteei ez direla euskaldunak. Irakurri, bestela, Gara egunkaria. Galdetu erredakzioan espainiarrak ote diren. Ez. Euskaldunak ere ez lirateke, ordea, arestiko analista bikain horrentzat, ez baitute euskaraz egiten. Herrigabeak lirateke, halatan.

Chamisso abizendun idazle frantziar batek idatzi zuen halako eleberri protokafkiano bat itzala galtzen zuen hankabiko bati buruz. Gizabanakoari atxikirik dagoen atributua da itzala, halabeharrezkoa; identitatearen irudikapen metaforikoa litzateke. Euskalduna euskaraduna dela ero-moduan sinesten duenak ez du askoren itzala ikusi (nahi). Edo okerragoa dena, horiek ilunpera kondenatzen dabil.

Bada hilabete erdi Jule Goikoetxeak euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala idatzi zuenetik Berrian. Aspaldian irakurri dudan esaldirik bikainenetakoa iruditu zitzaidan, ezpairik gabe. Euskalduntasuna ez baita biologikoa, egiturazkoa. Euskalduntasuna eraikia da, emakume eta gizon kondizioak bezala. Subjektiboa da euskalduntasuna, generoa subjektiboa den bezala. Azpeitiar-zentrismo batek deabrututa dabil asko. Euskara egituraz, esfortzu barik jaso duen berak ez du ulertzen nola egon litekeen euskaldun erdaldunik. Azpeitiarra bai euskalduna!

Erdal hiztun euskaldunaren koherentzia falta agerikoa da, egia da: Berrogei urte Galizian bizitzen dabilen batek galiziarra eta anarkista dela baina galiziera ez dakiela adierazten didanean zur eta lur gelditzen naiz. Galizierak daraman klase-borroka dimentsioa eztabaida ezina baita, egin zidan orain dela gutxi Carlos Taibok. Eta orduan berriz oroitu naiz Jule Goikoetxearen honako adierazpenaz: euskaldun egiten gaituena subalternitatea da. Esaldiari buelta eman eta itauntzen dut: euskarak subalterno egiten gaitu? Ez nuke esango. Izatekotan erdara-ezak egingo gintuzke subalterno. Badago klase aristokratiko euskaldun bat. EAJ ez da subalternoa. Euskarak ez gaitu subalterno egiten. Eta euskaldun subalternitateak egiten gaituela onartzekotan euskal nazio-eraikuntzaren hiru modalitatetik bi arriskuan leudeke (3 eta 3+1), ez bailuke independentziak (jendarteak ulertzen duen moduan) helburu izan beharrik. Euskalduna zein da? Euskaldun sentitzen dena. Ernst Gellner-ek zioen: Bi gizon nazio berekoak dira nazio bereko direla errekonozitzen duten heinean. Kontua da: zer da euskal nazioa? Estatu espainiarraren markoaren barruko hiru lurralde hartzen dituen komunitatea nazioa da. Eragiketa horri Nafarroa gehitu dakioke, eta nazioa litzateke. Espainia onartu ahal duen nazioa, eta Espainiak onar dezakeena. Identitate plurinazionalez hitz egin beharko genuke. Eta horiek ez lirateke (hain) subalternoak, ene ustez.

Amaitzeko: euskal hiritarra Eusko Jaurlaritzaren erroldetan ageri den oro da (objektiboa). Euskal herritarra Euskal Herriko (Euskal Herria bera eraikuntza osatugabea delarik) kide sentitzen den oro da (subjektiboa). Eta euskalduna euskal herritarra da.

(Jatorrizkoa ZirriBorroak blogean).

Euskalduntasunaz
Euskalduntasunaz

21 pentsamendu “Euskalduntasunaz”-ri buruz

  • Xabier Goitia 2015-07-13 08:08

    Jurgi Arruti, identitatearen kontu horrek kitzikatzen bazaitu, ez litzaizuke batere gaizki etorriko Ibai Iztuetaren saiakera irakurtzea: Cultura vasca versus euskal kultura. Diaporak eta inkolak kontzeptuak darabiltza bertan, besteak beste

    • Jurgi Arruti

      Ez nau kontuak gehiegi kitzikatzen, Xabier. Ezer gutxi, esango nuke. Taberna giroan eta sare sozialetan entzundakoei ihardespena baino ez da. Ulertzen dut naziotasunak eta identitateak eragin/piztu dezakeen kezka/jakinmina. Ez da nire kasua. Irizpideak erabat subjektiboak baitira, nire ustetan. Ez dute gehiegizko azalpenen beharrik. Egia da subjektibotasun horretan objektbioak diren faktoreek eragina dutela eta abar. Baina tira. Mil esker erreferentziagatik, hala ere.

  • “Euskarak bakarrik ez gaitu egiten euskaldun” (Joxe Manuel Odriozola, “Hizkuntza, kultura eta gizartea”, 1998. 10. or.)

  • Abertzale askok, “euskalduntasunaren” beste kontzeptu bat darabil, lanari, zintzotasunari, hitzekoa izateari eta abar lotuta, euskararekin zer ikusirik ez duena.
    Orain feminista, solidarioa eta belarritakoduna izatea aski omen da, euskaraz jakin gabe ere.
    Ore bereko opilak iruditzen zaizkit biak ala biak.
    Euskalduna euskaraduna da, lapurra, alferra, matxista izan edota Zaran janzten bada ere.
    Kontzeptuak bihurritzen eta hiztegia zailtzen hasi beharrik gabe.

    • Xabi Amedo

      Euskal Herriko postmodernismo berantiar hau (zerbait berria bailitzan jokatzen dute) horretan datza: kontzeptuak desitxuratu eta bihurritu, beren ikerketa eremuak imaginaziozko helburuak izan ditzan eta beren departamentuak diru laguntza gehiago izan ditzan. Kalean egon beharko zuketen akademikoak, beren lana aspaldi amaitu zelako. Baina beren plutokrazia sarea erabiltzen dute beren lana mantentzeko.

  • Xabi Amedo

    Parrafo hau barregarria da oso:
    “Bada hilabete erdi Jule Goikoetxeak euskarak ez gaitu euskaldun egiten, baginak emakume egiten ez gaituen bezala idatzi zuenetik Berrian. Aspaldian irakurri dudan esaldirik bikainenetakoa iruditu zitzaidan, ezpairik gabe. Euskalduntasuna ez baita biologikoa, egiturazkoa. Euskalduntasuna eraikia da, emakume eta gizon kondizioak bezala. Subjektiboa da euskalduntasuna, generoa subjektiboa den bezala. Azpeitiar-zentrismo batek deabrututa dabil asko. Euskara egituraz, esfortzu barik jaso duen berak ez du ulertzen nola egon litekeen euskaldun erdaldunik. Azpeitiarra bai euskalduna!”

    Euskalduna euskaraz mintzatu eta bere naziotasunaren kontzientzia duena da. Igokari hauek modan daude espainiar eta frantziar interesek bultzatua, bestela ez ziren EHUn horren promozionatu eta enpoderatuak egongo. Jendaila honek euskalduntasunari buruz gezurretan ari dira, honel beste 10-20 urte denbora gal dezagun estrategia antzuetan. Beno, orain badakit beraz noren iritziekin astirik ez galdu. Denbora EUSKALDUNON aurka doa eta.

    Euskalduna zer den guztiz desitxuratu eta aktibismo kapitalistak (ekologismoa, feminismoa…) barneratu espainiar eta frantziar okupazioak aurrera jarraitzen duen bitartean. Gu deusezten saiatu dira. Beti gu zatitu nahian ibili dira, eta baita lortu ere! Baina orain gainera GU kontzeptua suntsitu nahian daude.

    Igokariak jarraituz gora egiten duzu, baina gero erortzen uzten zaituzte.

  • Xabi Amedo

    Beraz bai, Garako erredakziokoak espainiarrak dira. Eta herri horietako gazte gehienak ere espainiarrak dira. Hala ez balitz, beste egoera batean geundeke. Postmoderno guzti hauek ez dute euren buruari galdetzen zergatik gauden desagertuak, zapalduak? Beraietz euskalduntzat duten hori, benetan euskalduna balitz, ez ginateke egoera honetan egongo.

    Gelditu zaitezte EHUn mesedez, ez zaitezte bertatik irten eta euskaldunon askatasunaren bidean agertu.

    • Batzuek ez dute onartu naiz bere buruaz beste egiten ari den herri zahar baten azken belaunaldiak garela, eta ostrukarena egiten dute euskalduntasuna “berdefinituz” eta “garai berrietara egokituz”, hau da: desitxuratuz, anbiguotuz eta azaleko estetika batetara mugatuz.
      Charles De Gaullek oso argi utzi zuen: “Ondo dago izatea frantziar horiak, frantziar beltzak edo frantziar beltzaranak. Horrek erakusten dio munduari Frantzia beste arrazetara irekia dagoela eta bokazio unibertsala duela. Baina baldintza batekin: gutxiengo txiki bat badira soilik. Horrela ez balitz, Frantzia ez litzateke Frantzia izango. Edozeren gainetik Europar herri bat da Frantzia, arraza zurikoa, kultura greko-latindarrekoa eta erlijio kristaukoa… nahikoa da txoxtolakeriekin”.
      Euskal Herria ez da orain 2 mende zen herri euskaldun hori, euskaldunak gutxiengoa gara, eta euskalduntasunaren definizioa zentzugabeki eraldatzeak ez du arazoa konponduko, soilik txoriburu batzuen kontzientziak arindu

  • Bitxia da euskalduntasuna birdefinitzeko sukar bero hau. Euskaradun elebakar asko eta asko egun biziko balitz, ez litzateke “euskaldun” gisa sailkatua izango postmodernia postabertzalearen irizpideon baitan.
    Orain arte, “euskalduntasun” kontzeptua batera eta bestera zabaltzeko ahaleginak EAJren ingurutik etorri dira, baina orain ezker abertzaletik datoz proposamenik bitxienak.
    Gero eta zailagoa dago euskaldun izatearena, hizkuntzazko eskakizunik ez, baina beste doai asko bildu beharra baitago.
    Ez dakit ez ote duen honek guztiak, euskararen berreskurapenaren erronkari uko egiteko aitzakia bilketaren usaina?

  • Jurgi Arruti

    Euskalduna da bere burua euskalduntzat duena. Hori baino gauza sinpleagorik ez dago. Hor amaitzen da eztabaida.

    Koherentea da bere burua euskalduntzat duenak euskara ikastea. Izango ez da ba! Norbera euskalduntzat duen hankabikoa erdal hiztuna denean, duda izpirik gabe, inkongruentzia latza dago hor, edo hezkuntza-sistema defizitario baten islada da. Hemen ez gara hori eztabaidatzen ari. Euskaldun sentitzen diren erdal hiztunenganako kritikak legitimoak dira. Legitimoak eta egin beharrekoak.

    Hala ere, eta debatea hor kokatzen da, hizkuntzak ez dizu identitate bat atxikitzen per se.

    • Ez. Nik bihar kolpe bat hartu eta Maltako Ordenako Printzea naizela uste badut ere, ez naiz Maltako Ordenako Printzea. Nik bihar erabaki arren japoniarra naizela, eta hau kontzientziaz sinistu arren, ez naiz japoniarra. Beraz badirudi ez dela horren sinplea.

      Ah ez, subalernoa banaiz eta kolpe bat jasotzen badut agian bai naiz euskalduna. Kolpe asko jasan ditugu hau sinisteko. Nora hostia goaz?

  • Euskalduna da bere burua euskalduntzat duen euskaraduna. Inon amaitzekotan, hor bukatzen da eztabaida. Gogo hutsak ez dizu izaera bat atxikitzen per se.

  • Jurgi Arruti

    Ea ba, nekeza da, baina hemen idazten duen batek horrelako erantzunei eurre egiteko klausula ez-idatzi bat firmatu ere egiten du-eta:

    1.- Kolpea hartzen baduzu buruan, kolpea hartu duzu buruan. Arrazoiketa-ahalmena, teorian behintzat, ezinbestekoa da gure sailkapenetarako. Bere buruaren jabe ez denak ordezkaritza-baliabideak izan ohi ditu. Umeek, “gaixo-mentalek” (ez zait batere gustatzen kontzeptu hori) etabar tutore eta zaintzaleengandik jasotzen dute pertsonifikazio politikoa.

    1.1 Bere burua euskalduntzat duten erdal hiztunek -ehun milaka direlarik- kolpea hartu dutela iritzi badiozu… Analisi deskriptibo bat egiteko ahalmen mugatua esango nuke nik, gutxienik.

    2.- Argi dago “gogo hutsak” ez dizula identitaterik atxikitzen. Horrek ez du baina, subjektiboa dena objektibo bilakatzen. Identitate subjektiboari estuki lotutako irizpide objektibo klasikoak daude. Hizkuntza irizpide objektibo garrantzitsua da, baina ez da bakarra: etnizitatea, lurralde jakin batekiko lotura, memoria historiko konpartitua, hazpegi kulturalak eta abar luxe bat dago hor. Suposatzen da subjektiboki nazio jakin bateko kide sentitzen denak onartzen edo betetzen dituela irizpide objektibo horiek hein batean. Bestela ez du zentzurik nazio/herri bateko kide sentitzeak. Irrazionala litzateke. Baina kaletik ea irizpide objektibo horiek betetzen al diren ala ez galdetzen joateak ez du zentzu handirik, norberak ikusiko du.

    3.- “Euskalduna da bere burua euskalduntzat duen euskaraduna”, diozunean, “euskaldun” adierari hizkuntza-gaitasuna atxikitzen diozu. Eztabaidatu beharko genuke, aurretik, “euskaldun” diogunean identitateaz ari garen, edo beste zerbaitetaz. Identitateaz ari baldin bagara, hizkuntza bigarren maila batera igarotzen da. Lotura dute hizkuntzak eta identitateak baina ez da gauza bera.

    4.- Ez da gauza bera, batik bat, deskripzio enpirikoan oinarrituta. Konturatzen baikara hizkuntzaren “betekizun” hori betetzen ez duen pertsona kopuru handia dagoela. Ez dira kasu bakanak. Aztertu beharko genuke gauzen egoera soziolinguistikoak zergatik ez duen aldairarik euskara hezkuntza-sisteman hedatzen doala jakinik etabar. Ulergarria da horrek kezka sortzea. Baina identitaea eta hizkuntza-gaitasunak ez dute ezinbestean elkarrekin joan beharrik, gaur egun.

  • Jurgi Arruti

    Habermasen Konstituzio-abertzaletasuna (`Patriotismo Constitucional´) ekarpen interesgarria da gai honetan dagoen aniztasunaren inguruan jakiteko. (Gazteleraz bakarrik aurkitu dut PDFa: http://www.google.es/url?sa=t&rct=j&q=&esrc=s&source=web&cd=4&ved=0CDQQFjAD&url=http%3A%2F%2Fwww.aecpa.es%2Fuploads%2Ffiles%2Fmodules%2Fcongress%2F10%2Fpapers%2F203.pdf&ei=XmuQVcXaOIflUZmFqIgI&usg=AFQjCNH9OjF3SNAjyb-VUOIViMYBqGBoeA&bvm=bv.96783405,d.d24).
    Nazionalismo kulturala/etnikoa vs nazionalismo politikoa/hiritarra ere interesgarria da. Bigarren adiera horri dagokionez, arau eta balio batzuekin ordezkatuta senitzea nahikoa da nazio bateko kide sentitzeko. Begiratu Estatu Batuak, bestela. Denak dira estatubatuarrak (american, chinese-americans, afro-americans, baina americans). Azken finean, norberak ikusiko du identitate konkreturik baduen, ala ez. Hautua erabat subjektiboa da.

  • Euskalduna: euskaraz dakiena

    Euskal herritarra: herritar sentitu eta herriaren alde jarduten duena. Herriaren aurka dagoena ez da euskal herritarra. Ezin daiteke espainiar herritar eta euskal herritar biak izan.

    Euskal Herrian bizi den hiritarra (ciudadano): Hiritartasuna estatuak ematen duenez “euskal hiritar” gure estatuak egingo gaitu. Gaur egun EHn bizi garen gehienok espainiar edo frantziar hiritarrak gara.

  • Euskalduna utz diezaiogun euskaradunari, eta Euskal Herritarra Euskal Herriari atxikitzen zaionari. Ados?

    • Guztiz ados!

      Euskal Herritarrak eta euskaldunak ez dira berdinak. Amaia Montero Euskal Herritarra izango da, baina ez da euskalduna!

      Gazteleraz hitz egiten duten guztiak ez dira españolak: kubatarrak, peruarrak, ekuatoriarrak…ere dira. Ba euskararekin berdin.

  • Hizkuntza ez dizu identitate bat atxikitzen perse, baina ez dut ezagutu Espainiar identitatea duen Frantses Elebakarrik, ta gutxiago Gaztelera ez dakien Espainiar NAzionalistarik, egongo dira agian, baina nik ez ditut ezagutu.
    Besteak nahi dutena errateko, Euskara jakin barik niretzako inor ez da Euskalduna, hemengo biztanlea bai, Euskalduna ez.

  • Euskaldun bat 2015-07-16 16:10

    Euskal idazle bati entzun nion behin (ez nago ziur zein zen) Nafarroako Aoiz herrian banku batean eserita jubilatu pare bat omen zeuden burua botata denbora pasa ezinik. Beraiekin hizketan hasi omen zen eta bataz eta besteaz hitz eginez, euskaraz hitz egiten ba al zekiten galdetu omen zien jubilatuei eta hauek, “no, no, nosotros no somos vascos” erantzun omen zioten, “nuestros padres sí, nuestros padres sí eran vascos, sabían euskera” gehitu omen zuten. “Jubilatu hauek argi zuten zer zen euskaldun izatea” esaten zuen idazleak, eta “definizio hori ez zuten liburuetatik hartu, bere aurrekoen tradiziotik baizik”.
    Orain arte inolako zalantzarik sortzen ez zuten definizioak nahasteko nahia badute pertsona ugarik, tartean artikulu honen egileak. Eta intelektualismo barniz kapa bat itsatsi nahi izaten diete beraien ideiei, Habermas, hau eta bestea aipatuz. Ulertzen dut batzuk euskaldunen kopurua nabarmen handitzeko gogoa izatea egoera arindu nahian edo. Baina beren buruak engainatzen dabiltza eta besteak nahastu nahirik. Egoera dena delakoa da, ez gaitezen engainatu. ETB2 ere burubelarri saiatzen da euskara jakin gabe ere euskaldun peto-petoa izatea posible dela sinestarazi nahian, espainieran oinarritutako euskal identitatea sortzen. Etxeko balkoian ikurriña eta Euskaraz Bizi Nahi dut jartzeak, atez atekoaren alde egon eta presoen aldeko manifestazioetara joateak, tabernan lagunen artean hitz egitean PPkoei buruz “putos fatxas” eta antzekoak esateak ez dute pertsona bat euskaldun egiten, batzuk hala uste badute ere.
    Dena dela, artikulu honen egilea protagonismo bila besterik ez dabil, beraz ez dakit hainbeste iruzkin merezi dituenik ere.

  • Bat nator. Maimonides baino ez da falta euskaldunatsuna birdefinitzeko saiakera festa honetan. Irrigarria ere bada, zeuk esan bezala, herritar xeheek ere, Maimonidesen arrastorik ez duten horiek, ondotxo zekiten atzo arratsaldera arte, euskaldunak edo baskoak nortzuk ziren. Eta bai, Nafarroan oso argi azaltzen zen hori. Areago, Erriberan-eta, Iruñetik gorakoei esaten zitzaien “vascos”, ustez horiek denak euskaldunak zirela (gizagaixoak).
    Bestalde, bere burua nafar eta español-españoltzat duten euskaradunak, zer dira? Ez dira euskaldun? Iparraldeko euskaradun frantses nazionalista petoak ere ez?
    Leitzako Zubitur fatxa euskaraduna ez, baina Agoizko Patxi Eugi erdalduna bai?
    Boiseko euskaradun iperamerikanuak ez, baina Urquijo antieuskalduna bai?
    Eta hori, feminismoa, ekologismoa, elkartasuna eta beste azken orduko “betekizunak” alde batera utzita.
    Mesedez…

  • Baina gu subalternoak gara: estaturik ez dugunez delimitatzen ez dakigun lur zati bateko komunitatearen zati baten nazio gradatu baten partaideak gara. Subalternitateak kaka bakarrik suposatzen du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude