Euskalduna, publikoa eta berdinzalea

Euskalduna, publikoa eta berdinzalea –

Miren Gorrotxategi, Isabel Gonzalez eta Iñigo Martinez Zaton, Elkarrekin Podemos-IUren legebiltzarkideak, BERRIA egunkarian.


Azkenaldi honetan, euskal gizarteak bere hezkuntza sistemaren oinarriak ontzen dihardu. Une historiko honen atarian, Elkarrekin Podemos-IUn erantzukizun osoz jardun nahi dugu egiteko horretan. Izan ere, espero den hezkuntza hitzarmenak geroko legearen zutabe sendoa izan behar du, nagusi den eskola segregazioari aurre egiteko; ikastetxe publikoak era progresiboan hezkuntza sistemaren ardatz bihurtzeko; euskalduntze eraginkorraren aldeko sareak ehuntzeko; hezkuntza komunitatearen partaidetza demokratizatzeko; eta, oroz gainetik, euskal gizartearen aniztasunari erantzun egokia emateko.

Euskalduna, publikoa eta berdinzalea
Arg: Eusko Legebiltzarra

Hartara dator, hain zuzen, plazaratu dugun dokumentu irekia, euskal eskola publiko integral eta berdinzale baterako 80 neurri jasotzen dituena, zeinaren bitartez zehaztasun handiagoko eztabaida bati bide eman nahi baitiogu. Bertan bildu ditugu hezkuntza hitzarmenak ezinbestean jaso beharreko zenbait ardatz.

Eskola segregazioaren aurkako eta hezkuntza ekitatearen aldeko ituna.Hezkuntza ponentziatik atera diren ondorioak argiak dira: eskola segregazioa da euskal hezkuntza sistemak duen arazo nagusia. Maila sozioekonomiko urria eta atzerriko jatorria duten ikasleak eta hezkuntza premia bereziak dituztenak ikastetxe publikoetan metatzen dira eta, ondorioz, aukera berdintasunean hezteko dagokien eskubidea nabarmen murrizten da.

Gure ustez, beharrezkoa da ikasleen heterogeneotasuna ontzat ematea; hau da, ikasleei nahasteko, elkar ezagutzeko eta elkarri eragiteko aukera eman behar diegu. Egoera berri horri bide eman nahian, matrikula egiteko eskualde zein udal mailako bulegoak soilik sortzea proposatzen dugu, batik bat, plazen esleipena era orekatuan egin dadin eta hautaketa prozesu informalak saihets daitezen. Era berean, ustez borondatezkoak omen diren kuotak amaitu beharra dago, funts publikoekin mantendutako ikastetxe guztietan irakaskuntzaren doakotasuna bermatzeko asmotan. Oso lagungarria izango da segregazioaren euskal behatoki bat sortzea, ikastetxeen osaera sozialari buruzko urteko txostena prestatuko duena, eskola segregazioaren ezagutzan sakontzeko. Azken batean, jaiotza tasaren jaitsiera eta, beraz, matrikulazioen beherakada, eskolaren eskariaren eta eskaintzaren arteko oreka berreskuratzeko erabili behar dira; izan ere, gaineskaintza egoera baten aurrean, beti egongo da bereizketarako joera handiagoa. Beraz, uste dugu beharrezkoa dela ikasgelarik ez ituntzea sare publikoak eremu jakin bateko eskaria bere gain har dezakeenean.

Euskal eskola publikoa, sistemaren ardatz. Azken ideia horri jarraikiz, postura irmoa egiten dugu sare publiko integrala era progresiboan garatzearen alde, horrela baino ez baitiogu amaiera emango orain daukagun ohiz kanpoko bikoiztasunari, egungo egunean sare publikoak eta sare itunpeko/pribatuak %50ean banatzen baitute ikastetxeen titulartasuna. Ikastetxe publikoek euskal hezkuntza sistemaren ardatz izan behar dute, eta, horrenbestez, Elkarrekin Podemos-IUn ikastetxe horiek hamar urteko epean sare hegemoniko bihur daitezen proposatzen dugu.

Euskara eta hizkuntza eredua. Era berean, lantzen ari garen hezkuntza eredu berri honek ezin du atzean utzi euskal gizartea euskalduntzeko erronka, euskara, euskal herritarrak bereizi beharrean, elkarrengana bildu egiten dituen tresna gisa ulertzen dugun heinean. Izaera bateratzaile horren isla da migratzaileen seme-alaba gehienek D ereduan ikastea.

Egia da, hala ere, hizkuntza ereduen oraingo sistema eskolan segregazioa sortzen duen faktorea ere badela. Horri erantsi behar zaio euskara ardatz gisara ez duten hizkuntza ereduak ez direla eraginkorrak izan euskalduntzea behar bezala gauzatu eta emaitza akademiko onak lortzeko. Horrexegatik, Elkarrekin Podemos-IUn sistema zatikatu hori gainditu eta euskara ardatz izango duen hizkuntza eredu eleaniztun bakarraren alde egiten dugu, ikasleek komunikaziorako gaitasun baliokideak lor ditzaten bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz zein gaztelaniaz (B2 maila), eta, gainera, hirugarren hizkuntza ikas dezaten (B1 maila) derrigorrezko hezkuntza bukatzerako, ahaztu gabe horretarako hezkuntzaren eremuaz gaindi ere aurrerapen soziolingustikoak egitea ezinbestekoa dela.

Eskolaren ebaluazio diagnostikoaren emaitzak aintzat harturik, ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua sortu eta gauzatu beharko du, euskararen ezagueran eta erabileran daudekeen gabeziak osatze aldera, hizkuntzari dagokionez aski egoera ezberdinak aurkitzen baititugu ikastetxe batetik bestera, eta ezberdintasunak berdintzera jo behar dugu, noski.

Honenbestez, argi utzi nahi dugu euskal hezkuntza sistema berria arestion azaldu ditugun zutabeetan sostengatu behar dela, eta zutabe horiek zabalago eta sakonago aditzera ematen ditugula prestatu dugun dokumentuan. Hain zuzen ere, dokumentuaren izenburuak ederki laburbiltzen du Elkarrekin Podemos-IUk euskal hezkuntzaz duen definizioa: 80 proposamen euskal eskola publiko integral eta berdinzale baterako.

Euskalduna, publikoa eta berdinzalea Euskalduna, publikoa eta berdinzalea Euskalduna, publikoa eta berdinzalea Euskalduna, publikoa eta berdinzalea

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Euskalduna, publikoa eta berdinzalea”-ri buruz

  • Ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektu sortu eta gauzatzea: etorkinek erdarak pisu handiagoa duten ikastetxetan aukeratzen jarraituko dute, integrazio arazoak eta segregazioa konpondu gabe, eta euskararen gainbeheran sakontzen.

    Artistak zarete Podemos.