Euskal Telebista ez da euskal telebista, Troiako zaldi bat baizik

Euskal Telebista ez da euskal telebista, Troiako zaldi bat baizik –

Mikel Amilibia eta beste zazpi sinatzailek, Gure Berriak atarian:

Donostiako lagun talde bat gara, eta, Iñigo Larramendik aurreko batean jarritako puntuari helduz edo (hobeto esanda) haren idatziaren osagarri, zuen webgunean honako hauek plazaratzea nahiko genuke, asko eskatzea ez bada.

Troiako zaldi erabatekoa

Euskal Telebista ez da euskal telebista, Troiako zaldi bat baizikETB ikusteko telebista pizten dugun aldiro, Espainiak isilarazitako Egin egunkariaz Juan Mari Atutxa Herrizaingoko sailburu izandakoak botatako esaldi bat etortzen zaigu gogora, EITBri egokituta: egunero-egunero, bonba bat lehertzen da Euskal Herriaren bihotz-bihotzean. Zergatik ote?

Ia programazio guztia dago espainolismoaren ikuspegiaz kutsatua ETBn: albistegiak, solasaldiak (eta solaskide guztiak!), kirol-emankizunak, lehiaketak, dokumentalak… Espainiako Estatua da erreferentzia eta neurria, denik eta kontu xumeenean ere. Honelakoak behin baino gehiagotan entzungo dituzue albistegietan: “Halako musika-taldeak estatuan emango duen kontzertu bakarra izango da BECekoa”. Estatua diotenean Espainiakoaz ari dira, gurea balitz bezala, eta ez dakigu Euskal Herrian beste kontzerturik emango duen dena delako musika-taldeak. Adibide bat baino ez da.

Errealitatea espainolen betaurrekoekin ikustera behartzen gaitu, Tú al norte y yo al sur programaren izenburuak bere garaian argi eta garbi salatu zuen moduan.

Hurrena, Greta Thunberg Madrilera “etorri” dela entzungo duzu. Alegia, Madril hemen da.

Orain berri, Antton Telleriari entzun diogu Xabier Amurizari xalo-xalo esaten, bestela bezala, Gure kasa programan: “Demokrazia iritsi eta Juan Carlos I.ak bisita egin zigun euskaldunoi 1981eko otsailaren 4an. Alegia, ez badakizue, demokrazian bizi gara Espainiaren menpeko euskaldunok ere! Txalo bero bat, Telleria.

Roxette musika-taldeko kantari Marie Fredrikssonen hil-berria ETB1 katean ematean: “Taldeak egundoko arrakasta izan zuen, eta gaztelaniaz ere grabatu zituen bere kantu arrakastatsuak”. Zer dela-eta azaldu euskaldunoi Roxettek espainieraz ere grabatu zuela? Jakina, espainiera gurea da. Espainiak kolonizatutako burmuinei bakarrik bururatuko litzaieke hori aipatzea.

Pozoi horren adibideak hamaika dira egunero, eta euskarazEuskaraz ere euskararen eta Euskal Herriaren kontra egin daitekeelako froga argia da gaur-gaurkoz EITB. Recep Tayyip Erdogan presidentea ere ibili zen Turkian kurduerazko telebista bat sortu ez sortu: EITBren moduko zerbait sortzea izango zuen buruan, noski. Ez dakigu zertan den kontua.

Estatistikak ere nola ematen ditu? Espainiatik etortzen diren etorkinek aspaldi utzi zioten etorkin izateari EITBrentzat. Orain, Afrikatik, Amerikatik, Asiatik eta Europako Ekialdetik etortzen direnak bakarrik omen dira etorkin. Euskal Herrira etortzen diren turisten artean ere, “atzerrikoak eta [Espainiako] estatukoak” bereizten ditu, espainolak atzerritarrak izango ez balira bezala.

Euskaraz filmak ematea noiz debekatu zion bere buruari? Itzulpen eta bikoizketa egokiek edozein hizkuntzari ekartzen dioten onurarik ez euskararentzat eta euskal zinemazaleen belarrientzat. Bitartean, programa askotako euskara ezin pobreagoarekin etsi behar dugu. Espainieraz, berriz, nahi beste film. Hori bai, ez zaie bururatzen erdarazko film horiei euskaraz azpitituluak jartzea (zertarako!?, pentsatuko dute). Euskararen eta erdararen arteko desorekak ere aspaldi salatu zuen etxe hori gobernatzen dutenen borondatea eta erdaltzaletasuna. Euskararentzat, betelana eta errepikapenak; erdararentzat, berriz, dirua barra-barra. ETBren arduradunen jokabidea ikusita, goxoak daude bikoizle euskaldunak. Bikoizle erdaldunek, berriz, egundoko pagotxa daukate harekin.

Zer esan ETB2 kateaz? Halako munstro espainolik! Eta euskalduntze berantiarraren teoriaz? Hor ere Euskal Herriaren kontrako beste fronte bat dauka zabalduta. Aspaldi baztertutako teoria hori lau haizetara zabaltzen tematu da, telepredikatzaile baten eskutik, eta arrakasta izaten ari da (arrakasta, jakina, endreda-makilen ikuspegitik ikusita).

Maite Iturbe andrea, Gernikako estatutuko zer artikulutan jartzen du hain espainol jokatu behar duzuela?

Inoiz azterketa serio bat egiten bada, agerian geratuko da EITBk erdaldunak euskaldundu baino euskaldunak erdaldundu dituela gehiago, erdara eta espainolen mundu-ikuskera Euskal Herriko azken txokoraino eramanez.

Euskararen kalitateari dagokionez, utzikeria handia sumatzen dugu (sentitzen dugu, Larrinaga jauna, baina hala iruditzen zaigu guri eta beste askori): edozein zirrikitutatik sartzen da sasieuskara. Atal berezi bat merezi du kontuak, eta beste baterako utziko dugu, ez garrantzi gutxiago daukalako, alderantziz baizik: berebiziko garrantzia dauka, baina luzeegi joko luke, orain iritzi-artikulu honetan horretaz hasiko bagina.

ETB ez da bere izenaren jabe. Izena eta izana ez datoz bat. Alegia, Euskal Telebista ez da euskal telebista, Troiako zaldi bat baizik (beste bat, egiari zor; hainbeste dauzkagu herri honetan), herri zahar hau egunero kate berriz bere zapaltzaileekin lotzen duena.

Zaila bada ere, ez genuke asaldatu behar. Izan ere, errua gurea da, gurea uste izan dugulako etxe hori, baina ez da, eta kukuak oker jo digu. Hortxe dago koska: Jaurlaritzaren menpeko erakunde bat da, eta Jaurlaritza, berriz, Espainiako Estatuaren adar bat. Nekez etor daiteke hortik herri honek behar duen telebista. Jakina, tarteka goxokiren bat edo beste eman behar digu gurea dela sinetsarazteko. Saia gintezke telebista espainol hori hobetzen (helburu zintzoa da eta zerbait lor daiteke), baina ez ote da eraginkorragoa garbi azaltzea telebista hori ez dela “gure”, eta gurea (ez beste bat) sortu behar dugula? Indarrak gurea sortzen jarriko bagenitu, EITBn agintzen dutenek beren burua beharturik ikusiko lukete EITB hobetzera. Eta, agian, berandu iritsiko lirateke. Ederra, hala balitz! Alegia, kontraesana badirudi ere, EITB euskalduntzeko erarik onena EITBz ahaztu eta gurea sortzea litzatekeela.

Euskal Herriak behar duen telebista lortuko badugu, Espainiaren eta Frantziaren sistemetatik kanpo sortu beharko dugu ezinbestean. EITBrekin jai dago.

Euskal Telebista ez da euskal telebista, Troiako zaldi bat baizik
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

5 pentsamendu “Euskal Telebista ez da euskal telebista, Troiako zaldi bat baizik”-ri buruz

  • “Euskaraz filmak ematea noiz debekatu zion bere buruari? Itzulpen eta bikoizketa egokiek edozein hizkuntzari ekartzen dioten onurarik ez euskararentzat eta euskal zinemazaleen belarrientzat”. “ETBren arduradunen jokabidea ikusita, ‘goxoak’ daude bikoizle euskaldunak. Bikoizle erdaldunek, berriz, egundoko pagotxa daukate harekin”.
    Guztiz ados!!!

  • Ados euskararen kalitatearen eta kantitatearen inguruan diozuenarekin; ez hainbeste errealitatetik kanpoko fikzio bat sorrarazteko egiten duzuen exijentziarekin. Espainar herritarrak gara, Espainiaren errealitatean bizi gara, eta ez dut uste telebista publiko baten lana denik egia hori ezkutatzea eta beste errealitate imajinario bat sortzea jendearen irudimen-adimenetan.

  • Astaputz, ETB1en ikusle potentzialak Euskal Herri osoko euskaldunak dira. Euskaldunen komunitate bat dago, beraz, espainola (soilik) ez dena. Hori ez da fikzio bat, errealitate historiko bat da, oraindik existitzen dena, zure atsekaberako. Espainian ardaztutako erreferentzia-marko hori inposatzen tematzeak helburu politiko bati erantzuten dio: komunitate euskaldunaren erreferente propioak eta komunitatea bera suntsitzea. Hain justu zu bezalako sasieuskaldunok lortu nahi duzuena, Troiako zaldi alaena!

  • EiTBk bizkarra erakusten die euskal sortzaileei, eta erdal kulturaren, bereziki musika ingelesaren, sustatzaile amorratua da. Baina ez da ezer gertatzen. Euskaldunak lo edo koma sakonean gaude antza.

  • euskaldunbat 2019-12-20 17:48

    Gure Berriak-ekoek beti bezain mingarri diren egiak esaten. Hain da tristea eta inpotentzia hain handia, milaka urteko gure herri maitea begien aurrean desagertzen ikusteak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude